Andoni ARABAOLAZA
URREZKO PIOLETA

«2023an errusiarrak saritzen badituzte, ez gara etorriko»

Urrezko Pioleta sari banaketa ekitaldian Nikita Balabanov eta Mikhail Fomin ukrainarrek helikopteroaren erabileraren eta Ukrainako gerraren inguruan hitz egin zuten.

Estatu frantseseko Urrezko Pioleta ekimenaren aurtengo ekitaldi nagusian, Annapurna III mendiaren hegoaldeko ertza lehen aldiz igo zuten ukrainarrak izan dira protagonistak, neurri handi batean. Hain zuzen ere, Nikita Balabanov, Mikhalil Fomin eta Vyascheslav Polezhaiko.

Hemezortzi eguneko jarduera handia izan zen, eta aditu guztien arabera Himalaian iaz eginiko eskalada onena izan zen. Alabaina, epaimahaiak sari nagusia (hots, urrezko pioleta) eman ordez, talde horrek aipamen berezia jaso zuen. Zergatik hori? Bada, mendiaren hurbilketa nahasia eta arriskutsua saihesteko helikopteroa erabili zutelako.

Ukrainarrak protagonistak izan direla esan dugu, eta hori argitzeko pare bat azalpen eman behar dira. Batetik, Ukrainako gerrak markatu duelako Briançonen ospatutako ekitaldia. Antolatzaileek aurreratu zuten Vladimir Putinek agindutako inbasioa eta sortutako gerra salatzen zituztela. Alabaina, gehitu zuten ez zituztela boikotatuko alpinista errusiarren jarduerak. Eta bigarrenik, aipatu dugun helikopteroaren auziak indar handia hartu zuen antolatu ziren hitzaldietan eta mahai inguruetan.

Briançoneko sari banaketa ekitaldira ez zen Polezhaiko bertaratu; bai, ordea, Balabanov eta Fomin. Bikote ukrainarrak, berriz, argi eta garbi hitz egin zuen. Alpinistok azpimarratu nahi izan zuten bere herrialdeak bizi duen gerra egoerarengatik baldintzatuta daudela: «Nahiz eta zuentzat erraza izan, guk geuk mendizaletasuna eta politika ezin ditugu bereizi. Eta hori gertatzen da zuen ingurumaria bakea dagoelako. Baina zeure herrialdeko kaleetan hilotzak ikusten dituzunean, den-dena politika bihurtzen da. Horregatik guztiagatik ukrainarren jarrera ulertu behar duzue».

Bestalde, goi mailako eskalada alpinoak jasotzen dituen zerrenda “handi” horretan hainbat eta hainbat aktibitate errusiar jaso dira: «Jarduera horiek gerra hasi aurretik egin ziren; hortaz, epaimahaiaren jarrera ulertzen dugu. Baina oso argi dugu, datorren urteko edizioan epaimahaiak errusiarrak saritzen baditu, ez garela ekitaldira etorriko. Nahiz eta lagunak ez izan, alpinista errusiar batzuk ezagutzen ditugu. Gure artean harremana badago, baina argi dugu elkarrekin publikoaren aurrean azaltzea ez dugula onartuko. Oholtza batean ezin dugu errusiarrekin batera egon. Hori ezin da negoziatu».

IRITZI EZBERDINA

Sobiet Batasuneko alpinismoaren tradizioa ukrainarren historiaren zati bat da. Beste errepublika batzuetako alpinistek bezala, Bigarren Mundu Gerraren ostean, ukrainarrek babesa eta laguntza jaso zuten agintari sobietarren aldetik, espedizioak egin ahal izateko.

Balabanov eta Fominek ez dute tradizio hori ukatzen: «Horrekin hazi ginen, eta horregatik diogu gure ibilbideen eta gure historiaren zati bat direla. Gutariko batzuk Kaukasoko haran ezagunetan antolatzen ziren kanpalekuetan parte hartu dugu».

Alpinista ukrainarrek sobietar tradizioarekin izan duten loturak badu eragina aipatu dugun helikopteroaren kontu horrekin. Briançonen izan ziren protagonistok argi eta garbi azaldu dute ulertzen dutela epaimahaiak hartutako erabakia: «Ez dugu inolako arazorik. Duela sei urte, Talung-eko jarduerarekin Urrezko Piolet bat jaso genuen, eta badakigu gertatutakoak ez digula bizitza aldatuko. Nortasun horietako eskaladak egiteak arau batzuk betetzea darama, eta epaimahaiak ondorioztatu du gure jarduera etikoki ez zela egokia».

Briançoneko hartu-eman horietan aipatu zitzaien antolatutako espedizioa oso arina izan zela eta ez zutela oxigeno artifizialik eta zamaketaririk erabili. Eta horregatik zaila dela ulertzea helikopteroaren erabilera: «Sobietar Batasunaren garaian garaiera handiko mendietara helikopteroz hurbiltzen ziren. Oso ohikoa zen. Gure kulturan jarduera bat kanpaleku nagusian hasten da. Eta ez hurbilketa bidean. Bestalde, 2010eko udaberrian Nick Bullock-ek mendi horretara eginiko espedizioak helikopteroaren erabilera horrekin zerikusia du. Hurbilketa bidea egiten ari zela, luizi batek zamaketari batzuk ia harrapatu zituen eta espedizioa bertan behera utzi zuen. Udazkenean itzuli zen, eta, zamaketarientzat ibilbide hori oso arriskutsua zenez, helikopteroz egin zuten».

Balabanov eta Fominek azpimarra jarri nahi izan diote egin zuten jaitsierari. «Igotako bide beretik jaistea zen geure asmoa. Baina ohartu ginen oso zaila zela. Ondoren, 1961eko bidea aztertu genuen, baina 7.300 metrora dagoen hiru kilometroko ertz bat haizeteekin zeharkatu behar zen. Eta hori ezinezkoa iruditu zitzaigun. Mendebaldeko aurpegiaren argazki bat genuenez, hari begiratu eta inolako informaziorik gabe handik jaitsi ginen. Uste dugu jaitsiera igoera baino gogorragoa izan zela. Gainera ordurako janaririk eta gasik gabe geunden».