Manex ALTUNA
Elkarrizketa
ASIER GOTI
Sestao River taldeko jokalaria

«Athletic oso ondo dabil, baina gu ilusioz beteta gaude eta korrika egin beharko dute»

Athleticek eta Sestao Riverrek indarrak neurtuko dituzte berriz Kopan. Hiru aldiz gertatu zen 80ko hamarkadan eta 2020an ere errepikatu zuten. Zuri-gorriek kanporaketa guztietan aurrera egin duten arren, Asier Gotik ezustekoa ematearekin amets egiten du.

(Marisol RAMIREZ | FOKU)

Mungiako Larramendi ikastolan hasi zen baloia astintzen Asier Goti, taldekide dituen Kepa Uriarte eta Gorka Garai bezala. Ibilbide oparoa egin du Bigarren B mailako klub ezberdinetan (Lemoa, Bilbao Athletic, Barakaldo, Leioa, Burgos, Compostela eta Marbella) eta bigarren denboraldia du Sestaon, 33 urterekin.

Athleticen kontrako Kopako kanporaketa partida oso berezia izango dela onartzen du, jokalari batzuk Lezamatik igarotakoak baitira. Gotik ere zuri-gorrien lehen taldearekin entrenatzeko aukera izan zuen Bielsaren garaian, taldekide duen Markel Etxeberriak bezala. Realeko harrobian hazitako zenbait jokalari ere badaude Sestaon, eta Japoniarekin aritutako Daiki Niwa atzelari beteranoa.

Nola hartu zenuten Athleticen kontrako kanporaketa?

Egia esanda, taldeak ez zuen Athleticen aurka jokatu nahi. Taldekide asko bazkideak gara edo jokalari izandakoak. Erdia baino gehiago Lezamatik pasatu gara eta lagunak ditugu. Nahiago genuen beste talde bat; Sevilla edo Atletico, adibidez. Hala ere, badakigu partida berezia izango dela eta sekulako giroa egongo dela harmailetan.

Hilabete bateko etenaldiaren ostean helduko da Athletic, eraginik izan dezake?

Guk lehiatzen jarraitu dugu eta ligan egon gara buru-belarri sartuta. Athleticen denboraldi-aurre txiki bat egin behar izan dute. Agian gure alde egiten du, baina ezin jakin. Athletic denboraldi oso ona egiten dabil eta badakigu zaila izango dela. Nolanahi ere, ilusioz beteta gaude; futbolean edozer gerta daiteke, eta beraiek korrika egin beharko dute guri irabazteko.

Athletic indartsu dagoela dirudi. Zerk ematen du beldur gehien edo nola egin diezaiokezue aurre?

Lehen Mailako jokalariak dira eta erritmoa eta teknika nabaritu egiten dira. Athletic gainera Europa eta Txapeldunen Ligako postuetan dabil eta denak ematen du beldur apur bat: Williams anaien abiadurak goian zein atzean daukaten sendotasunak. Guk, denok batera jokatu beharko dugu, elkar lagunduz eta inoiz baino gehiago korrika egin. Aldi berean, geldikako jokaldietan min asko egin ahal diegu. Gure ezaugarri nagusia da goian presioa egitea, ez uztea aurkariari baloiagaz irteten. Aurreikusten dudana da Athleticek baloia edukitzea eta gu, ahal dugunean, kontraerasoan azkar ateratzea. Eta, sortzen dugun aukeretako batean, ea zortea alde izan eta gola egitea lortzen dugun.

Zein da zuen jokatzeko estiloa eta zer eskatzen dizue entrenatzaileak?

Aitor Calle teknikari gaztea da (46 urte). Sestao Riverren ibilitakoa da jokalari moduan eta maila igotzea lortu zuen (Carlos Pousok zuzentzen zuen taldearekin Bigarren B mailara igo zen 2005-06 denboraldian). Beti aztertzen ditugu aurkariek izan ditzaketen gabeziak bideoz. 1-4-4-2 batekin jokatzen dugu, bi aurrelari edo punta erdi batekin. Estilo aldetik, taldeari Las Llanasen betidanik eskatzen diotena egiten dugu: presio altua, aurkariari baloiagaz pentsatzen ez uztea, intentsitatea... Eta erasoan erdiraketa asko egiten saiatzen gara hegaletatik, eta trantsizio azkarrak bilatzen ditugu aurkarien bizkar atzean.

Esanguratsua da RFEFeko Bigarren Mailako multzoan liderrak zaretela nagusitasun osoz.

Plantilla oso ona egin dute maila honetarako. Kirol zuzendari berria etorri da, Carlos Lasheras. Esperientzia handia dauka eta igoera asko bizi izan ditu Logroñesekin eta Mirandesekin (Kopako finalerdietara ere iritsi zen 2012an). Profesionaltasunaren bidean ere pauso aipagarriak eman ditugu. Iaz Derion entrenatzen genuen arratsaldez, eta aurten goizez ari gara. Gainera, lehendabiziko partidatik oso ondo hasi gara. Taldeak gosea dauka. Pasatu den urtean minutu batzuetan igotzetik gertu izan ginen, eta haietako jokalari asko geratu gara. Arantza hori barruan gordeta daukagu. Lehen postuan amaitu nahi dugu eta zuzenean igo RFEFko Lehen Mailara. Hori da gure helburu nagusia. Badakigu Kopan gure bidea laburra izango dela, Lehen Mailako taldeei irabaztea oso zaila delako, eta guk gure etorkizunari begiratu behar diogu.

Valverde eta bere bigarren entrenatzailea den Jon Aspiazu Sestaon jokatutakoak dira, eta badakite ez dela kanporaketa erraza izango. Horren adierazgarria da, iaztik bi partida bakarrik galdu dituzuela etxean. Zer dauka Las Llanasek?

Zelai oso berezia da eta jendeak asko animatzen du herriko taldea. Sestaon River zaleak dira eta sentimendu hori daukate. Las Llanasen asko babesten digute. Aurkarientzat zaila izaten da. Athleticen badakite zer aurkituko duten, zein den giroa, eta ez dela izango partida erraza.