Osakidetza, gobernantza eredu baten porrota
Osasun Sailaren eta Osakidetzaren gobernantza ereduak aspaldi jo zuen hondoa, urteetan ezarritako politikek aspaldi hondoa jo zuten bezala. Pandemia aurretik jada erakunde barruan agerikoa zen eta Lehen Arretako langileek, horren jakitun, mobilizazioen bidez ohartarazi zuten. Osasun langileek egindako gain esfortzuari esker herritarrek oraindik arretan pairatzen ez bazuten ere, gainbehera hor zegoen.
Orain Donostialdeko ESI-Erakunde Sanitario Integratuko auziak ikusi nahi ez zena begien bistan jarri du, bai eta Erdi Arokoa den erabakiak hartzeko eredu zaharkitua eta eredu horrek egunerokoan dituen ondorio tragikoak ere. Nahiz eta erronka konplexua izan, egon daitezkeen ikuspegi eta planteamendu desberdinen arteko elkarguneak aurkitzea ez baita inoiz samurra, erronkari heldu behar zaio tentsio eta zailtasun ororen gainetik, guztiona den sistema publikoaren defentsan.
Baina, egiari zor, Donostialdeko ESIan gertaturikoa Osakidetza pairatzen ari den egoeraren eztanda ikusgarria besterik ez da izan. Osakidetzako zuzendaritzak eta Osasun Sailak kudeatzeko eta erabakiak hartzeko duten gobernantza bertikal eta aldebakarrekoaren ondorioz sortutako suteak, gatazkak eta polemikak kontaezinak izan dira: Basurtuko bihotzeko kirurgia Gurutzetara eramateko erabakia, Bidasoko bloke kirurgikoaren eraberritzeko erabakia, Santiagoko larrialdien itxiera, Gurutzetako larrialdien saturazioa, Emergentzien pribatizazioa, anbulatorioen eta Etenik Gabeko Arreta Guneen ordutegiak murrizteko erabakiak, eta abar. Erabiltzaileek, eragileek, profesionalek eta beraiek izendatutako arduradunek aho batez gaitzesten dute egiten ari diren kudeaketa.
Behin hona iritsita, bi aukera besterik ez daude: edo kudeatzaile oso txarrak dira edo osasun alorreko enpresa pribatuei mesede egin nahi diete. Hirugarren aukera bat ere badago: aurreko bi hipotesiak batera ematea; litekeena da.
Erabakiek ebidentzia onenean oinarrituak, lehen lerroan lanean ari direnekin eta erabiltzaileekin kontrastatuak izan behar dute ezinbestean. Horretarako egun asistolian dauden baliabideak egon badaude: Osakidetzako mahai sektoriala edo ESIetako Kontseilu Sozialak eta Batzorde Soziosanitarioak.
Kolokan dagoena arretaren publikotasuna da. Herritarrei Osakidetzara sarbidea erraztea eta bermatzea, premia dutenean garaiz eta denboran artatuak izan daitezen. Bestelako interesen, filien edo irizpideen gainetik herritarrek erdigune eta helburu izan behar dute.
Zergatik diote beldur kristalezko Osakidetza garden bati? Erakundearen demokrazian sakonduko duen antolakuntza eredua landu behar da. Lehen Arreta erdigunean jarri eta ospitalzentrismotik urrunduko diren eta arta talde multidiziplinarren bidez emango dituzten Erakunde Sanitario Integratuak behar ditugu. Osasun profesionalak izan beharrik ez duten eta legealdi baten epea gaindituko duten kudeatzaile gaituak behar ditugu. Gehiengoen arraboletik kanpo geratuko den eta Legebiltzarreko kontrola onartuko duen kudeaketa eredua behar dugu. Urteak daramatzagu hau lortzeko proposamenak aurkezten.
Bide horretan pauso txikiena eman ahal izateko, Osasun Sailak onartu beharra dauka aldebakartasuna ez dela bidea. Profesionalak, eragileak edo sindikatuak bezala, gu ere zain eta prest gaude zintzotasunez eta arduraz bidea ibiltzeko.