Zuriñe IGLESIAS SARASOLA

BANGLADESHEKO SELEKZIOA GIZARTEAN DAUDEN HARRESIAK APURTZEN ARI DA

Selekzioak Asia Hegoaldeko Futbol Federazioaren txapelketa irabazi izanak ateak ireki dizkie futbolean emakumezkoen eskubideei. Besteak beste, bertako herritarren errekonozimendu soziala jaso dute, milaka lagunen berotasuna sentitu baitzuten jokalariek aireportuan. Zauriak, hala ere, sakona izaten jarraitzen du.

Goian, Bangladesheko jokalariak autobuseko ospakizunean; eta, beheran, gol bat ospatzen.
Goian, Bangladesheko jokalariak autobuseko ospakizunean; eta, beheran, gol bat ospatzen. (AFP-SAFF | AFP-SAFF)

Askotan esan ohi da irudiek hitzek baino gehiago adierazten dutela. Bada, hurrengo istorio honek ezin hobe berresten du hori. Bangladesheko emakumezkoen futbol selekzioak Asia Hegoaldeko Futbol Federazioaren (SAFF) txapelketa irabazi zuen iragan irailaren 19an, herrialdeko historian aurrenekoz. Data hori iltzatuta edukiko dute aurrerantzean. Ospakizuna gogoangarria izateaz gain, irudi adierazgarri bat utzi zuen.

Jokalariak aireportutik iristean autobus ireki batean egin zuten bidea Bangladesheko futbol federazioko egoitzara. Hara iristean prentsaurreko bat antolatu zuten, baina jokalariak, protagonistak izan ordez, bigarren plano batean geratu ziren. Federazioko funtzionarioak izan ziren kazetarien galderei erantzun zietenak; denak gizonezkoak, eta lehen lerroan eserita. Jokalariak, aldiz, 45 minutuz egon ziren gizonezkoen itzalean, atzean eta zutik. Galderei erantzun ezinik, gainera. Batzuek zuhaitza astindu, eta besteek intxaurrak batu.

Emakumezkoek ez dute paper erraza islamismo erradikala oso errotuta dagoen herrialdean. Hainbat eskubide ukatzen zaizkie, eta horietako bat da futbolean aritzea. «Hasiera batean neskak jokatzera joaten zirenean Satkhirako [Indiako mugaren ekialdean] futbol zelaira, kritika askori aurre egin behar izaten zieten, baina hori guztiz aldatu da SAFFeko txapelketa irabazi ostean». Horiek Sabina Khatun selekzioko kapitainaren hitzak dira, eta bere jaioterrian emakumea izateagatik futbolean aritzeko izan zituen zailtasunak zein diren azaldu du: «Jendeak ez zuen onartzen neska bat korrika eta praka motzekin futbolean aritzea. Orain, baina, gauzak errazagoak dira. Zailtasunei aurre egiten ikasi dugu, eta lortu dugun arrakastak lagundu digute horretan».

Arrakastatsua izan zen Bangladesheko selekzioak 3-1 irabazi izana Nepali, ez soilik irabazte hutsagatik, baizik eta txapelketa osoan inork ez zuelako haiei irabazterik lortu, eta Nepal mendean hartu zuelako bere herrialdean -Katmandun Nepaleko hiriburuan jokatu zen finala-. Horrez gain, Khatun kapitaina izan da txapelketako golegile nagusia, zortzirekin, eta hura da Bangladesheko historian jokalari bakarra nazioarteko liga batean aritu dena. Maldivako Futbol Sariketan (FAM) jokatzen du.

Erdietsitakoa, beraz, historikoa izan da. Dhakarako aireportuan milaka pertsonek harrera egin zieten selekzioko jokalariei, eta Bangladesheko futbol federazioko egoitzarako bidean ere beste hainbeste jarraitzaileren babesa izan zuten. Horren inguruan, Khatunek adierazi zuen «ez sinestekoa» zela Bangladesheko jendeak nola egin zuen otoitz haien alde. Aldi berean, aldarrikatu zuen garaipena «nazio osoarena eta Bangladesheko herriarena» zela, eta ez zekiela emakumezkoen futbolak hainbeste jarraitzaile zituenik.

Orain arte bizi izan duten errealitatea, ordea, oso bestelakoa izan da. Gutxi izan du babesetik, eta asko kritikatik. Txapelketa hori irabazi aurretik, hala babesleen nola zaleen laguntza hutsala izan da. Are gehiago, iragan irailean txalo egiten zietenek jokalarien aurka zeuden lehenago. Izan ere, 2003an txapelketa berean bigarren egitea lortu zuten, baina jokalariek ez zuten gizartearen aintzatespenik jaso.

Errekonozimendu eza ez ezik, isekak ere bazeuden: ez soilik andreentzat, baita selekzioan entrenatzaile moduan aritzen ziren gizonentzat ere. Horietako bat da Golam Rabbani Choton Bangladesheko jokalari ohia. Bangladesheko emakumezkoen selekzioen zuzendari teknikoa izate hutsagatik lagunen eta taldekideen burlak jasan behar izan zituen: «Niri beti gustatu izan zaidan lan bati iseka egiten zioten, baina ni harro sentitzen naiz lan hori egiteaz».

Gutxika-gutxika joera hori aldatzen joan da, eta Bangladeshek SAFFeko txapelketa irabazteak hauspotu du aldaketa. Garaipenaren ondotik, Sheikh Hasina Bangladesheko lehen ministroak jokalariei diru-sari handia eman zien, eta baliabiderik ez zuten jokalari askori ere etxebizitza bat eskaini zien. Laguntza horrez gain, Bangladesheko cricket batzarrak ere -herrialdeko kirol nagusienetako bat da cricketa- jokalariei 150.000 dolar -141.050 euro- eman zizkieten sari gisa, txapelketa irabazi izanagatik. Herrialdeko enpresek ere inbertitu dute emakumezkoen selekzioak babesleak izan ditzan.

LIGAN, INBERTSIO ESKE

2010ean hasi zen jokatzen Bangladesheko selekzioa, eta egun 140. postuan daude FIFAko rankingean. Emandako aurrerapausoak kontuan hartzekoak badira ere, gehiago nahi dute. Hurrengo urratsa da inbertsio handiagoa egitea emakumezkoen herrialdeko ligan. Dirudienez, maila gorenean eztabaidatzen ari diren gai bat da, eta horrek bidea erraztuko lieke epe luzerako nahi duten helburua lortzeko: Asia hegoaldeko selekzio xume bat izatetik igarotzea maila kontinentalean muturra sartuko duen selekzio bat izatera, eta gainerako selekzioekin lehiatzeko moduan egotera.

Hain justu, helburu horretara ailegatzea nahi du Kazi Salahuddin Bangladesheko Futbol Federazioko (BFF) presidenteak. «Japonia, Korea eta Thailandia bezalako talde handiagoen aurka jokatu behar dugu. Litekeena da alde handiagatik galtzea, baina ikasteko gaude. Ez badugu hori egiten, lortu berri dugun garaipena hutsala izango da». Hurrengo Asiako Kopa 2026an da, eta horren harira honela mintzatu da presidentea: «Lan gogorrak fruituak ematen ditu. Baina gure helburuak askoz ere handiagoa izan behar du, eta gure taldea horren arabera eraiki».