GARA
PILOTA

Elordiren asteazkeneko odisea bikain amaitu da Eibarko Astelenan

Goizean Zornotzan ostiraleko partidarako material aukeraketan parte hartu ostean, arratsaldean erakustaldia eman zuen, Zabaleta sendo batekin.

Elordi eta Zabaleta bikain moldatu ziren elkarrekin txapelketako lehen partidan.
Elordi eta Zabaleta bikain moldatu ziren elkarrekin txapelketako lehen partidan. (Jon URBE | FOKU)

San Andres egunean jokatu beharreko Binakako lehen jardunaldiko azken partidak eragingarri ugari zituen. Batetik, Jokin Altunaren absentzia Danel Elezkanok nola beteko zuen ikustea. Bestetik, lehen mailako txapelketa honetan jokatzen zuen lehenengo neurketan, Aitor Elordiren maila ikusteko zegoen ere.

Aurrelariak eguneko anekdota eskaini zuen; izan ere, goizean Berriatutik joan behar izan zuen Zornotzaraino, ostiraleko bigarren jardunaldiko partidarako material aukeraketara; etxera itzuli, bazkaldu eta, arratsaldean, Eibarrera joan zen jokatzera. Ez zituen takoak jarri eta ezin izan zituen pilotak probatu. Bere atzelari Jose Javier Zabaleta ez zen bertan izan, baina Akilesen orpoan izandako arazoengatik 24 egun kantxetatik kanpo egon ostean, nafarrak nola erantzungo zuen jakin nahi zuten pilotazaleek.

Hori dena, beste aitzakia batekin: Eibarko Astelehena pilotalekuak bost hilabete ondoren ireki zituen ateak, egokitzapen lan batzuk egin eta ezkerreko pareta eta frontisekoa margotu ostean. Hau guzti hau kontuan hartuta, Aitor Elordi eguneko protagonista izan zela esan genezake, 14 tanto egin ondoren. Aspeko aurrelariak erakustaldia eman zuen eta, Zabaleta sendo batekin, txapelketako lehen garaipena eskuratu zuten, elkarrekin ondo moldatu ez ziren Elezkano II.a eta Tolosari 7-22 irabazita.

Hastapenetik erakutsi zuten nagusitasuna. Izan ere, 0-6 ipini ziren ziztu bizian. Elezkanoren lehenbiziko tantoa ikusteko 1-6koari itxaron behar izan zen. Zabaletak -egun lasaia izan zuen hainbeste egun kantxetatik kanpo igaro eta gero-, ordea, lehen hutsa 3-9an egin zuen. Edonola ere, bi bikoteen arteko aldea handia zen, eta hala jarraitu zuen partidaren amaiera arte.