Jon GARMENDIA
Idazlea

Boga

Txipiroiak garbitzen ari ginen, hamar kilo begihandi lagunarteko bazkarirako. Anitzek ez dute jakingo, baina zefalopodoak dira txipiroiak, hamar garrokoak, ikusmen binokularra dutenak, begi handi bat alde bakoitzean; horra euskaraz zergatik izendatzen dugun modu horretan. Baina erretina eta nerbio optikoa kanpoan dauzkate, dena ikusteko ongi, gure kristalinoaren funtzioa ere era kontrakoan. Horra zenbat ikasten den txipiroiak garbitzen, bidezidor teknologikoetatik urrun, dakienari entzunaz, jakina. Dakiena Xabier da, urte luzez Lapurdiko kostan arrantzale gisa lan egin duena, eta ur hondoa baino sakonago haren barneko fauna ezagutzen duena. Txipiroiek arraintxoak zeuzkaten barnean, jan berri zeuden arrantzatuak izan ziren unean. Eskuekin hartu eta arraintxoari begira nengoela galdetu zidan Xabierrek ea banekien haren izena. Eta nik, isilik egoten jakin ez, ez dakidala erantzuten guttiago, «sardina» erran. «Antxoa» ere ibili nuen buruan, handiak direnen izenak baztertuz, haiek beti hala sortu balira bezala itsasertzeko haitzetan. Ba, ezetz, “boga” izena zuela arrainak, eta ni harrituta, arraunketari baino ez niolako lotzen hitz hori oraino. Bisiguaren familiakoa zela kontatu zigun gero, txitxarro ttipiak ere izango zituztela sabelean begihandiek, eta haiei tripak hustuz gurea nola bete amestu nuen. Itsasotik bizitza anitz jaso dugula ohartuta, bertan bizitza anitz eman dutenei esker.