GARA
BILBO

Hamar egileren sorkuntza prozesua ikusgai jarri du Ertibilek bere 40. urteurrenean

Bilboko Rekalde Aretoak Ertibil erakusketataren 40. urteurrena ospatuko du, eta hiru hilabetez hamar artistaren sorkuntza-prozesua jarri du jendearen eskura. Artista horiek datorren urteko otsailaren 16an aurkeztuko dute beren lanaren emaitza.

Erakusketaren irudia.
Erakusketaren irudia. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Bilboko Rekalde Aretoa Ertibil erakusketaren 40. urteurreneko ospakizun betean da, eta hiru hilabetez hamar artistaren sorkuntza prozesua jarri du jendearen eskura. Artista horiek datorren urteko otsailaren 16an aurkeztuko dute beren lanaren emaitza.

«Rekalde Aretoa topagune bat izango da, eraikitzen ari diren kontakizuna eskainiko duen espazio bizia: Ertibil 40k ez ditu amaitutako lanak erakutsiko, baizik eta bisitariei pentsatzeko prozesuak sortzen ari diren leku batean murgiltzea eskainiko die», zehaztu dute.

Hiru hilabete hauetan, aretoa lurraldeko ekoizpen artistikoari buruzko topalekua eta hausnarketarako gunea ere izango da, lehiaketa honek betetzen dituen berrogei urteak errepasatuko dituzten artisten topaketen bidez.

Gainera, zenbait ostegunetan, hausnarketa gai bat planteatuko duten dinamikak egingo dira, tailer, hitzaldi, eztabaida edo mahai inguruen bidez, eta eszenaratzearekin, hala nola moda desfileak, kontzertuak edo performanceak.

Aurkezpen ekitaldian Euskara diputatu Lorea Bilbaok zehaztu zuenez, «1983tik ospatu den lehiaketaren ibilbide luzeak aukera ematen du Bizkaiko lurraldean ekoizpen artistikoaren eta gizartearen bilakaeraren arteko lotura ulertzeko».

Ertibil egitasmoaren arduradunen arabera, «denboran irauteak, berez, kontakizun oso interesgarria sortzen du, premisa kontzeptualik gabe eraikitzen dena; horri esker, garai, egiteko modu, adierazpen kode eta sentsibilitate berriak modu organikoan sar daitezke».