Kepa YECORA JIMENEZ
EHGAM Nafarroa
KOLABORAZIOA

Nafarroako LGTBI Kontseilua eta Trans Legea

Joan den irailaren 27an, Nafarroako LGTBI Kontseiluaren azken bilkura egin zen, eta ordezkaritza estreinatu genuen. Gure jarrera kritikoa izan zen, bai bileren maiztasuna dela eta (berez, ez datoz bat LGTBI Legeak dioenarekin), bai Kontseilua bera ez delako batere eraginkorra. Ildo horretan, kritikatu genuen gobernu honek izapide huts bihurtu duela: bileran, Julen Enerizek, INAIko zuzendariordeak, aurrez postaz bidalitako gaien balantzea egin ondoren, kontseilukideei hitza ematen zaie euren hausnarketa edo eskaerak egin ditzaten.

Duela bi hilabete luze egindako bilkuran, eskatu genuen Kontseiluak Estatuko Gobernuari eska ziezaiola behingoz onartzeko Trans Legea, eta lege horrek jaso dezala genero-autodeterminazioa, Nafarroako LGTBI Legean jasota dagoen bezala. Eskaera honek, printzipioz, ez zuen eragozpenik izan behar. EHGAMen eskaerari ez zion presidenteak (Javier Remirezek) erantzun, baizik eta INAIko zuzendariak (Eva Isturizek). Hark esan zuen ez zekiela Kontseiluak horrelako eskaerak egiteko eskumenik ba ote zuen, baina beharrezko kontsulta juridikoa egiteko konpromisoa hartu zuen. Gaur arte. Erregistro bidez eskatu dugu erantzuteko, INAIko zuzendariordea bera interpelatu dugu bat egin dugun ekitaldi batean (bertan eman zigun lan-karga handia zutelako aitzakia). Erantzunik gabe jarraitzen dugu. Kontseiluak ez du adierazpenik egin oraindik, bilkuran EHGAM Nafarroak eskatutakoaren kontrako deus aditu ez bagenuen ere.

Alderdi Sozialistak gai honetan duen jarrera ikusita, erantzuna bera luzatzeko planik ba ote dagoen galdetzen diogu geure buruari. Zer ote dio PSNk? Nafarroan LGTBI Kontseiluaren lehendakaritza duen eta aurreko legegintzaldian -Nafarroako Gobernuan beste alderdi bat zegoenean- LGTBI Legea bultzatu zuen alderdi horrek zer dio? Orain badirudi erakusten duen interesik eza Estatu mailako bere alderdia deseroso ez sentiarazteko estrategia dela. Bidegabekeria da jarrera hau, Nafarroak hainbat gaitan duen eskuduntzarik eza dela-eta babesik gabe geratzen baitira trans nafarrak. Beraz, Nafarroan ez ezik, gainontzeko erabakiguneetan ere defendatu behar dira eskubide guztiak pertsona guztientzat.

EHGAMek Kontseilura joaten eta gure kritikekin deseroso sentiarazten jarraituko du, baita Nafarroako erakundeen immobilismoa salatzen ere. Isiltasuna konplizea baita eta ez dugu transfobotzat jotzen dugun inolako jokabiderekin deus partekatu nahi.

Asteburuan jende askok eskatuko du kalean Trans eta LGTBI Legea onartzea, trans pertsonekiko errespetua eskatzeko eta genero autodeterminazioaren alde egiteko; PSOEk trans pertsonen giza eskubideak murriztu ez ditzan. Beren barne-borroketatik kanpo eduki gaitzatela. Utz diezaiotela gure bizitzekin jolasteari, pertsonak transfobiatik babesteko betebeharra bete dezatela, bai maila sozialean, bai instituzionalean. Trans adingabe anitzek bizi duten segurtasunik ezak Estatuaren beraren eta jendartearen bortizkeriaren jomugan jartzen ditu, Estatuak euren izatea ukatzeaz gain, ikusezin bihurtzen baititu: izate eskubidea ukatzen die. Eta hau guztia amaitzeko unea da.

Zirt edo zart egiteko unea du PSOEk. Orain garbi ikusiko dugu traizio egiten ote digun edo orain arte defendatu omen duena babesten duen.