Xole ARAMENDI ALKORTA

Bakardadea eta babesik eza, sortzaileen errealitate gordina

Lanartea-Euskararen Langile Profesionalen Elkarteko kideak dira Joseba Tapia, Yolanda Arrieta eta Unai Iturriaga. Langile autonomo gisa administrazioak jartzen dizkien trabez aritu ziren atzo “Kultura bai, baina ez” mahai-inguruan. Eszenako fokuek argitzen ez duten errealitatea, kulturazaleari ezkutuan geratzen zaiona.

Ezkerreko irudian, Joseba Tapia, Amagoia Gurrutxaga, Yolanda Arrieta eta Unai Iturriaga, Lanartea Elkartearen mahai-inguruan. Goian, Keiko Suzuki eta Ishii Hisao, Azokan egindako aurkezpenean.
Ezkerreko irudian, Joseba Tapia, Amagoia Gurrutxaga, Yolanda Arrieta eta Unai Iturriaga, Lanartea Elkartearen mahai-inguruan. Goian, Keiko Suzuki eta Ishii Hisao, Azokan egindako aurkezpenean. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Unai Iturriaga bertsolari eta marrazkilaria, Joseba Tapia musikaria eta Yolanda Arrieta idazlea. Sortzaileak hirurak. Bakoitzak bere sektorearen ezaugarri berezituetatik hitz egin zuen, nork bere esperientziatik. Amagoia Gurrutxaga elkarteko kideak hartu zuen moderatzaile lana atzoko ekitaldian.

Hiru belaunaldi. Denen testigantzek garbi erakutsi zuten Euskal Herrian sortzaileek bizi duten bakardadea. Maiz hitz egiten da sortzailea paper zuriaren aurrean jartzen deneko bakardadeaz, baina ez hileroko soldata ateratzeko unean sentitzen duenaz. Labirinto juridikoan eta burokratikoan noraezean, atomizazioa nagusi den langintzan, bakarrik.

Euren jardunak dituen berezitasunak kontuan izango dituen legea eskatu zuten, benetan babestuko dituena. «Beti nago bakarrik -esan zuen Arrietak-. Eta gerora begira datozen gauza berrien aurreko beldurra kontrolaezina da». Ez zen sorkuntzaz ala alde artistikoaz ari, fakturazioaz, Ticket Bai... langile autonomoen egunerokoaz baizik. «Sormenari ze trataera ematen zaion ikusita, euskararekiko maitasunari, utopiari, edertasunari... aspaldian bufoia sentitzen naiz eta oso gutxi ordaindua», esan zuen. “Bufoi” gisa ikusten du bere burua idazleak eta oso adierazgarria da Tapiak segidan argitu zuena. «Ipar Euskal Herrian tipifikatuta dago figura, baina Hego Euskal Herriko sortzaileak espectáculos, toreros y payasos atalean sartzen ditu espainiar legediak».

«Nola da posible euskal erakundeek oso zaila izatea bertsolarien epigrafea sortzea? Zenbat urte daramatza hemen alderdi berak Gobernuan agintzen? Eta alderdi beraren gobernupean dauden bi sail ezin dira ados jarri?», utzi zuen airean galdera Iturriagak. Areago, «bilerara eskatzera joan izan garenean ‘asmatu zuek zuen arazoaren konponbidea’ erantzun digute. Ez, gu bertsolariak gara, zu zaude horretarako», egin zuen kritika.

Sortzaile gisa langile moduan ikusten du bere burua Iturriagak, behargin Arrietak eta baserritar Tapiak. «Gure amona plazara joaten zen produktuak saltzera. ‘Krisitik baserritarrek atera gintuzten’ zioen gure aitak. Nork atera behar gaitu krisitik baserririk ez daukagunean?», bota zuen galdera. «Kontratuak sinatzen dituzte produktuak kanpotik ekartzeko. Zer egiten dute baserritarrekin? Dirulaguntza eman. Eta gurekin gauza bera. Gure lana ez da diruarekin ordaintzen, dirulaguntzarekin baizik».

Dirulaguntza puntualak emate hutsa; hala ikusi ohi da kultur politika, eta kultur politika integrala da Lanartearen aldarria. Iturriaga ez da diskurtsoa dirulaguntzetan zentratzearen aldekoa. «Lanartearekin lortu nahi dudana ez da hori. Dirulaguntzak ahaztu behar genituzke. Automozioa edo energiaren sektorea baino gehiago diruz lagundutakorik ez dago. Gu horretaz hizketan ari bagara guk geuk elikatzen dugu. Bagara langileak? Zer dagokigu? Gure burua ikusten dugu? Filosofiko jartze garenean gizartearekiko galdu egiten dugu langile izaera. Gure akatsa ere bada», egin zuen gogoeta.

«Euskadiko Orkestrak hilero soldata du. Eta kudeatzailea. Hori ere jakin egin behar da. Ez dut zalantzan jartzen gastu hori egin behar denik, baina gurea zalantzan jartzen da aldiro», jarraitu zuen.

Hezkuntza sistema “krak” egiten ikusten du Arrietak. «Guk ortuan landatutakoa norentzako da? Sortzaileok egindakoak non erabilia izan behar du. Ni ez nintzen idazten hasi ipuina ‘polita’ izateko, mina eder bihurtzeko, umeekin gauzak beste batera komentatzeko, bizitza idazteko eta marrazteko, bizitzari zuku gehiago ateratzeko baizik», argitu zuen.

«EUSKAL»

Arrietaren ustez, ‘euskal’ hitza da denak batzen dituena. «Eta horren araberako epigrafea behar dugu». Idazleak errealitate gordinari jarri zion fokua. «Oso zatituta gaude, inolako babesik gabe eta elkarren lehiakide bilakatzen gara gainera». «Gure lanbideari ‘euskal’ gehitzen badiozu arazo gehigarriarekin egiten duzu topo, bi Estatu baitaude gu akabatu nahian. Militanteak gara, euskara eta euskal kutura bizirik mantentzea nahi dugu eta dena kakaztu egiten da. Nola egin? Ez dakit», erantzun zion Tapiak ondotik. «Herrigintzarik ez dago, politikagintzaren esku utzi dugu. Aktibatu beharko genuke berriz. Ticketbai horretarako pentsatu dute, ‘euskal hori berpiztuko dute berriz bestela’, pentsatu dute. Gazteek ez daukate langile kontzientziarik eta ‘euskal’-ena ere... Eragina kanpotik dator musikan, eta ondo datorkie ‘euskal’ kendu nahi duten horiei. Beharrezkoa da herrigintza, elkarrekin jabetu egoeraz eta zer bultzatu behar dugun ikusi».

Ez du hain ikuspegi ezkorra Iturriagak herrigintzari dagokionez. Kulturgintzak bizi duen errealitatearen diagnostikoan bai, bat egin dute baina, aurrera begirako estrategiari dagokionez, iritzi desberdina du Iturriagak. «Guk dena konpondu behar dugu? Guri dirulaguntza emateagatik besteei kenduko dietela pentsatzea inozoa da. Edo espero izatea agintariek La Oreja de Van Gogh taldea ez dela euskalduna esatea. Ez da gertatutako. Eta ez da gure borroka. Ez tematu horretan, nire lan-baldintzak lortu behar ditut. Bi gaiak aldi berean ezin ditugu aurrera atera».

Sindikatua behar da, Iturriagaren ustetan. «Eta ez du arteaz hitz egingo interlokutorearekin. Guk Lorea Bilbaoren [Bizkaiko Kultur diputatua] atea jotzen dugu, baina agian Volkswagen-ek jotzen duen ate bera jo behar dugu», esan zuen. Arrietaren esanetan, eskaera bakoitza banaka eginda «hilabete beharko genuke leihatilaz leihatila. Babestuko gaituen legea behar dugu hasteko, eta gero, beste dena; nik ez ditut ikusten hain solte».

«‘Happy’ gara Euskaraldian eta Azokan, baina bihar zuloak hor egongo dira, nahiz eta, noski, denbora guztian hileta jotzen ere ezin dugun ibili», amaitu zuen.

JAPONIAR GEOGRAFOAREN BEGIRADA

Irudi bitxia erakutsi zuen atzo Landako Guneko areto nagusiak. Izan ere, japoniar baten begietatik ikusi genuen Azoka. 2000ko hamarkadan ezagutu zuen bertatik bertara. Euskal Herria nazio gisa nola birsortzen ari zen ikertzen ari zen. Atzo aurkeztu zuen emaitza. Azokaren izaeraren habeak nabarmendu zituen. «Jai zibila da Azoka; bisitariak herritarrak dira. Erosketak egitera bakarrik ez, sortzaileekin harremantzera etortzen dira. Bigarren ezaugarria herritarren eta egileen arteko harremana sustatzeari lotuta dago. Beraz, literatur jaia ere bada», adierazi zuen.

«Disko eta liburuen salmenta eta erakusketa ez ezik, kultur ekitaldi anitz ere ospatzen dira: kontzertuak, film proiekzioak... Ondorioz, kultur jaia izatea du hirugarren ezaugarria», esan zuen. Tokiko jaia ere bada, Hisaoren esanetan. «Bertaratzen diren gehienak bertakoak dira, euskaldunak. Liburu gehienek euskararekin ala euskal kulturarekin dute zerikusia eta ekitaldi guztiak euskaraz ospatzen dira. Euskal kulturaren jai integrala da Azoka».

Bisitaria Euskal Herritik dator, euskalduna da eta gazteen proportzio handia ere deigarria da japoniarrarentzat. «Eta jendea maiz dator; zenbait egunkarik urtero liburu azokara datozenen ekintza adierazteko ‘erromesaldi’ hitza erabiltzen dute», aipatu zuen. «Euskal Herriko mota askotako jendearen eta taldeen ahaleginari esker egiten da Azoka. Gerediagak ekintzaile sozialaren funtzioa betetzen du».

«Bizitokiaren eta herritarren arteko lotura estua duen Euskal Herrian bertako autonomia berreskuratzea eta euskal kultura birsortzea bereizezinak dira. Era berean, herrialdearen birsortzea gabe, kulturaren birsortzea ere ezinezkoa» litzateke, geografo japoniarraren iritziz.