Estibalitz EZKERRA
Literatura kritikaria

Hiru albiste

Goizero bezala, egunkariei errepasoa eman eta hiru albistek erakarri dute nire arreta. Lehenak dio Dictionary.com internet bidezko ingelesezko hiztegiak “woman” (emakume) 2022. urteko hiztzat hautatu duela. Albistean azaltzen duenez, hitz jakin horren bilaketak %1.400 aldiz ugaritu ziren AEBetako Auzitegi Gorenerako postu konfirmazioaren bistan jazotakoaren ostean. Bista horretan Marsha Blackburn Tennesseeko senatari errepublikanoak Ketanji Brown Jackson hautagaiari “emakume” hitzaren esanahia eman al zezakeen galdetu zion. Galdera probokatzailea zen, abortuaren eta pertsona transexualen eskubideen gainean dauden lege tirabirak tarteko, genero eta arraza, klase, erlijio zein sexu-orientazioarekin lotura duten kasuak ez aipatzeagatik. Jacksonek labur eta zehatz erantzun zion: «Ez, ezin dut».

Bigarren albisteak sugeek klitoria daukatela azaltzen du. Adelaide Unibertsitateko Megan Folwell eta La Trobe unibertsitateko Jenna Crowe-Riddell zientzialariek orain arte uste zena gezurtatzeaz gain (hots, aipatu organoak lurrin guruinak edo garatu gabeko penisa zirela), agerian utzi dute aluen gainean dagoen ikerketa falta, “tabu ikaragarria” kontsideratzen direlako.

Hirugarren albisteak etxean bertan Juncal Alzugarai fisioterapeutak egindako aluaren eredu hiperrealistaren berri ematen du, “alooa”. Aluen gaineko ikerketa zientifikoaren eskasiak hura dutenen osasunean izan dituen ondorioei buelta ematea du xede.