Martxelo DIAZ
IRUÑEA
BERTSOLARI TXAPELKETA NAGUSIAREN FINALA IRUÑEAN

13.000 bertsozale elkartuko dira igandean Nafarroa Arenan

Nafarroa Arenak jasoko du lehen aldiz Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala igande honetan. 13.000 lagun elkartuko dira bertan, saiora ilusioz eta gogoz heltzen direla adierazi duten zortzi bertsolarien lanarekin gozatzeko asmoz. Finala 11.00etan hasiko da, baina bi ordu lehenago irekiko dituzte ateak. 20.30erako amaitzea espero dute.

Finalean arituko diren bertsolariak atzo, datorren igandean jendez lepo egongo diren Nafarroa Arenako harmailetan.
Finalean arituko diren bertsolariak atzo, datorren igandean jendez lepo egongo diren Nafarroa Arenako harmailetan. (Iñigo URIZ | FOKU)

13.000 lagun elkartuko dira igandean Nafarroa Arenan Bertsolari Txapelketaren finalaz gozatzeko. Azken saio honetan arituko diren bertsolariak atzo Iruñean izan ziren finala aurkezten. Zortziek nabarmendu zuten finala gogoz hartzera doazela etenaldi luzearen ondoren.

Aitor Mendiluzek hasiera luzea egin zaiola onartu zuen, eta txanda iritsi zitzaionean arduraz hartu zuela. Alaia Martinek ere prestaketarekin eta beste bertsolarien lanekin gozatu du, baita kantuan ere. Pozik heldu da finalera, ilusioz. Amets Arzallusek azaldu zuenez, lehiaketa badatorrela esaten dizutenean hasten da txapelketa. Luze egin zaio itxaronaldia. Finalerdiak mendikate bat zeharkatzearekin konparatu zituen. Bere buruarekin nahiko kritikoa dela esan ostean, orain arte sufritu eta gozatu egin duela onartu zuen.

Beñat Gaztelumendik txapelketa bertsolaritza mundu osoarentzat astindua dela nabarmendu zuen. Zalantzak zituen etenaldiaren ondoren, plaza gutxi egiten baitziren; baina gustura aritu da. «Hurbildu naiz nahi nuenera», adierazi zuen, finalerako gogotsu dagoela gaineratuz. Joanes Illarregirentzat ibilbidea luzea izan da, bere gazi eta gozoekin. Izerdi tantak ere bota ditu, baina finalera ilusioz eta gogoz heldu da ere.

Maialen Lujanbiok finala Iruñean ospatzea ikuspegi anitzetatik oso esanguratsua dela adierazi zuen. «Garrantzitsua da kulturgintzarako, euskalgintzarako eta bertsogintzarako», azpimarratu zuen. Finalean lehen aldiz hiru emakume aritzeak ere berebiziko garrantzia duela nabarmendu zuen. Nerea Ibarzabalentzat ere luzea izan da ibilbidea, Bizkaiko Txapelketarekin elkartu baitzaio. Tarte honetan asko ikasi duela gaineratu zuen.

Sustrai Colinak azaldu zuenez, aurtengo txapelketak ibilbide pertsonalaren bidetik eraman du. Aitona-amonen etxetik ikusten zuen Irungo eremutik, Baionatik igaro eta egun bizi den Iruñean amaitzeko. Finala Nafarroako hiruburuan izateak esanahi politiko eta emozional asko dituela uste du: «Eztanda emozionala izango da plaza hau igandean», nabarmendu zuen, pertsonalki ere eztanda horren parte izan nahi duela gaineratzeaz batera.

Egun osoko plana

Goizeko 11.00etan hasiko da finala igandean, baina Nafarroa Arenako ateak bi ordu lehenago irekiko dira. Goizean hamabost bertso puntuagarri kantatuko dituzte, eta arratsaldean hamar binaka eta beste hamar buruz burukoan. 20.30erako amaitzea espero dute.

Txapela jartzeko ardura Iñaki Muruaren eskuetan egongo da, eta bide batez omenaldia bihurtuko da. Bertso munduan egindako ageriko zein isilpeko lan handia eskertu nahi dio Bertsozale Elkarteak. 1982an aurkeztu zen lehen aldiz Bertsolari Txapelketa Nagusian eta finalera iritsi zen 1986an eta 1989an. Gabirian, bere jaioterrian, bertsolaritzari hauspoa eman zion Osinalde Sariketarekin. 2005 eta 2018 urteen artean Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko presidentea izan zen.

Bigarrenetik zortzigarrenera sariak emango dituztenak hurrengoak izango dira: Irantzu Idoate (2022ko Euskal Herriko Eskolartekoaren txapelduna), Sagrario Aleman (euskaltzaina eta Nafarroako euskalduntze mugimenduko erreferentzia nagusienetarik bat). Edurne Azkarate aktorea (2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusiari buruzko “Aulki jokoa’ saioko aurkezlea izandakoa) eta Paulu Zedda (Sardiniako inprobisatzailea).

Izan ere, igandean munduko beste kantu inprobisatu batzuetako ordezkariak eta ikertzaileak izango dira. Horrela, Galiziako Proxecto Educativo Regueifesta ekimenetik, Manolo Maseda eta Sechu Sende izango dira. Kataluniako Cor de Carxofatik [orburu muina edo bihotza], Alexandre Nebot eta Carles Buguera. Glossadors de Mallorca elkartetik, Maribel Servera eta Mateu Xuri. Madeirako Xarabanda elkarteko Paula Cristina da Silva eta Roberto Carlos Freitas. Sardiniako Cordinamentu Arters Musicales et Poeticas de Tradizioni Oriali taldeko Atonio Orru, Busianu Pilosu eta Paulu Zedda. EHUko Mikel Laboa Katedratik, Jone Miren Hernandez eta Pio Perez. Nevadako Unibertsitatetik, Iñaki Arrieta, Larraitz Ariznabarreta eta Xabier Irujo.

Itziar Alduntzin donostiarrak hartu du irabazlearen txapela brodatzeko ardura. Mikel Lertxundi berriatuarraren eskultura bat ere jasoko du lehenak.

Lau txapelketako zikloa bete zuen 2017an bere garaian Bertsozale Elkarteko eragile zen Koldo Tapiaren ekimenez proposatutako eta Xabier Lakak egindako “Eskutik eskura” artelanak. Garaikurrak jada azken lau txapelketetan bigarren egin dutenen izenak ditu alde banatan. Hala, aurten beste artelan bat jasoko du txapeldunordeak: Iker Valle andoaindarraren brontzezko eskultura bat.

Hirugarren postutik zortzigarrenera bitarteko bertsolariek margolanak jasoko dituzte: Jose Luis Zumeta, Dora Salazar, Carmelo Ortiz de Elgea, Marta Cardenas, Mariano Arsuaga eta Olatz Irigarai sortzaileen artelanak, hain zuzen.

Nafarroa Arenara heltzeko, batetik antolakuntzak jarritako autobusak eta bestetik garraio publikoa erabiltzeko deia egin du Bertsozale Elkarteak. Iruñerriko 1, 6, 9, 11 eta 16 zenbakiak dituzten autobusek Nafarroa Arena hiriko erdigunearekin zein beste auzuneekin lotzen dituzte.

Finalera autoz joango direnek A15 autobideko 83 eta 83B irteerak hartu behar dituzte. Aparkatzeko Nafarroa Arenaren inguruan, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren campusean edo Galaria merkataritza-gunean (La Morea) lekuak prestatuta dauzkate antolatzaileek.