Andoni ARABAOLAZA
IRUÑEA
Elkarrizketa
Marta Peche
Eskalatzailea

«Inklusioaren bidean urrats gehiago egin behar dira»

Desgaitasuna duen eskalatzailea da Marta Peche gasteiztarra, paraeskaladako lehiaketetan Hego Euskal Herriko ordezkari bakarra. Amaitzear dagoen urte hau bikaina izan da arabarrarentzat; izan ere, Espainiako Txapelketa eta Kopa irabazteaz gain, Munduko Kopan lehen sailkatuen artean izan da.

Duela urte batzuk Marta Pechek izandako istripuak gurpil-aulki batean utzi zuen. Muineko lesio latz batek arazoak sorrarazi zizkion hanketan zein besoetan. Alabaina, etsi ordez, ahalegin handiarekin, egoera hori irauli eta berriro kirola egiten hasi zen. «Kirolaria izan naiz betidanik. Ezbeharraren ondoren erabat galduta egon nintzen. Eskalada ezagutu nuen txiripaz. Eskalatu nuen nire lehen bidea, nituen arazoengatik, oso luzea egin zitzaidan. Hamabost egun minarekin egon nintzen! Baina eskaladak erabat harrapatu ninduen. Gorputza ondo edukitzeak lan handia eskaintzen dit. Esfortzu ikaragarria egin behar izaten dut entrenatzeko eta eskalada praktikatzeko. Muineko lesioa denez, jendeak ez du barneratzen bizi dudana. Sendagile batek esan zidan ohe batetik ez nintzela mugituko. Horrek egundoko amorrua sortu zidan! Gehienbat, burua bere lekuan jartzea eta sendotzea izan da gogorrena. Kirol diziplina banuen, eta asko lagundu zidan aurrera jarraitzeko», kontatu du arabarrak.

Eskalatzaile gasteiztarrak arroka eta lehiaketak uztartzen ditu. Entrenatu eta lehiaketetan era egoki batean parte hartzeko Iruñera bizitzera joan zen. Egun, Rocopolis rokodromoan entrenatzen du eta paraeskaladako probetan (RP1 kategorian) Nafarroako selekzioarekin lehiatzen da. GARAk hitzordua egin du Marta Pecherekin urtea nola joan den jakiteko eta bere egunerokotasuna bertatik bertara ezagutzeko.

Urte bikaina izan duzu lehiaketetan. Zein da zure balorazioa?

Pozik nago; urte biribila izan da. Egun, eskarmentu gehiago dut, eta uste dut denboraldia ondo prestatu dudala. Gainera, nire ahultasunak hobeto kudeatzen ditut. Fedme-k antolatutako hitzorduak irabazi ditut, eta Munduko Kopan brontze bat eta laugarren bi postu sinatu ditut. Nire lana, entrenamenduak eta lehiak uztartzea oso zaila da niretzat. Nazioarteko hitzorduetan, adibidez, nire aurretik sailkatzen direnak oso indartsuak dira. Bederen, nire lanarekin gustura geratu naiz.

Aipatu duzun guztiarekin iruditzen zait nazioarteko proba batean brontzea eskuratzea ez dela txikikeria bat; izan ere, zu ez zara profesionala. Zer garrantzia ematen diozu?

Niretzat oso inportantea da; horregatik, oso pozik nago. Nik bakarrik dakit zer nolako gorabeherak bizi ditudan: gorputzean ditudan minak, gai pertsonalak… Eta, hortaz, brontze bat lortzea ikaragarria da. Jakina, postu hobeak erdietsi nahi ditut.

Garaipenak, podiumak, postu oso onak… horiek guztiak dira guk geuk ikusten ditugunak. Baina fisikoki eta burutik, nola aurkitu zara?

Ez ondo, ezta gaizki ere. Eskaladak asko laguntzen dit, batez ere burua sendotzen. Argi dut nire osasuna okerrera doala. Atal oso gutxi ditut osasuntsu, eta, gainera, eskaladaren praktikarekin muturrera eramaten ditut. Min handia, lesioak.. hori da nire egunerokotasuna. Ahal dudan hobekien kudeatzen ditut, baina den-dena metatzen da. Etorkizunean ikusi beharko dut nire gorputzak zein bilakaera duen.

Gure ingurumarian paraeskaladako lehiaketak berriak dira. Antolakuntza, ekipatzaileak eta eskalatu behar dituzuen bideak kontuan hartzen baditugu, aurrerakuntza handia ikusi duzu?

Aurten hitzordu gehiago izan dira. Eta horietan akats batzuk egon dira. Adibidez, bi hitzordu data berdinean jarri zituzten. Uste dut gehiago koordinatu behar direla. Espainiako Txapelketa, adibidez, beti Rocopolisen egin da. Eta bikain antolatzen dute. Horrez gain, dei bat egin nahi nuke inklusioaren alde. Uste dut guretzat oso inportantea dela. Hots, eskaladako eta paraeskaladako lehiak elkarrekin egitea. Eta hori ez dute aurrera eramaten. Horrekin esan nahi dut egun ezberdinetan antolatzen dituztela. Hortaz, ez gaude elkarrekin. Beroketa lanak beste lehiakide horiekin egitea beharrezkoa da guretzat.

Ekipatzaileen lanari dagokionez, olatuarena egiten diet. Bide oso egokiak prestatzen dizkigute, eta txalotzen dut egiten duten lana.

Egun, paraeskaladako hitzorduek ikusgarritasun handiagoa dute. Baina sinbolikoa ote da?

Oraindik bide luzea egin behar da. Duela urte batzuk okerrago geunden; horregatik, paraeskalada ikusgarri egin behar da. Eskaladako lehietan publikoa egoten da, gure hitzorduetan ia inor ez. Ederra izango litzateke beste lehiaketetan izaten diren gazteekin elkarrekin berotzea, ikus dezaten gu zein egoeratan gauden, eta istripuren bat badute aurkituko duten balizko egoera.

Hori esan eta gero, ondoriozta dezaket paraeskalatzaile baten arrakasta ez dela berdin neurtzen.

Hala da. Nik hori beti aldarrikatu dut. Ez zaio garrantzi bera ematen. Eskalatzaile batek ingurumari honetako lehia bat irabazten badu, azpimarra egiten zaio; aldiz, guk nazioarteko lehia batean arrakasta bera lortzen badugu, ia oharkabean pasatzen da. Ikusezinak gara!

Iaz lehen aldiz eskalada olinpikoa izan zen, baina paraeskaladak ez zuen tokirik lortu.

Diote sei urte barru antolatuko dutela. Espainiako Olinpiar Batzordeak bisita egin zigun, eta arreta handia jarri zuen. Ikusiko dugu. Niri oso urruti geratzen zait; izan ere, egunez egun bizi naiz.

Entrenatzeko apustu handia egin duzu. Gasteiz utzi eta Iruñera bizitzera joan zara. Rocopolisen jarduten duzu eta Nafarroako selekzioko ordezkaria zara. Nola hartu zaituzte?

Kosta egin zitzaidan erabaki hori hartzea. Onartu behar dut oso eskuzabalak direla. Bueno, esan zidaten nafarra egiteko hamar urte lurralde horretan egin behar ditudala (barreak). Gainera, Iruñean bertan lan egiten dut. Oso eskertua nago!

Desgaitasunik ez duten eskalatzaileentzat entrenamendu espezifikoak zein zientifikoak daude. Baina zu bezalako eskalatzaile batentzat egundoko hutsunea dago. Zuretzat beste oztopo bat da, ezta?

Gai hori zaila da, batez ere RP kategorietan lehiatzen garenontzat. Itsuek eta atal bat moztuta dutenek errazagoa dute; hobeto egokitzen dira. Guk, aldiz, arazoak ditugu mugimenduekin eta indarrarekin. Beste oztopo bat da. Nik arazo handiak ditut. Ez dut entrenatzailerik eta nik neuk den-dena egin behar dut. Entrenatzaile batek medikuntzan (neurologian) edo fisioterapian aditua behar du izan. Entrenamendua nire jardueraren oinarria da.

Gorabehera askorekin ibiltzen zara. Oso gogorra izan behar du, ezta?

Kirol bat praktikatzen dudanean topera noa. Hobetzea da neure helburua, eta kirol hori egiten dudan bitartean arazoak alde batera uzten ditut. Egun batzuetan min handia izaten dut, baina eskalatzen hasten naizenean “desagertzen” da. Indarra ematen dit. Gainera, asko motibatzen nau lehiatzeak.

Lehiatzeaz gain, arrokan ere eskalatzen duzu. Zer moduz daramazu?

Eskuarki, gidari batekin eskalatzen dut. Une jakin batzuetan minez egoten naiz, eta ordubete igaro behar izan dut zintzilik. Baina oso burugogorra naiz, eta horrek indarra ematen dit. Asko akitzen nau, eta beheraldia izaten dut. Ez dakit batzuetan indarra nondik ateratzen dudan.

Sokaburu eroriko bat izatea zuretzat debekatutako egongo da.

Hala da. Eskuarki, sokaren beste muturrera lotzen naiz. Soka mosketoitik pasatzea asko kostatzen zait. Bidea erraza bada, sokaburu joan naiteke, baina ezin naiz fidatu. Gustatuko litzaidake, baina irrist egin eta eroriko bat izateak egundoko beldurra ematen dit. Argi dut hori gertatzen bada anbulantzian eramango nautela. Arreta handiz jardun behar dut! Behin laugarren mailako bide batean sokaburu joan nintzen. Bilerara heldu aurretik soka azken mosketoitik pasatu behar nuen. Baina ezkerreko besoaz ezin dut hori egin, eta zinta hori eskuinean zegoen. Hogei minutu egon nintzen soka mosketoitik pasatzeko.

Zer nahiago duzu: lehia ala arrokan eskalatzea?

Zalantzarik ez dut: harkaitza. Ezin ditut maila berean jarri. Naturan egoten naizenean, neure burua lasai egoten da. Nahiz eta egun zer edo zer lasaitu naizen, lehietan (finaletara atera aurretik) oso urduri jartzen naiz. Behin bidea eskalatzen hasten naizenean, egoera aldatzen da. Naturan oso lasai jarduten dut.

Entrenatzeko ordu gehiago izateko, egun batzuk jarraian lan egin behar duzu. Hau da, denbora ateratzeko. Ez zara profesionala, eta hala moduz uztartzen dituzu entrenamenduak eta txapelketak. Gainera, profesionala ez zarenez, nazioarteko lehiakideek koska bat ateratzen dizute. Laguntzarik ez zaizu iristen, ezta?

Lehen aipatu dudan bezala, inklusioa eta ikusgarritasuna beharrezkoak dira. Horregatik erakundeei eta eskalada markei eskatzen diet begirune handiago izatea eta desgaitasuna dugunoi gehiago laguntzea. Desgaitasuna ez duten eskalatzaileen ahalegin bera -edo handiagoa- egiten dugu, baina hauek bakarrik aitortzen eta laguntzen dituzte.