Dabid LAZKANOITURBURU

Ipar Koreako erregimenak ez du misil jaurtiketetan atzera egiteko inolako asmorik

Ipar Koreak kontinentearteko misil balistiko bat jaurti zuen atzo Japoniarantz. Misilak 1.000 kilometro zeharkatu eta AEBetara iristeko ahalmena duela erakutsi zuen. Washingtonek aire-maniobra berriekin eta eskualdeko aliatuak bilduz erantzun zuen. Mosku urduri agertu da eta diplomaziari eusteko eskatu du.

Misil jaurtiketari begira Seulen.
Misil jaurtiketari begira Seulen. (Anthony WALLACE | AFP)

Ipar Koreako erregimenak irismen handiko kontinentearteko misil balistiko bat jaurti zuen Ekialdeko itsasorantz (korearren Japoniako itsasoaren deitura). Hego Koreako Armadak ziurtatu zuenez, «Piongiango hiriburutik gertu den Sunanetik atera da».

Azken asteetan ia eguneroko kontu bilakatu dira misil jaurtiketak. Horietako bat Hego Koreako uretan erori zen, 1953an Koreako Gerra amaitu zenetik lehena. Azaroaren 2an 23 misil jaurti zituen egun bakar batean, 2017. urte osoan baino gehiago.

Seulek, Washingtonek eta Tokiok ziurtzat jotzen dute Ipar Koreak laster proba nuklear bat egingo duela.

Oraingoan, ordea, eta Tokiok ziurtatu zuenez, misilak 1.000 kilometro inguru zeharkatu zituen, 6.000 metroko altueran, eta Japoniako Armada ez zen saiatu airean suntsitzen. Antzeko beste misil bat jaurti zuen urrian.

Hokkaido uhartetik gertu, Japoniako eskualde ekonomiko esklusiboan, itsasoan erori omen zen ICBM motako misila, Ipar Koreako armategiko bortitzenetarikoa. Tokiok ohartarazi duenez, misilak Ameriketako Estatu Batuetaraino iristeko ahalmena izango luke. Azaroaren 3an beste IBCM misil bat jaurti zuen Piongiangek, baina Seulen eta Tokioren arabera, jaurtiketak kale egin omen zuen.

Irismen hain handiko misilak jaurtitzeko luzamendua eten egin zuen Ipar Koreak 2017an, Donald Trump orduko presidentearekin izan zen krisialdiaren une gorenean.

AEBetako Armadak eta Hego Koreakoak Japoniako itsasora bonba gidatuak jaurti zituzten F-35 ehiza-hegazkin bonbaketariak erabiliz, eta beste aire-maniobra batzuk egin dituzte jaurtiketatik ordu gutxira.

Etxe Zuriak gogor gaitzetsi zuen proba hori Bangkoken (Thailandian) ospatzen ari den Asia-Pazifiko (APEC) gailurrean egin du Piongiangek. Bertan izanik, Kamala Harris AEBetako presidenteordeak premiazko bilera egin zuen Japoniako, Hego Koreako, Kanadako, Australiako eta Zeelanda Berriko goi agintariekin.

Denak bat etorri ziren Ipar Korearen aurka presio handiagoa iragartzean. Eta bere zazpigarren proba nuklearra egingo balu, «irmo eta sendo erantzungo» dutela ohartarazi dute. Bide batez, Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseilua biltzeko asmoa agertu dute. Maiatzean Txinak eta Errusiak betoa ezarri zioten AEBek Ipar Koreari zigorrak areagotzeko ebazpenari.

AEBek, Hego Koreak eta Japoniak maniobra militarrak egiteari ekin diote azken hilabeteetan. Lehen bi herrialdeetako armadek orain arteko aire-ariketarik handiena egin dute urrian eta azaroa hasieran. Ipar Koreak gaizki hartu ditu indar erakustaldi horiek eta atzean bere lurraldea inbaditzeko edota erregimena aldatzeko saiakera ikusten du.

Choe Son Hui Piongiango Kanpo Arazoetarako ministroak ohartarazi duenez, Washingtonen, Seulen eta Tokioren itun militarrak «sumaezina den egoera batera eraman dezake Koreako penintsula».

Errusian kezka

. Egoera oso kezkagarria dela ohartarazi du Serguei Riabkov Errusiako Kanpo Arazoetarako ministrordeak, baina AEBei egotzi die tentsioa areagotzearen erantzukizuna. «Badirudi Piongiangen pazientzia probatzen ari direla», gaineratu du.

Aste honetan bertan Joe Biden presidenteak dei egin dio Xi Jinping Txinako agintari gorenari Ipar Koreari presio egin diezaion. Ez dirudi kasu handirik egin dionik. Ez duelako nahi edo, berak dioenez, ez duelako eragin handirik Piongiango agintariengan. Ziur?