Zuriñe IGLESIAS SARASOLA

Hautatzaileen galbahean pisu handia dute emaitzek, batzuek ukatu arren

Qatarreko Munduko Kopan, oraingoz, lau entrenatzaile hauek ez dute karguan jarraituko: Martinez Belgikakoa, Bento Hego Koreakoa, «Tite» Brasilgoa eta Luis Enrique Espainiakoa. Aurreneko hirurek euren hautuz utzi dute selekzioa. Luis Enriqueren kasuan, ordea, RFEFk erabaki du asturiarrari kontratua ez berritzea.

Roberto Martinez Belgikako entrenatzailea Kroaziaren aurkako partida galdu ostean, zaleak agurtzen.
Roberto Martinez Belgikako entrenatzailea Kroaziaren aurkako partida galdu ostean, zaleak agurtzen. (Virginie LEFOUR | EUROPA PRESS)

Entrenatzailearen papera ez da erraza izaten: taldeak irabazten duenean jokalariek eraman ohi dute meritua, eta galtzean entrenatzailea izaten da kritika ororen jopuntua. Hori gutxi ez eta arnasa luzeko proiektuen aldeko apustuak gero eta urriagoak dira futbolean, epe motzerako emaitzek markatzen baitute prestatzailearen patua. Horren adibide garbia da Luis Enrique Espainiako hautatzailearen kargugabetzea. Joera horri iskin egin nahian, bestelakoak izan dira gainerako hiruren kasuak, euren hautuz utzi baitute kargua. Hala ere, erdietsitako emaitzek hartutako erabakian izan duten eragina ukatzea errealitatea ukatzea litzateke. Bereziki, Adenor Leonardo Bacchi “Tite” eta Roberto Martinez prestatzaileen kasuetan.

ROBERTO MARTINEZ (BELGIKA)

Martinez Belgikako entrenatzaile ohiak kargua utzi zuen Kroaziaren aurka ligaxkako azken partida galdu ostean, eta argi utzi zuen Munduko Kopa «baino lehen» hartu zuela erabakia: «Ziklo baten amaiera da, eta [erabakiak] ez du zerikusirik multzoen fasean kanporatua izatearekin». Prestatzaileak nabarmendu zuen epe luzerako proiektuen aldekoa dela: «Beti egiten dut lan epe luzera. Uste dut horrelako proiektuek denbora luzerako izan behar dutela, eta aldez aurretik finkatu behar direla. 2018tik klub askoren eskaintzak jaso ditut, baina leiala izan nahi nuen, eta aurretik nuen lana amaitu. Orain ez dut dimisiorik eman, nire kontratuaren amaiera da, eta hori izan da hasieratik buruan nuena».

Martinezek 2016an hartu zuen Belgikako hautatzailea izateko ardura, eta berehala jo zuen goia: 2018ko Errusiako Munduko Kopan brontzezko domina eskuratu zuen urrezko belaunaldia deituriko jokalarien multzoarekin. Deabru gorrientzat Munduko Kopa batean inoiz izan duten emaitzarik onena da. Loriak, ordea, gutxi iraun zion Martinezi, eta brontzezko dominak piztutako itxaropenak amildegira eraman du selekzioa. Iazko Eurokopan final-laurdenetan joan ziren kalera, Italia txapeldunaren aurka. Qatarren, aldiz, ligaxkatik aurrera egiterik ez dute lortu.

Belgikako prestatzaileak kritika asko jaso ditu izan duen jokalari multzoarekin garaikur gehiago ez lortzeagatik. Hala ere, emaitzen aldetik gutxi du leporatzeko: azken lau urteetan 56 partida irabazi ditu Belgikak -beste edozein hautatzailek baino gehiago etapa bakar batean-, hamahiru berdindu eta 11 galdu.

PAULO BENTO (HEGO KOREA)

Paulo Bento Hego Koreako hautatzaileak taldea utziko zuela iragarri zuen Brasilen aurka galdu ostean -4-1 galdu zuten final-zortzirenetan-, eta aurrez hartutako erabakia zela nabarmendu zuen: «Etorkizunean ez dut neure burua ikusten Hego Koreako hautatzaile gisa. Jokalariei jakinarazi berri diet, baita presidenteari ere. Irailean hartu nuen erabakia. Gaur berretsi besterik ez dut egin». Portugaldarrak 2018ko Errusiako Munduko Koparen ostean hartu zuen Hego Koreako selekzioa gidatzeko ardura. Lorpenen artean, aurten Asiako Kopan bigarren egin du selekzioak, eta Qatarren final-zortzirenetara sailkatu da, herrialdeko historian hirugarren aldiz.

LUIS ENRIQUE (ESPAINIA)

Espainiako Futbol Federazioak (RFEF) iragan asteazkenean erabaki zuen Luis Enriqueri kontratua ez berritzea -Munduko Kopa bukatzean amaitzen zitzaion kontratua-, Marokoren aurka final-zortzirenetan penaltietan galdu ostean. Asturiarra kargutik kendu dute, beraz, hein handian, Qatarren ez delako final-zortzirenak baino harago iritsi. Baita ere, Maroko bezalako aurkari xume baten kontra kanporatua izan delako. Iragan urtean RFEFk eskaini zion asturiarrari kontratua berritzea, baina hautatzaileak nahiago izan zuen Munduko Koparen ondoren hitz egin horretaz.

Asturiarrak 2018an hartu zuen Espainia zuzentzeko ardura -halere, ia urtebetez etenda egon da bere alaba txikiaren gaixotasunak eta ondorengo heriotzak eraginda-, eta helburu zuen txapelketa nagusietan Espainia onenen artean egotea. Iazko Eurokopan finalerdietara iristea lortu zuen selekzioak, Italia txapeldunaren kontra penaltietan galdu ostean, eta iazko Nazioen Ligan finalera ailegatu zen Espainia, baina Frantziaren kontra 2-1 galdu zuen. Qatarren, aurreko txapelketa horietan lortutakoa berdindu edo hobetu nahi zuen Espainiak, baina erdibidean geratu da. Luis de la Fuente Espainiako 21 urtez azpiko hautatzailea izango da Luis Enriqueren lekua hartuko duena.

TITE (BRASIL)

Iragan ostiralean Kroaziaren aurka penaltietan galdu ostean Tite Brasilgo hautatzaileak adierazi zuen selekzioa utziko zuela. Prestatzaileak gogorarazi zuen orain dela urte eta erdi esana zuela Brasilgo entrenatzaile izateari utziko ziola Munduko Koparen ondotik: «Ez naiz bi hitzeko pertsona bat. Ez nengoen irabazteko zain eta gero drama bat egiten geratzeko».

Bost izarren selekzioa bigarren aldiz jarraian Munduko Kopatik kanpo geratu da final-laurdenetan: 2018an Belgikaren kontra, eta oraingoan, Kroaziaren aurka. Errusiako Munduko Koparen ostean, Brasilek Titeri beste aukera bat eman zion hautatzaile gisa jarraitzeko, eta aukera ederki probestu zuen brasildarrak. 2019an Amerikako Kopa irabazi zuen selekzioak Brasilen. Horrek, Titeren plangintza indartu zuen, baina iaz kolpe gogorra jaso zuen Canarinhak: Argentinaren aurka Amerikako Kopako finala galdu zuen Maracana estadioan. Geroztik, hamasei partidetan hamahiru lehia irabazi eta hiru berdindu ditu. Guztira, 38 gol sartuta, eta soilik hiru jasota.