Arnaitz GORRITI
SASKIBALOIA

AS Monako: Mike James baino gehiago izango du aurrean Baskoniak

«Lauko Finala jokatzeko hautagaia» dela adierazi du Joan Peñarroyak. Hala, Baskoniako jokalari ohiaz gain, jokalari gehiago ere aintzat hartu behar dira.

Donta Hall, Baskoniaren iazko borreroa.
Donta Hall, Baskoniaren iazko borreroa. (EUROLEAGUE BASKETBALL)

«AS Monako ez da Euroligako talde historikoetako bat, baina bai Lauko Finala jokatzeko pentsaturikoa. Ez diot zortzi onenetan sartzeko, Lauko Finalera sailkatu eta berau irabazteko pentsaturikoa baizik», adierazi zuen Joan Peñarroya Saski Baskoniako entrenatzaileak, Monte-Carlora joan eta hango taldearen aurka (gaur arratsaldean, 19.00etan hasita) jokatu bezperan.

Baskonia zalearentzat Mike James da talde honen erreferente ia bakarra. Azken baten, 2015ean Baskoniara iritsi zenean, Mike James ez zen inor Europako saskibaloian, baina zazpi urte hauetan Euroligako erreferente nagusienetako bat bilakatu da. Panathinaikos, Milano, Moskuko CSKA eta orain Monako zapaldu ditu antolatzaile estatubatuarrak, eta entrenatzaileekin -dela Messina, dela Itoudis, dela Zvezdan Mitrovic...- makina bat tirabira izan baditu ere, inor gutxik jartzen du bere lidergoa zalantzan.

«Demagun markaketa berezia egiten diogula Mike Jamesi. Elie Okobok ezin diezaguke kalte egin? Jordan Loydek ez al digu minik emango? Ezin gara Mike Jamesi buruz bakarrik mintzatu. Aparta da, baina taldea Lauko Finala irabazteko eraiki dute, eta ezin gara jokalari bakarrean zentratu», errepikatu zuen Peñarroyak.

MARTXOKO ESKARMENTUA

Euroligako zazpi jardunaldi pasatu direnean, batez beste 20 puntu, 3,4 errebote, 3,4 asistentzia eta osturiko 1,9 baloi pilatzen ditu Mike Jamesek. Ondorioz, bistan da Portlandeko antolatzailea dela AS Monakoren erreferente nagusia.

Baina joan den martxoaren 25ean jazo zena ez da ahaztu behar. Saski Baskoniak Euroligako Top 8an sartzeko aukera izan zuen, eta azkenean atarian geratu zen, aukera matematikorik gabe, Monte-Carloko Salle Gaston Medecin pabiloian 78-68 galdu ostean.

9 puntu ziztrin, 4 errebote eta beste 4 asistentzia pilatu zituen Jamesek, baina Donta Hall edo Alpha Diallo moduko bigarren lerroko jokalariak izan ziren borrero. Alferrik igaro zen Baskonia 57-36 galtzetik 69-62ra. James baino gehiago zela erakutsi zuen Monakok.