Maider IANTZI GOIENETXE
MUSIKA BULEGOAREN EKITALDIA

LGTBIQ+ kolektiboaren eta musikaren lehen topaketak

LGTBIQ+ kolektiboaren eta euskal musikaren lehendabiziko topaketak egin zituzten atzo eta herenegun Donostiako Tabakaleran, Musika Bulegoak antolatuta. Ez dago gurean halako hausnarketa espaziorik musikarientzat eta sektoreko eragileentzat. Bidea dago egiteko, baina ekitaldi hau urrats bat izan da musika beste begirada batez ikusteko.

Izei Etxeberria, Jokin Esnaola eta Kattalin Miner, mahai inguru batean.
Izei Etxeberria, Jokin Esnaola eta Kattalin Miner, mahai inguru batean. (Maialen ANDRES | FOKU)

LGTBIQ+ kolektiboko pertsonen eta musikaren, bereziki euskal eszenaren, lehendabiziko topaketak egin zituen Musika Bulegoak atzo eta herenegun Donostiako Tabakaleran, LGTBIQ+ musikarien eta sektoreko eragileen egoera ikusaraztea, euren lana bultzatzea eta kolektibo honen inguruan sentsibilizatzea xede hartuta.

Bi solasaldi aukeratu ditugu erakusgarri gisa. Lehena, agertoki eta plaza seguruena. Kattalin Miner, Ehiera kooperatibako kidea eta militante transmarikabollo eta feminista, eta Izei Etxeberria, Armairu gabeko gazte jardunaldien antolatzailea eta Gehituko aktibista, mintzatu ziren bertan, Jokin Esnaola elkarte honetako koordinatzaileak proposatutako galderen inguruan.

Minerrek azaldu zuenez, kolektibo zapalduek beren artean lasai egoteko sortzen dituzte espazio seguruak. Erasorik gabeko guneak dira, baina ez hori bakarrik: badakite ez dutela epairik edo bortxarik jasoko beren adierazteko moduarengatik. Etxeberriak erantsi zuenez, horretarako beharrezkoak dira babes sare bat eta zaintza. «Gune hauek etengabe eraikitzen ari dira. Hautsi daitezke, eta, hori gertatzen denean, garrantzitsua da ikusaraztea eta esku hartzea berriro eraikitzeko».

Eiherako kideak aurreko asteburuan aspaldi gertatu gabeko gauza bat bizi izan zuela kontatu zuen: taberna bateko atezainak ez zion sartzen utzi. Zergatik? «Zortzi bollera ginelako; eta ‘rara avis’ modukoak izango ginela intuitzen zuten. Kaña bat hartu, besterik ez genuen nahi!». Erreklamazio orriak eskatuz erantzun zuten. Norentzat dira seguruak arauaren barruko espazioak? «Gizon zis heterosexualentzat, hortik kanpo gauden guztientzat ez, eta asko gara. Beste gauza bat da disfrutatzen jakitea», argitu zuen hernaniarrak. «Bollerentzat ez dago giroko tabernarik aspaldian Donostian; armairutik atera nintzenean bazen zirkuitutxo bat, gaur egun ez», esan zuen.

«Neurodibergentea naiz, zehazki autista, eta nire errealitatea oso gutxi izaten da kontuan espazio seguruak eraikitzerakoan», adierazi zuen Etxeberriak. Aniztasuna aintzat hartu behar dela defendatu zuen.

LGTBI komunitateak plazera aldarrikatzeko izan duen gaitasuna txalotu zuen Minerrek: «Festa guk baino hobeto gutxik egingo du. Zerbait ukatzen dizutenean, egiten duzunean dena ematen duzu, asko disfrutatzen duzu eta horretaz ere ikas dezakezu. Gozatzeko aukera edukitzea ere bada espazio segurua».

Emantzipaziorako

Bertze mahai inguru batean, nazioarteko bi gonbidaturi egin zizkien galderak Mikel Chamizo Musika Bulegoko langileak. Musikak emantzipaziorako duen indarra ikertu duten bi aditu dira Bristolgo Darryl W. Bullock eta Valentziako Piro Subrat.

Adierazi zutenez, bazterreko kolektiboei batasun sentimendua ematen die musikak, erreferentzia, indarra. Subraten hitzetan, badira abestiak norbere izaera disidentean bete-betean eragiten dutenak, El Titiren “Libérate”, adibidez.