Motxilak gibelean uzteko garaia
Badira zenbait hamarkada Euskal Herriko gatazka hasi zenetik, eta orain arte, belaunaldiz belaunaldi, honen ondorioak zuzenean jasan ditugu motxiladun umeok; horrela deitzen zaigu guraso bat edo biak preso ditugunoi edo izan ditugunoi. Ondorio horiek jasan behar dituzten azken belaunaldia gara, asteburuero motxilarekin ehunka kilometro egitera behartuak garen azkenak, edo hala espero dugu bederen. Horretarako, Ipar Euskal Herriko hamabost bat motxiladun ume eta motxiladun ume ohi elkartu gara itzalpean utzitako bizipenak partekatzeko. Zoritxarrez, bidaia luzeak ez baitira motxiladun ume izateak suposatzen duen alde bakarra.
Haur bati aita, ama edo biak kentzeak zer baldintzatzen du? Egunero, ikastolarako bidean, ohean sartzean, egun berezietan, mugagabean haien falta sentitzea. Olentzerori jolasak galdegin beharrean familia elkartzearen eskaera egitea. Hori bera, gutun gehiago idaztea kartzelarantz ez eta Olentzerori. Txikitatik injustizia zer zen ikasi genuen eta horrekin hazi behar izan genuen. Hainbat kilometro igaro ditugu bideetan gaindi, lagunekin edo aisialdietan denbora pasatu ordez. Alta, zein minutu gutxiz goxatu izan ahal gaituzten gurasoek, eta izan bisitetan zein gutunetan zeinen handia izan den intimitate eza, dena irakurria edo entzuna zelako. Horregatik, denok izan ditugu urruntasuna baretzeko ohiturak: gauero ilargiari muxu bat ematea bezala, besteak bere tokitik jaso dezan; edo filmak momentu berdinean begiratzea, elkarrengandik gertuago sentitzeko; ala kantu berdinak entzutea, edota astero espetxeko irratira deitzea, handik entzunak izateko... Adibideak milaka dira. Baina ez du ezerk guraso baten babesa eta maitasuna ordezkatu, anai-arrebekin edo senide unatuekin lotura suntsiezin bat sortu arren. Egia da, momentu latz horietan, bakardadea, tristura, nekadura, arrangura izan ditugula bidelagun. Gaur egun orbainak lekukotzat ditugu oraindik, errealitateak utzitako traumekin. Baina denok ezagutu izan dugun sentimenduetako bat da elkartasuna, ingurukoen eskuzabaltasuna, babesa, maitasuna. Honek gaitu bizirik sentiarazi, gudu honetan lagundu eta animatu, egunak beti alaiak ez izan arren.
Gatazkaren ondorioak pairatuko dituen azken belaunaldia izan nahi dugu. Motxiladun haur izateak egoera zailei aurre egitea suposatzen du, preso politikoen senideak ere zigortzen gaituelako espetxe politika honek; baina horren aurrean, milaka euskal herritarren babesak lagundu digu, konpromisoz eta maitasunez betetako elkartasun olatuek. Milaka dira euskal preso politikoak etxeratzearen alde eta Euskal Herrian bakea eraikitzearen alde lan egiten dutenak, besteak beste, urtarrilero karrikak betetzen dituzten manifestariak, edo berriki Akizen auzipetu dituzten bakegileak.
Bide beretik, orain gazteoi ere badagokigu presoak etxeratzearen alde engaiatzea. Borroka honengatik sufritu duen azken belaunaldia izan nahi dugu, motxilak gibelean uzteko garaia heldu delako, heldu den belaunaldiei askatasunean biziko den herri bat uzteko. Azken hilabeteetan presoen egoeran aldaketak agertu baldin badira ere, hainbat urrats egin behar ditugu oraindik konponbidera iristeko. Horregatik eguberri hauetan ere gazteok lehen lerroan egonen gara euskal preso politikoen aldeko dinamika eta ekimen ezberdinetan, eta heldu den urtarrilean Bilboko karrikak beteko ditugu, guri egoera goxatu diguten bezala, guk ere besteak sostengatu nahi baititugu, guziak gurekin izateko aitzinapausoak emanez.
*Artikulu hau ere izenpetzen dute motxiladun ume izandako lagun hauek: Oier Iriarte, Aitzol Gil de San Vicente, Oihan Aramendi, Amets Perez, Irati Alcantarilla, Otxanda Guimon, Uxue Guimon, Mayi Goikoetxea, Aitzaro Arano, Unai Arkauz eta Txomin Arkauz.