Xole ARAMENDI ALKORTA
Elkarrizketa
asier zabaleta
Dantzaria eta koreografoa

«Hausnarketara gonbidatzen nauten gaiak ditut gustuko dantzan ere»

«Moor Krad»-ek, Ertza konpainiaren dantza ikuskizun berriak, bihar ikusiko du argia. Ohi bezala, gizakiaren eta jendartearen kontraesanen gaineko galderak egiten ditu agertoki gainean Asier Zabaleta dantzari eta koreografoak.

(YUDANIA FOTOGRAFÍA)

Hiru hamarkada inguru daramatza Asier Zabaletak (Ezkio, 1972) dantza arloan lanean. Dantzari gisa lehenik, koreografo gisa gero. 2004. urtean eman zuen Ertza konpainia sortzeko pausoa. Artearen diziplina ugariak dantza garaikidearekin uztartzea zuen helburu. Eta, bide batez, gizakiaren eta jendartearen kontraesanen gaineko galderak luzatzea. Azkenik, nola ez, sortutako ikuskizunen bitartez publiko berriak sortzea.

Ekoizpen berri baten estreinaldia beti da berri ona. «Pasa ditugun urteak pasata seinale ona da estreinaldia izatea. Hasieran ekain aldera estreinatzeko asmoa geneukan, baina kosta egin zitzaigun antzoki batek tokia egitea, pandemiak atzeratutako obrak enkajatu ezinik zebiltzan-eta. Urtarrilean ekin genion bideari. Hiru hilabetez aritu ginen eta atzeratu egingo zela ikusita, geldialdi bat egin genuen eta estetika eta jantziak sortzen jardun genuen. Behin data jarrita geneukala ekin diogu urritik aurrera», kontatu du.

Valerio Di Giovanni, Rafke Van Houplines, Pilar Andres, Denis Martinez eta Thiago Luiz Almeida igoko dira agertokira. Dantza garaikidea eta erritmo urbanoak uztartu dituzte lan berrian.

Ezkutuan

Aurretik zer pentsatua eman dioten kontuak eraman ditu lan berrian oholtzara. «Behin baino gehiagotan landu dugun gaia da, gizakiok erreprimitzen edo ezkutatzen ditugun alderdiak. ‘Ostrukaren zuloa’ lana beldurrari eskaini genion, ‘Janeten titia’ ekoizpenean ‘normala zer da?’ galdera egin genuen. Eta lan berri honetan behar zuen arreta guztia eskaini diogu gaiari», esan du.

Iskin egiten diegun edo ezkutuan gorde nahi ditugun itzalei fokua jarri die konpainiak. «Gizartean onartuak sentitze aldera -familian, eskolan- ezkutatuz goazen elementuez osatzen da itzala. Psikologian ere horrela deitzen zaio. Guk onartuak eta maitatuak sentitu nahi dugu eta gure izaera osatzen duten zati asko kastratzen goaz eta gure bizkarreko zakura sartzen... Ikuskizun honekin esan nahi dugu horiek ere gure parte direla. Askotan ezikusia egiten dugu. Argitara atera eta onartu nahian egin dugu ikuskizuna».

«Ez dena kontziente egiten gure bizitzen patu bezala azalduko da». Carl Jung psikologoaren hitzak dira. «Aspaldi esan zuen gure haurtzaroaren zati handi bat pasatzen dugula erreprimitzen ditugun alderdi horiekin zakua betetzen, eta helduaroa eta zahartzaroa, zaku hori nola hustu asmatu ezinik. Ez dugu esan nahi gordetako alderdi denei askatasuna eman behar diegunik, bestela hau kaosa litzateke, baina bai gure burua ezagutu; gizarte ez hain hipokrita sortzen saiatu», nabarmendu du Zabaletak.

Lan berri honetan sorkuntza prozesuak bere burua hobeto ezagutzen lagundu dion galdetuta, hauxe dio: «Gaiak aukeratzen ditut nahiko modu nirekoian, horretan ere balio izateko neure buruari. Kezkatzen nauten kontuak dira. Bidea hasi aurretik badakit sortze prozesuan zehar dantzari eta parte hartzaile guztiekin gai hauen inguruan izandako esperientziak partekatuko ditugula eta beste autore askoren testuak irakurri eta hausnarketa egingo dugu. Noski, interesatzen zait nire lana baliagarria izatea pertsona bezala hazten joateko».

Harridura

Jende asko harritu egiten da. «‘Ze gai potoloak hartzen dituzun’, esan izan didate. Niretzat beharrezkoa da; dantza ikusten dut sekulako espresiobide bezala eta baliagarria edozein gaitaz hitz egiteko. Entretenitzea bakarrik edo pauso jakin batzuk ahalik eta hobekien egitea helburu duen dantza ez zait interesatzen. Ikusle bezala ere ez. Musikan, zineman ala literaturan bezala, dantzan ere hausnarketara gonbidatzen nauten gaiak ditut gustuko, barrua mugituko didatenak».

Eszena gainean bost dantzari: Valerio Di Giovanni, Rafke Van Houplines, Pilar Andres, Denis Martinez eta Thiago Luiz Almeida. Eta estiloari dagokionez, dantza garaikidearekin batera, erritmo urbanoa. Gazteen artean bogan dauden teknika berriak -tuttin, krump eta antzekoak- uztartu dituzte.

Ohikoa du. «Gustukoa dut diziplina berriak nahastea eta terreno lokaztuetan mugitzea. Dantzariak ez dira nik sortutako koreografiak egitera mugatzen, sortze prozesuan bete-betean parte hartzen dute. Ez dut nahi izaten talde homogeneoa izatea, denak modu berean mugitzea. Niretzat hori errealitatetik urrun dago, bakoitzaren esentzia ikusi nahi dut, bizitzan zein eszenan. Hori agerian geratzeko lengoaiak ere hala izan behar du, anitza eta zabala. ‘Hau klasikoa da, edo neoklasikoa edo urbanoa’ esatea zaila gertatzen den ikuskizunak sortu nahi ditut. Dantzari bakoitzak dauzkan ezaugarriak ateratzea eta denon artean lengoaia komuna sortzea, taldearen ezaugarri izan daitekeena».

Batzuetan ideia bat da abiapuntua, edo izan daiteke irudi bat edo emozio bat ere. «Nahi izaten dut dantzari bakoitzak izatea bere lekua sortzaile bezala prozesuetan. Dantzari bakoitzak bere soloa -bakarkako zatia- dauka eta dantzari horrek berak sortutakoa da. Berak bakarrik dantza dezake horrela, bere ezaugarriekin eta bere dinamikekin».

Doinu barrokoak eta elektronikoak

John Dowland eta Henry Purcell musikarien lanetan oinarrituta Marc Kanouk sortutako musika originala entzungo du publikoak. Iosu Yereguik zuzenean kantatuko ditu. «Abesti barrokoak, batzuk nahiko ezagunak. Bat zetozen landutako gaiekin. Itzalak, iluntasuna, bakardadea… izugarria nola garai hartan idatzitako letrek batere aldatu gabe bat egin dezaketen gaur egungo kontuekin. Gizakiaren kezkak gutxi aldatu dira. Melodiak edo abestiak Iosuk diren bezala kantatzen ditu, baina orkestrazioa dena aldatu dugu eta musika elektronikora ekarri», kontatu du.

Plastikozko tubo erraldoiak dira Pello Artolak sortutako eszenografiaren parte. «Airez betetako poltsa erraldoia da, gure nortasuneko zati erreprimituekin gertatzen zaigun bezala», azaldu du.

Estetika berezia

Argiak paper garrantzitsua du obran. «Estetika oso berezia lortu nahi genuen. Ez da kolorerik ikusiko, dena zuri-beltzean izango balitz bezala. Baina asko jolasten dugu zer ikusten den, zer ez, nondik datorren argia… bai plastikoek lagunduta eta keak eta beste elementu eszenikoek lagunduta lortzen duguna. Lausoa da, ez zaude ziur ikusi duzun ala ez, mundu oniriko bat bezala», aurreratu du.

Sortze prozesu bakoitza abentura txiki bat da Zabaletarentzat. «Hasierako ilusio bera daukat, eta eszitazio bera. Guk abiatzen dugu, baina inoiz ez dakigu nora goazen, prozesu bakoitzak bizitza propioa hartzen du bidean. Hasieran bezala mantentzen da. Nire lana jolasa da, haurrak garenean ‘zu hau zara, ni hau, goazen jantziak jantzi eta eszena egitera’ elkarri esaten genionean bezala. Horrela bizi dut lanbidea. Eta, gainera, pertsona bezala ikasiz joatea pribilegioa da», esan du Ertza konpainiaren sortzaileak.