GARA
IRUN
ESKUBALOIA

Iñaki Caverok 2025. urtera arte luzatu du kontratua Bidasoarekin

Zortzigarren denboraldia du klubean, eta orain arte 199 partida jokatu ditu, 465 gol sartuta. Caveroren ustez, «ohorea» da haren hiriko klubean aritzea.

Iñaki Cavero, bizkarrez, gol bat ospatzen.
Iñaki Cavero, bizkarrez, gol bat ospatzen. (Jon URBE | FOKU)

Iñaki Caverok (Irun, 1996) 2025eko ekainaren 30era arte jarraituko du janzten elastiko horia; berak hala nahi badu, behintzat. Eskuin hegaleko jokalariak kontratua berritu du Bidasoa Irunekin, eta horrek bidea ireki dio beste bi sasoi taldean egoteko. Joan den astean kolpe gogorra jaso zuen eskubaloi taldeak Jon Azkue kapitainak jakinarazi zuenean datorren denboraldian ez duela jarraituko, baina horri buelta eman nahian, aste hasieran Bidasoa Irunek iragarri zuen Mikel Zabala eibartarrak 2026ra arte jarraituko duela taldean. Horren ondotik etorri da Cavero berritzea.

Eskuin hegalak Irungo El Pilar ikastetxean egin zituen lehen pausoak eskubaloian, eta bertatik, Bidasoa Irunera egin zuen salto. Hain justu, 2013an debutatu zuen lehen taldearekin Egiaren aurka, Euskal Kopako neurketa batean. Zortzi denboraldi egin ditu taldean, eta orain arte 199 partida jokatu ditu Asobal Ligan (465 gol); Europan 30 (102 gol), horietatik 11 EHF Champions Leaguen; Kopan 20 (47 gol), eta Asobal Kopan zazpi (31 gol).

Irundarra «pozik» dago kontratua berritu diotelako, eta nabarmendu du «ohorea» dela bere hiriko klubean aritzea: «Oso pozik nago maila honetan lortzen ari garenaz, eta gozatzen jarraitu nahi dut. Klubak niregan jarri duen konfiantza eskertzekoa da, eta nire aldetik, saiatuko naiz neure harri-koskorra ekartzen». Autokritikarako tartea ere izan du Caverok, eta azaldu du helburu nagusia dela Asobalen orain arte egindakoa «konpontzea», galdu dituzten puntu horiei «buelta ematea», eta sailkapenean «ahalik eta gorenen» amaitzea.