Ritxi AIZPURU
Musika argitaratzailea

Musikaren eratorriak

CDaren ostean ez dakigu, oraindik, zein izango den musikaren eratorri fisikoaren hurrengo euskarria. Euskarri digitalak birrinduko du 1992tik 2016ra arte, batez ere, diskoak saltzeko erabili den CD euskarria. Musikaren disko trinkoa edo CD euskarri fisikoa jitoan dago erosle konpultsiboren bila, ohiko eroslearen bila, ezohiko eroslearen bila. Baina lehen galdera da ea dagoeneko ba ote dagoen CD eroslerik. Eroslea al da jitoan dagoena?

CD erosleari gauzak ez zaizkio erraz ipini. Ia edonon ikusi ahal zen CD salmentan, saltoki harrigarrienean erosi ahal zen musika, baita sex shopetan ere. Gaur egun ez dago CDak irakurtzeko gailua duen tokirik ia. Makina bat traba ditu CDak irakurtzeko makinak. Dena da traba, dena da bide malkartsua CDarentzat. Musikaren industriak berak (nahita edo nahi gabe) utzi du ataka larrian CDaren euskarria. CDa, ordea, oraindik ez da desagertuko. Agian bost urte barru CD euskarriaren intzidentzia ekonomikoa huskeriatik gertu egongo da.

2005ean ekoizle asko zeuden. Estatuan baziren hainbat enpresa egunean ahalmena zutenak bi milioi CD ekoizteko. Beste euskarri batek inoiz ez du ahalbiderik izan kopiak horrelako kopuruetan egiteko. Musika euskarri fisiko batean edukitzea fetitxismoa izan daiteke. Baina biniloaren desagerpena ez bada gertatu, modu anekdotikoan bada ere, CDa ez da bukatuko. Baina batek daki zer gertatuko den hemendik hamar urtera. Izan daiteke digipack euskarria USB batekin (edo eratorriak).