Josemi ABLITAS
LAB Osasunbideko ordezkaria
KOLABORAZIOA

Nafarroako osasungintzak aldaketa behar du

Azken bolada honetan, erkidego batzuetan langile eskasia dagoela dioten berriak jasotzen ari gara, baina gu ez gaitu ezustean harrapatu; izan ere, eskasia hori aspaldidanik ari da sortzen, hainbat arrazoirengatik. Hona hemen batzuk: langileen zahartzea iragartzen zigun joera demografikoa, milaka profesional kanpora irtetea eragin zuen 2008ko krisia (ez ditugu berreskuratu), Oinarrizko Osasun Laguntza bezalako esparruetan inbertsioak handitu ez izana, eta, azkenik, nozitzen ari garen kudeaketa-politika, eredu zaharkitu eta eraginkortasunik gabekoa baita, emaitzei eta ondorioei erreparatzen badiegu.

Osasun arloan, herritarrei arreta duina emateko helburuei eta ekintzei dagokienez, Nafarroa ez da aldaketa behar duen komunitate bakarra, ez; identifikazio politiko desberdinekin, baina Madrilen, Euskal Autonomia Erkidegoan eta hainbat autonomia-erkidegotan egiten ari diren protestek argi eta garbi ikusarazi digute arazoa egiturazkoa eta orokortua dela. Legegintzaldia joan, legegintzaldia etorri, osasun publikoa erabiltzen da jaurtitzeko arma gisa, eta paganotzat hartzen dira pazienteak eta langileak.

Gaur egun, erdigunean daude eredu erabat medikalizatuaren ondorioak pairatzen ari diren medikuak; izan ere, eredu honetan, teknologia diagnostikoak prozedura ugari eskatzen ditu, eta, ondorioz, gainkargak eta bigarren mailako beharrak sortzen ditu, kasu askotan asumitu ezin direnak, egungo plantilla eta funtzionamendua aintzat hartzen badugu. Bien bitartean, ordezkari politikoek eta kudeatzaileek herritarrei etengabeko desinformazioa transmititzen diete, eta sistema erabat irreal eta onartezin bat saltzen diete; transmisio horrek ezinegona eta tentsioa besterik ez die eragiten profesionalei eta erabiltzaileei. Badira 20 bat urte kudeaketaren esparruan egoera hau arrastaka dakargula, eta orain areagotzen ari da ideia faltagatik, edo ideiak batzuetan okerrekoak direlako edo interesatuak direlako.

Joerak argiak dira: esaterako, datozen 10 urteetan medikuen eta erizainen falta izugarria izango da, batik bat langile horien erretiro masiboengatik, zerbitzu batzuetan plantillaren %50 baitira; bestalde, langile gehienek etsipena eta burnout sindromea dute, batez ere jasaten ari diren egoeragatik eta covidaren garaian izan zituzten lan baldintzengatik; horiez gain, aurrekontu falta nabaria da, batez ere Oinarrizko Osasun Laguntzan. Diru nahikorik ez izate horrek herritarrak aseguru pribatuak kontratatzera bultzatu ditu; gainera, laster batean, egoera ahulenean dauden kolektiboei osasun-arreta emateko tenorean ekitate falta ekarriko du eta lankidetza publiko-pribatu horren eraginkortasun falta erabatekoa izango da, eremu pribatuak ere langile gutxi baititu.

Konponbideak aldaketak ekarri behar ditu kudeaketa sanitarioko politikan: erabakiak hartzeko egiazko autonomia, arreta-zerbitzuan aldaketa eraginkorrak izango baditugu. Gainera, osasun publikoa osatzen duten gainerako langileen balioa nabarmendu egin behar dugu, guztion ahalduntzearen bidez, kalitatezko osasun publikoa lortuko badugu.

Osasun arreta blindatuko duen sistema behar dugu, batzuen eta besteen interes politikoak baztertuko dituen sistema eraldatzailea; sistema berri horrek bermatuko du, batetik, gorabehera ekonomikoek eta merkatuaren aldakortasunak ez dituztela murriztuko arreta-zerbitzua eta lan-baldintzak eta, bestetik, bermatuko du lana egiteko behar diren langile guztiak izango ditugula.