Idoia ERASO
UZTARITZE

Gonzalo Etxebarriak obra berrietan bolumen eta argiarekin bat egin du

Kolorea eta gaia aldatu ditu Gonzalo Etxebarriak azken obretan, eta hori ageri da Uztaritzeko tTok arte lekuan duen erakusketan. Urtarrilaren 26ra bitarte ikusgai diren margoetan horia eta grisa dira nagusi, arrosa, gorri eta berde ukituekin. Koloreen murrizketaren bitartez bolumena eta argia agerian eman nahi ditu. Tinta txinatarraz egindako marrazkiek eta akrilikoz gauzatutako margoek elkar osatzen dute, artistaren joera berria agertuz.

Uztaritzeko tTok erakusketa aretoa Gonzalo Etxebarriaren margo eta marrazki berriekin jantzi da. GUILLAUME FAUVEAU
Uztaritzeko tTok erakusketa aretoa Gonzalo Etxebarriaren margo eta marrazki berriekin jantzi da. GUILLAUME FAUVEAU

Uztaritzeko etxe zahar baten behealdean dago arte lekua, guneak dituen txokotxoak Etxebarriaren obren argiarekin jantzita daude. Txinatar tintarekin egin dituen‘Txikiak’ eta ‘Handiak’ obren zertzelada zehatzek eta finek bat egiten dute inguruan dituzten margoen koloreekin.

Estiloak eta elementuak bateratzen dira, batean zein bestean antzeman ditzakegu, baina obraren arabera bide ezberdina hartzen dute. Azken garaiko obrak dira ia denak, horietako anitz erakusketa honi begira aurten sortutakoak. Horri buruz artistak aipatu du: «Badakit pintura eta marrazkiak direla nire hizkuntza. Horretan beti bada haria garai guztien artean, badut irakurketa kritikoa nire obran».

Etxebarriaren mundua agerian gelditzen bada ere, joeren aldaketak nabarmen utzi ditu: «Baliatu naiz beste manera batez egiteko. Ez dakit berritu naizen. Azkenean beti badut estilo bat, baina nahi izan dut zerbait berria egin, aldatu».

Desmartxa hori artistaren bidean egiten den gogoetaren parte dela adierazi du, problematika aldatu behar dela, ez beti «erortzeko dinamika berean». Kuestionatze hori maila formalean, plastikoan, egin duela nabarmendu du, «ez mentalean, filosofian, tendentzian edo estetikan».

Akrilikoen tonu ezberdinak baliatu ditu, obretan beste era batez sartzeko, eta bideak esperimentatzeko: «Kolore gama mugatzean indarra hartzen du. Argiari ematen diot garrantzia. Bolumenarendako ere, gorputzak hartzen du margoa. Behar da nonbait esentzia xerkatu, eta niretzat kolore horiek dira, grisa, okrea, Napolesko gorria…».

Adarrak, aurpegiak, buruak, begiak… antzeman daitezke obretan, baina ez da ageria, margolariak misterioa bilatzen du-eta: «Helburua beti izaten da anbiguotasuna xerkatzea: ez abstraktua ez figuratiboa, ez agertzeko gauzak argi; eta ber denboran, misterio hori begiratzeko, zabaltasuna».

Azken lan horien berezitasun eta berritasuna markatzeko, tinta txinatarrez egindako 2016ko obra bat ere bada erakustokiaren txoko batean, horri begiratuta, ageria da bi garaien arteko ezberdintasuna, nahiz eta anbiguotasuna beti presente izan.

Ikusgai dauden obra berrietan begirada argiagoa ematen du: «Saiatu naiz arinagoa egiten, elementu gutxirekin, lehen kargatua zen. Nire ustez, bizian bezala, gauza sinpleenak xerkatzen aritzen gara; egiazko bizia horrela da, jestu sinpleenetan izaten da sustantzia, hor dago esentzia».

Inspirazioa

Bizigune duen Zuberoako atelierra partekatzen du Pette semearekin, eta bertan arte klaseak ematen dituzte. Haurrek han egindako buztinezko modelo txiki batzuk izan ditu azken obra hauetarako inspirazio iturri. Handik abiatuta tinta txinatarrarekin egin zituen zenbait obra, eta gero olio eta akrilikora pasatu zen. «Gertatzen zait anitzetan, arrangura izaten dudala. Inguruan ibiltzen naiz, beste zerbaiten bidean, baina ez beti estetika eta manera berdinarekin» adierazi du.

Haurren obrek izandako eragina nolakoa den azaldu du: «Buztin horiek ikusteko nire manera izan da, bolumenetik planora pasatzeko, gorputz bolumena lantzea argiaren bitartez».

Espontaneotasuna ere aipatu du, umeek obra horiek egiteko bidea hori izan baitute; eta denborarekin, heldu egitean hori galtzen dela baieztatu du. Aldi beran, margoaren bitartez hizkuntza bat erabiltzeko teknika beharrezkoa dela nabarmendu du, bien arteko neurria atzemanez. «Teknikak jaten ahal du espontaneotasuna, eta kontrakoa ere. Nonbait prozesu bat behar da, oreka atzeman behar da, ene ustez».

tTok arte aretoko jabea den If Matxikotek, «garai honetan dituen sentimenduak» Etxebarria bide horretan eraman dutela adierazi du. Kuestionatze bide horretan eraman dituen saiakerak, esperimentazioak ere agertzen direla baieztatu du. Erakustokian deskubritzeko parada bada, hormetan ikus daitezkeen obretara heltzeko bidea erakusten duen kaiera dagoelako bertan.

Artistak, obra koherenteagoa izan dadin, bere lan prozesuan maketak egiten dituela azaldu du: «Manera horretan ez ditut galtzen energiak. Gero beti inprobisatzen dut, baina badakit nola izanen den konposaketa. Eskeleto horiek ez dute bortxaz zentzurik izan behar, gauza formalak kontuan hartzen ditut, ez da kontzeptuala, nahiz eta Leonardo da Vincik zioen bezala, pintura beti kontzeptuala den».

Artistak errekurtso formaltzat baliatu ditu maskaradak, nahiz eta ez den «bortxaz» hori agertzen. Kautera pertsonaiak maite dituela aipatu du, sustraiz eginiko makilak daramatzaten pertsonaia beltzak, hain zuzen ere.