Arnaitz GORRITI
BINAKAKO TXAPELKETA

Jokin Altunaren magiak eta Xabi Tolosaren lan sendoak bat egin dute Astelenan

Peña II.ak eta Mariezkurrenak tantoak sarri mendean izanagatik, kale ere gehiagotan egin zuten, eta Amezketako aurrelariak ezarri zuen diferentzia.

Altunaren euforia eta Tolosaren poz isilagoa, lan bikaina egin eta irabazi ostean.
Altunaren euforia eta Tolosaren poz isilagoa, lan bikaina egin eta irabazi ostean. (Raul BOGAJO | FOKU)

«Aurrean tanto bikainak egin ditut, baina nik uste Xabi Tolosak ere atzetik lan handia egin duela. Bikote bezala asko eman dugu», adierazi zuen Jokin Altunak Eibarren Peña.IIari eta Mariezkurrenari gailendu eta gero. «Nik uste bikote bezala joko asko batu dugula, baina Jokinek -Altuna III.ak- frontoia zutik jarri du; eta Altuna maila horretan dela bere atzelari izatea plazer hutsa da», gaineratu zuen Xabi Tolosak berak.

Bikotekideari loreak botatzea oso ohikoa da, baina kasu honetan, biek ala biek zuten arrazoi osoa. Xabi Tolosak sekulako lana egin zuen Mariezkurrena bezalako jotzaile baten kanoikada ia guztiak eraman eta ahal zen neurrian Peña II.aren erremateak saihesteko. Alabaina, atzelariari berari kendu zion lanagatik eta bikote urdina nola erotu zuen aintzat hartuta, Jokin Altunak bere egin zuen Astelena frontoia.

«Pilotaleku honetan partida onak txarrak baino gehiago jokatu ditut, eta ez dut uste kasualitatea denik», gehitu zuen Amezketako aurrelariak. Kasualitatea izan edo ez, Tolosak egin zuen lan bikaina are eta hobea bilakatu zuen Altunaren magiak, azkenera arte gogotik saiatu ziren Peña eta Mariezkurrenari irabazi eta, hiruna garaipenekin, sailkapen nagusian berdindu ahal izateko.

ERAUNTSIA

Hasiera baten 4-0 galtzen izan eta gero, 4-5 aurrea hartu zuten Peña II.ak eta Mariezkurrenak. Berriozarko atzelariak mendean zerabilen Tolosa, eta Peñak ez zeukan beldurrik Altunaren aurrean errematea bilatzeko.

Baina 8-0eko partziala kateatu zuen bikote gorriak une horretan. Jokin Altunaren joko eta erremate erauntsia izan zen, urdinak dantzari zebiltzala. Aurreneko atsedenaldira 12-5 iritsi zen partida, eta azken emaitzari begira, aldea markatu zuen partzial horrek.

Suspertu ziren, nolanahi, Peña II.a eta Mariezkurrena, baina tanto apartak jokatu ere, hiru edo lau tantora baino ezin izan zuten hurbildu, zela Altunaren tantoengatik, zela beraien akatsengatik. Urdinek sarri tantoak mendean izan zituzten, baina irabazi ezin, gorrien bertuteek bat egin zutenean Astelenako partida bere egitea lortu baitzuten.