Zuriñe IGLESIAS
LAU ETA ERDIKOA

Aldaik Arrizabalaga mendean hartu eta bigarrenez jantzi du Lau eta Erdiko txapela

Zornotzako pilotalekuan jokatu zuten Laboral Kutxa Emakumeen Master Cupeko finala. Lehia estuko dema izan zen, baina Dimakoa atera zen garaile.

Amaia Aldai, Lau eta Erdiko txapela amorruz ospatzen.
Amaia Aldai, Lau eta Erdiko txapela amorruz ospatzen. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Amaia Aldaik irabazi zuen atzo Laboral Kutxa Emakumeen Master Cupeko Lau eta Erdiko finala. Olatz Arrizabalaga mendean hartu zuen Dimakoak, 22-15eko markagailuarekin, eta hala bigarrenez jarraian jantzi du Lau eta Erdiko txapela -iaz lortu zuen estreinakoa-. Zornotzako pilotalekuan jokatu zuten finala bi pilotari bizkaitarrek, eta partida estua izan zen. Egun, banakakoan espezialistarik handienak diren bi pilotariak aurrez aurre izan ziren eta espero zen ikuskizuna eskaini zuten.

Aldai izan zen markagailuan aurretik une oro, eta bereziki hasierako eta bukaerako tantoetan atera zion errenta handiena Arrizabalagari. Dema hasi eta berehala, Dimakoa aurretik jarri zen, 6-1, joko oldarkorra eginez. Arrizabalaga, ordea, ez zen lokartu eta aldea murriztea lortu zuen lau tanto segidan kateatuz, 6-5.

Oro har, piloteoan nagusi izan zen Aldai, bere gaitasun fisikoari etekina ateraz. Gernika-Lumokoak partida osoan behin bakarrik lortu zuen markagailuan Aldairen pare jartzea, eta aurretik jartzeko aukera izan zuenean huts egin zuen airez, 9-8. Hortik aurrera, Dimakoak erakutsi zuen aurkaria baino gehiago dela, eta horrela kateatu zituen sei tanto jarraian, 15-9.

Olatz Arrizabalagak, baina, erreakzionatzea lortu zuen, eta pilota airez errematatuz lortu zuen sakea bere alde izatea. Dimakoak markagailuan 16-13ko tantoa jarri zuenean hasi zen lehia erabakitzen. Tanto luzea jokatu zuten bi pilotariek, eta azkenerako, Arrizabalagak txapara bota zuen dejada. Norgehiagokako azken tantoetan Aldai nagusi izan zen, eta Gernika-Lumokoak ez zuen partida iraultzeko aukerarik izan.