Zuriñe IGLESIAS SARASOLA
DIMA
Elkarrizketa
AMAIA ALDAI GONÇALVES
Lau eta Erdiko txapelduna

«22. tantoa egin nuenean barruan nuen presio guztia atera nuen, eta poza sentitu»

Aldaik bigarrenez jantzi du Emakumezkoen Master Cupeko Lau eta Erdiko txapela, Arrizabalagari 22-15 irabazita. «Txapelaren zati handi bat» azken horrena dela esan du Dimakoak. Aseezina da, eta txapel guztiak irabazi nahi ditu; binakakoa du begiz jota.

(Raul BOGAJO | FOKU)

Presaka iritsi da elkarrizketara Amaia Aldai (Dima, Bizkaia, 2000), goizean unibertsitateko klaseak izan baititu. Iritsi den moduak bere izaera ezin hobe islatzen du: egunean hamaika gauza ditu egiteko, eta alde batetik bestera ibiltzen da. Emakume Master Cupeko Lau eta Erdiko txapela irabazi berri du bigarrenez jarraian, eta aitortu du «karga handia» izan dela urte osoa gorriz jokatzea. Dimakoa hitz errazekoa da, eta ez du arazorik pentsatzen duena esateko. Besteak beste, kirolean profesionaltasuna lortzeko eman beharreko pausoei buruz aritu da, baita psikologoak eman dion laguntzaz ere emozioak kudeatzean.

Egunerokotasunarekin batera bueltatu zara errealitatera ala oraindik finala duzu buruan?

Finaletik zenbait egun pasatu dira jada, eta egunerokotasunera itzuli naiz, baina hasieran kostatu zitzaidan errealitatera bueltatzea. Finala irabazi osteko bi egunetan oraindik ez nuen sinesten nola irabazi nion Olatzi [Arrizabalaga]. Bera erreferentzia bat izan da niretzat, eta oraindik jarraitzen du izaten. Elkarrekin entrenatzen dugu, eta askotan arretaz begiratzen diot nola jokatzen duen, zelan irakurtzen dituen partidak... Kostatu zitzaidan barneratzea horrelako pilotari bati irabazi eta gero txapel hori nirea zela sinestea.

Iragan urtean ere lortu nuen txapel berdina, baina aurtengoa garrantzitsuagoa izan da presioarengatik. Urte osoan gorriz jokatzea ez da batere erraza, karga handia da, eta txapelketa hasi aurretik presioa handia nuen. Entrenamenduak oso txarrak izan dira, eta ez nuen disfrutatzen. Finalera heldu nintzenean presio hori joan zitzaidan, demostratu nuelako joan den urtekoa ez zela izan kasualitate bat. Pilota mistoarekin denbora gutxi daramat, eta kirolean soilik lau urte egin ditut.

Emakume Master Cupek antolatu dituen Lau eta Erdiko hiru txapelketetatik bi irabazi dituzu. Adierazgarria bada.

Pilotan hasi nintzenean ez nuen intentziorik jarraitzeko. Bigarren plano batean nuen kirola zen. Futbolaria nintzen, eta hartan ere maila on batez jokatzen nuen. Baina halako maila ematen hasi nintzenean pilotan ere, bietako bat aukeratu behar nuen. Izan ere, bietan ona izan nahi baduzu, baten alde apustu egin behar duzu; eta pilota aukeratu nuen, erakusten ari nintzen mailarengatik.

Horrez gain, orain arte egin dudan lana ez dut esango besteak baino gehiago egin dudanik, baina agian ahalegina bai izan dela apur bat handiagoa. Beste pilotari gehienek ez diote utzi pilotan jokatzeari. Nik, ordea, hamar urtez pilota albo batera utzi nuen guztiz; ez nuen ez jokatzen, ez entrenatzen, ez ezer. Horregatik, oso garrantzitsua izan da pilotan segitzeko bi txapel jarraian irabaztea. Hala ere, izan ditut zalantzak, futbola uztea ote zen benetan nik nahi nuena. Joan den urtean burutik pasatu zitzaidan futbolera bueltatzea; baina horrelako garaipenek bultzatzen naute pilotan jarraitzera, eta hemendik datozen txapelketa guztietan motibazio gehiago izatera.

Finalaren aurretik, Arrizabalagak eta zuk buruz buruko hamar partida jokatuta zenituzten elkarren aurka; bakoitzak bost irabazita, finalean zure alde erori zen balantza. Konfiantzaz zeuden?

Hasieran urduri nengoen, baina esan zigutenean elkarren aurka hamar partidatik bost irabazi genituela bakoitzak, zera pentsatu nuen: «Bost aldiz irabazi badiozu, zergatik ez seigarren bat?». Estatistika hori jakin nuen partida hasi baino hamar minutu lehenago, eta asko lasaitu ninduen. Gainera, uste dut fisikoki gaur egun bera eta ni garela indartsuenak, eta ni oso fresko igartzen nintzen kantxan.

Arrizabalagak eta zuk ezagutzen dituzue batak bestearen ahulguneak eta indarguneak. Uste duzu ondo kudeatu zenuela hori lehian?

Ez nuke esango berak ahulguneak dituenik, baina banekien bere indarguneetako bat aireko jokoa zela. Berak kantxa aurrean jokatzen bazuen, banekien ez nituela aukera asko izango partida irabazteko, eta defentsan aritu beharko nintzela. Helburua zen kantxaren erdia nik hartzea, eta frontisetik ahalik eta urrunen jokatzea, bera deseroso sentitzeko. Eta uste dut hori lortu nuela. Pilota oso luzeak jo nituen abiadurarekin, eta, hain justu, abiadura eta oldarkortasuna dira nire dohainetako bi. Hortaz, aurretik partidarako pentsatuta nuen estrategia ezin izan nuen hobeto burutu.

16-13 tantoa izan zen demako erabakigarrienetako bat. Tanto luzea izan zen, eta Arrizabalagak dejada txapara bota zuen. Partida oso bestelakoa izango zen dejada horrek txapa jo ez balu, ezta?

Bai, tanto hori sartu izan balitz, guztiz ezberdina izango litzateke lehia. Berak hartuko zuen partidaren ekimena, eta alde batetik bestera mugituko ninduen. Baina suertez nire alde jauzi zen tanto hori. Horrez gain, tanto luze gehienak nik eraman nituen defentsa ona dudalako; eta zorte pixka batekin, ez bakarrik merituzko partida egin nuelako, 22. tantora iritsi nintzen.

Zer sentitu zenuen 22. tantoa egin zenuenean?

Ez nuen sinesten. Barruan nuen presioa guztia atera nuen, eta sekulako poza sentitu. Normalean ez ditut horrela ospatzen garaipenak, baina garrasi egitea eta besoak gora altxatzea atera zitzaidan. Egia da pena ere sentitu nuela Olatzengatik, ikusten nuelako ez zuela bere mailarik onena eman. Hala ere, uste dut ez zuela bere maila onena eman ez berak gaizki jokatu zuelako, baizik eta nik ez niolako utzi bere onena ematen. Lagunak gara, eta ez da gozoa izaten lagun bat horrela ikustea.

Norentzat da txapela?

Lehenik eta behin Olatzentzat; ez bakarrik pilotan lagundu didalako, baita pertsonalki ere. Txapelketa hasi nuenean adorerik gabe eta presio askorekin nengoen, eta berarekin hitz egiten nuen. Nahiz eta berak jakin momentu batean elkartuko ginela txapelketan, eskua luzatu zidan, eta lasaitzen saiatzen zen. Finalaren aurretik ere esaten zidan garrantzitsuena zela partida polit bat egitea, eta biak gustura geratzea. Eta horrek asko esaten du pilotari batez. Pilotaria izateaz gain, eta bere lorpenak buruan izateaz gain, besteengan ere pentsatzen du, eta txapelaren zati handi bat berarentzat dela argi dut, eta berak ere badaki hori. Olatzez gain, familiakoei, lagunei eta nire psikologoari ere eskaintzen diet txapela. Behin baino gehiagotan eman dizkiot eskerrak psikologoari. Bere laguntzarik gabe oso desberdina izango litzatekeelako partida, ez nuelako bete-betean jokatuko. Lagundu didaten guztientzat ere bada txapel hau.

Psikologoarena aipatu duzula. Zertan lagundu dizu?

Kirolean frustrazioa kudeatzen lagundu dit: oso oldartsua naiz, eta erabaki bat hartu baino lehen, askotan ez dut pentsatzen. Adibidez, ni sakera noanean, oso astiro doan pilotari bat naiz. Hori hobetzeko, sakea ateratzerakoan arnasketa batzuk egiten ditut, eta horrek laguntzen dit kontzentratzen eta lasaitzen. Horrez gain, psikologoak pauta batzuk eman zizkidan lasaituko nauen norbait bilatzeko kantxan, eta nik aitari begiratzen diot. Izan ere, aurpegira begiratzen diodanean eta buruarekin baietz esaten didanean, asko lasaitzen nau. Emozioen kudeaketan lagundu dit gehien psikologoak.

Frontisean zure emozioak azaleratu ohi dituzu. Horretan hobetzeak eraman dizu txapelketak irabaztera?

Partida asko ikusi eta gero lotsa sentitu izan dut zelako jarrera erakusten nuen frontisean. Gainera esaten digute erreferenteak garela, neska eta mutil gazteek ikusten gaituztela; horrelako jarrerekin ez nindoan inora. Ez zen bakarrik kantxan ematen nuen irudiagatik, baizik eta gero zer-nolako sentipenak nituen partida ostean. Ez nengoen kontzentratuta, eta jada ez zen soilik irabazi edo galdu, ez nuen kirolaz ere disfrutatzen. Batzuetan irabazi arren, tantoren bat gaizki egiten banuen, haserretu egiten nintzen. Horri buelta emateak erakutsi dit zergatik maite dudan kirol hau.

Fisikoki aurkariak baino koska bat gorago zaude. Alor hori bereziki lantzen duzu entrenamenduetan?

Iaz hasi nintzen pilotako prestakuntzaz gain, entrenamendu funtzionala egiten. Gorputz osoko giharrak lantzen dira, eta prebentzioko ariketak ere egiten ditut. Ikusi dugu Laiak [Salsamendik] bigarren aldiz hautsi duela belauneko lotailua, eta uste dut prestakuntza fisikoa egiteak laguntzen duela horrelakoak saihesten. Fisikoki ondo zaudenean gehiago disfrutatzen duzu, nekatuta zaudenean ezin diozu arnasari buelta eman, eta nik hori zortez ez dut bizi izan, futbolak prestakuntza horretan asko laguntzen duelako. Futbola uztean, erabaki nuen pilotaz aparteko entrenamendu bat egitea; ez ni ongi sentitzeko, baizik eta borrokatzen ari garenerako. Profesionaltasuna lortu nahi bada, profesionalen moduan lan egin behar dugu, asteko egun guztietan edo ia guztietan entrenatuta.

Profesionala ez zara, baina hala bazina bezala entrenatzen duzu. Zein pauso daude emateko?

Pilotari guztiak profesionalak bagina bezala entrenatu behar dugu. Ezin dugu eskatu profesionala izatea, eta astean bi aldiz entrenatzea. Baldintza txarretan, gainera. Kalitatezko orduak sartu behar dira nola frontoian hala prestakuntza fisikoan. Horrez gain, elite mailan gauden pilotarietan ere azpi maila batzuk daude; eta lan egin behar da guztiek maila on bat lortzeko, eta final guztiak Arrizabalaga-Aldai ez izateko. Denon maila berdintzea da eman beharreko pausoa, eta hori dena lortzen denean agian eskatu ahalko dugu profesionalak izatea. Baina horretarako lan egin behar da profesional baten moduan, bestela ez dugu eskubiderik hori eskatzeko.

Nolakoa irudikatzen duzu emakumezkoen pilotaren etorkizuna?

Emakume pilotari profesionalak egotea nahi nuke. Argi dut zaila dela, baina orain pilotari guztiek asumitu behar dugu bidea egiten ari garela atzetik datozenentzat. Guk ez dugu profesionaltasuna lortuko, ezta hori biziko ere. Beraz, horretaz kontziente izan eta lan asko egin behar dugu datozenei bidea zabaltzeko. Nik azkenean pilota utzi nuen ez zegoelako ezer emakumezkoentzat [txikitan urtebetez bakarrik egin zuen pilotan, eta gero utzi egin zuen futbolera salto egiteko]. Atzetik datozenek ikusi behar dute ez dutela pilota utzi behar emakumeak izateagatik, eta badaudela txapelketa onak jokatzeko. Baina helburua profesionala izatea da, ez neu, baizik eta atzetik datozenak. Horretarako lanean gabiltza.

Iaz Master Cupeko binakakoa galdu zenuen. Arantza hori kendu nahi duzu?

Bai, eta ez bakarrik pasatu den urtean galtzeagatik, baita Master Cupeko zirkuituan geratzen zaidan txapel bakarra delako ere. Hori lortuko banu, eskuratu ahalko nituzkeen txapel guztiak lortuko nituzke. Garrantzitsua da nire helburu guztiak betetzea. Egia da lortuz gero ere berdin jarraituko nukeela, nire helburua beti delako txapelak irabaztea. Baina behintzat ziklo hori itxiko nuen, eta presio gutxiagorekin jokatu ahal izango nuke.