Amagoia MUJIKA
DONOSTIA

Hamalauna bertso, hamalauna urrats, Iruñeko finalerako

Bertsolari Txapelketa Nagusia finalerdien bigarren itzulian sartuko da gaur, Amurrion. Bertsolari bakoitzari hamalau bertso falta zaizkio Iruñerako bidea marrazteko.

Oso jendetsua izaten ari da txapelketa. Irudian, Durangoko Landako Guneko saioa.
Oso jendetsua izaten ari da txapelketa. Irudian, Durangoko Landako Guneko saioa. (Jon URBE | FOKU)

Abenduaren 18a gero eta gertuago, kinielak irekita, bertsozaleak aztoratuta eta bertsolariak estu. Final usaina igartzen da dagoeneko. Gaur arratsaldean Amurrioko Bañueta kiroldegian txapelketak martxa bat gehiago sartuko du. Finalerdien bigarren itzulia abiatuko da.

Puntuak puntuen gainean, abenduaren 18an Nafarroa Arenan abestuko dutenen zerrenda ixten hasiko da. Lehen itzuliko eta bigarren itzuliko puntuak batuta zehaztuko dira finalistak. 2017ko txapelketan Unai Agirrek erosi zuen finalerako azken txartela 1.363,5 puntu batuta bi finalerdietan; saioko 681,5 puntuko batez bestekoarekin. Aurten zehazteko dago zenbat puntu kostatuko den finalerako txartela.

Hemezortzi bertsolari arituko dira finalerdien bigarren itzulian, hamar gizon eta zortzi emakume. Txapelketan abiatu ziren emakumeen %53k baino gehiagok jarraitzen dute trenean. Eta finalaurrekoetan sartu zirenen artean %80k lortu dute bigarren itzulira pasatzea. Gainontzean, uneotan 35 urtekoa da parte-hartzaileen batez besteko adina. Finalerdietan bertsolari gazteena Joanes Illarregi izango da (Leitza, 1999) eta zaharrenak, berriz, Unai Agirre (Hernani, 1975) eta Aitor Mendiluze (Andoain, 1975).

Aldaketak ofizioetan

Finalerdien bigarren itzulian aldaketak izango dira egin beharreko ofizioetan. Orain arte ez bezala, hamarreko txikian abiatuko dute saioa bertsolariek. Normalean zortziko handian hasten dira eta saioa desberdin hasiko da, beraz. Zortziko handian hastera ohituta daude bertsolariak eta lehen ale horietan saiatzen dira plazari neurria hartzen. Ea hamarreko txikian nola kokatzen diren.

Ondotik etorriko dira zortziko handia eta zortziko txikia. Fase honetan ez da seiko motzeko ariketarik izango, ezta puntuka binaka osatu beharreko ofiziorik ere. Aurreko fasean zeresana eman du binakako puntukako ariketak, bikote askok ez dutelako asmatu ariketari nahi adina distira ateratzen.

Fase berrian ganbarako ariketan erantzun beharko diete bertsolariek bi punturi. Puntu berak izango dira bertsolari denentzat, orekatua izango da hortik begiratuta. Eta, seguru asko, interesgarria izango da bertsolari bakoitzak puntu horiei zer punta ateratzen dien ikustea. Bukatzeko, gaia emanda, ganbaran hiruna bertso osatu beharko dituzte.

Epaile taldea ere aldatu egingo da fase honetan. Zazpi epaile arituko dira bertsolarien lana puntutan jasotzen. Honakoak: Ainhoa Sarasua, Aitor Jimenez, Amaia Otxotorena, Iñaki Aurrekoetxea, Mirari Azula, Nerea Bruño eta Zigor Leunda.

10.000 lagunetik gora

Txapelketa jendetsua izaten ari da aurtengoa, bertsozale asko ari da mugitzen plazaz plaza eta sumatzen da bertso gosea dagoela. Berez iaz zen jokatzekoa txapelketa nagusia, baina pandemiak plaza makaldu zuen eta urtebetez hitzordua atzeratzeko erabaki hartu zuen Bertsozale Elkarteak. Aurtengoan, orain arteko saioetan 10.000 lagun baino gehiago mugitu dira. Irungoa izan da saio jendetsuena, 2.500 ikuslerekin. Finaleko sarrerak ere aspaldi daude agortuta.

Esandakoa, arnasa sakon hartu eta badoa txapelketa aurrera, begia abenduaren 18ko Iruñeko finalean ezarrita. Bihar Amurrion, honako seikotea arituko da: Agin Laburu, Aitor Bizkarra, Alaia Martin, Miren Artetxe, Oihana Iguaran eta Onintza Enbeita.

Alaiak, lehen bueltan pilatutako 729,5 punturekin, begirada Iruñerantz jartzeko modua dauka, baina Amurrion ere lana egin beharko du puntu sorta poltsikoratzeko. Oihana Iguaran eta Aitor Bizkarra ere ez daude toki txarrean, puntu sorta polita daramate poltsikoetan horiek ere.

Beste bi finalaurrekoak Baionan (azaroaren 26) eta Bilbon (abenduaren 3) jokatuko dira. Baionako seikotea, honakoa: Beñat Gaztelumendi, Eñaut Martikorena, Julio Soto, Nerea Ibarzabal, Sustrai Colina eta Unai Agirre. Eta Bilboko plazan azken finalerdian arituko den seikotea, hauxe: Aitor Mendiluze, Amets Arzallus, Joanes Illarregi, Jone Uria, Maddalen Arzallus eta Saioa Alkaiza.

Hautagai asko daude finalerako eta zazpi aulki huts bakarrik. Hortxe koska.