Andoni ARABAOLAZA
ESPEDIZIOAK

Esplorazioaren iparrorratzak bide onetik eraman ditu

Emakumez osatutako bi taldek ekarpen berriak egin dituzte. Batak, Txileko Ipar Patagoniako izotz zelaian, zehazki, Cerro Arenales mendian, eta besteak, Groenlandian, Northern Sun Spire murruan.

Esplorazioa izan da aipatuko ditugun bi espedizioen oinarri nagusia. Bietan, emakumezkoek soilik hartu dute parte, eta, oro har, baiezta daiteke emaitza bikainak erdietsi dituztela. Nadine Lehrnerrek, Isidora Llarenak eta Rebeca Caceresek osatutako taldeak, Txileko Iparraldeko Izotz Zelaian 19 eguneko abentura egiteaz gain, Cerro Arenales mendian (3.437 m) bide berri bat sortu dute.

Bestetik, Caro North, Nadia Royo eta Capucine Cotteaux Groenlandian izan dira. Belaontziz zeharkaldia egin eta gero, Northern Sun Spire murruaren ekialdeko isurialdean “Via Sedna” (7b+, 780 m) sortu dute.

Lehen taldearen espedizioari dagokionez, esan behar da Grit & Rock Fundazioaren babesa jaso duela. Seigarren urtez jarraian, ekimen honek emakumez osatutako taldeen proiektuak bultzatu ditu. Epaimahaiko presidente Helias Millerioux frantziarrak honako hausnarketa egin du “saria” jaso duten xedeen inguruan: «Aurtengo ekitaldian argi eta garbi geratu da izan ditugun hautagaiak alpinismoaren egungo izpirituan oinarritzen direla: neurritasuna, errealismoa eta iraunkortasuna. Aukeratu ditugun taldeek helburu handiak eta berriak dituzte. Eta, bide batez, argi erakusten dute, gaitasun teknikoak izateaz gain, gai direla aurrekontu xume batekin estilo alpino garbienean eskalatzeko».

2017. urtean Masha Gordon enpresari eta abenturazaleak sortutako fundazioaren helburua emakumezkoen espedizioak mundu zabalean bultzatzea da. Eta aurtengo irabazleen artean arestian aipatu ditugun hiru txiletarrak daude: Lehrner, Llarena eta Caceres.

2.000 euroko beka jasota, hirukote hori Txileko Ipar Patagoniako izotz zelaian izan da. Ia ukitu gabe dagoen eremu hotz horrek esplorazioa eta alpinismoa uztartzeko aukera ia mugagabeak eskaintzen ditu. Andeetan kokatuta dagoen kasko polar horrek 4.000 kilometro karratu ditu, eta talde horrentzat hainbat eremu ez dira ezezagunak. Hori diogu, besteak beste, hiru bisita egin dituelako.

Iazko urteko urtarrilean egin zuten lehen bisita alpinistok. Izotz zelai erraldoi horretan sartu ziren, eta zeharkaldian “eten” txiki bat egin zuten Cerro Nora mendiaren (2.460 m) lehen igoera egiteko. Urte horretako udazkenean berriro itzuli ziren, eta esplorazio horretan Cerro Silvaren (2.770 m) ipar-ekialdeko horman eskalatu zuten. Berez, Cerro Arenales igotzeko asmoa zuten, baina haizeteengatik ez ziren tontorrera iristeko gai izan.

Txiletarron hirugarren eta azken bidaia udazken honetan izan da. Cerro Arenalesen arantza kentzeko asmoarekin joan ziren. Berez, mendi hori igota dago; hain zuzen ere, 1958. urtean. Japoniako eta Txileko mendizale federazioek elkarrekin antolatutako espedizioak izan zuen ohore hori. Bigarren igoera, berriz, Eric Shipton alpinista britainiar historikoak sinatu zuen 1963. urtean.

Helburu horretara heldu ahal izateko, taldeak zeharkaldi nahasi eta luzea egin behar izan zuen kayakean, oinez eta eskiekin. Ibilbidean ez zuten ia arazorik izan, eta joan den azaroaren 4an sumendi bat den Cerro Arenales igotzen hasi ziren. Iparraldeko murruan sartu ziren. Nahiz eta igoerak ez zuen zailtasun tekniko handirik, gailurretik gertu erabat blokeatuta geratu ziren: «Arrakala handiek bidea ixten zuten, eta une jakin batean ia atzera egin genuen. Zorionez, oinarrizko kanpalekutik ikusten ez zen aldapa ezkutu batekin topo egin genuen. Tontorrera eramango gintuen izotz perretxikoan geunden. Labirinto bat zen; elur-zubiak zeuden nonahi! Tentu handiz puntu gorenera iritsi ginen».

Bestalde, jaitsiera ez zen batere erosoa eta erraza izan. Ekaitz batek harrapatu zituen eta izotz kobazulo batean zenbait egun egin zituzten. Baretu zenean, oinarrizko kanpalekura onik heldu ziren: «Hemeretzi eguneko esperientzia handia izan da, eta asko markatu gaitu esplorazio horrek. Bi urteko ikerketari, planifikazioari eta lanari esker, Cerro Arenalesen marra berri bat sortzeko aukera izan dugu. Izotz zelai horretan egin dugun zeharkaldia inspiratzailea izan da».

GROENLANDIAN

Bestetik, North, Royo eta Cotteaux Groenlandia uharte erraldoia esploratzen eta eskalatzen izan dira. Berez, espedizioa zortzi emakumek osatu dute, baina aipatu dugun hirukote horrek izan du protagonismoa, Northern Sun Spire-ko ekialdeko horman “Via Sedna” zabaldu duela-eta. Big wall artiko horretan 780 metroko eta 7b+ mailako marra biribildu dute.

Baina hori egin aurretik, eskalatzaileok eta beste bost kideek bidaia luzea egin behar izan zuten. Arroxelatik (La Rochelle) abiatu ziren belaontzian. Hiru hilabeteko bidaia egin zuten; besteak beste, espedizioak helburu zientifikoak zituelako: «Abentura horretan, une jakin batzuetan, ziurgabetasunak indar handia hartu zuen. Eguraldiak ez zigun asko lagundu. Ekaitzen ondorioz, Irlandako, Faroe uharteetako eta Islandiako portuetan aterpe hartu genuen. Gidari bikaina izan dugu behintzat: Marta Guemes. Eskarmentu handiko nabigatzailea da!», adierazi dute espedizioko kideek.

Izozmendi ugari saihestu ondoren, taldeak Scoresby Sund fiordoan bota zuen aingura. Sun orratzaren oinarrian zirela, North, Royo eta Cotteaux-ek erlojuaren kontra abiatu ziren. Eguraldi iragarpenak ez ziren batere onak, eta aurrean zuten leiho ona aprobetxatu behar zuten.

Eskaladari ekin aurretik, hormatzarraren oinarrira zenbait joan-etorri egin zituzten. Zeharkaldia ez zen batere erosoa izan. Igaro behar zuten glaziarra ez zen oso arriskutsua, baina buruhauste bat baino gehiago eman zien. Tresneria guztia antolatu eta eskaladari ekin zioten. Lau eguneko lan eskerga eginda “Via Sedna” sortu zuten.

Protagonistek aipatu dutenez, ia 800 metro horietan gehienez 7b+ mailako luze bat librean eskalatu behar da. Horrez gain, gaineratu dute bide berriak zailtasun iraunkorrak dituela. Denera, hamasei luze eta gehienak oso-oso bertikalak.

Ia denborarik galdu gabe, North, Royo eta Cotteaux-ek sortutako marra rappelatu zuten. Oso gutxigatik bada ere, eguraldi kaskarra atzean utzi zuten. Nahiz eta eskalada horretan arrakasta izan zuten, oraindik etxera itzultzea falta zitzaien. Atzera belaontzia hartu eta, 4.000 itsas milia egin ondoren, zortzikotea Arroxelara iritsi zen.