Asier ROBLES
BILBO

«Margotzea behar fisikoa da niretzat, jakia baino inportanteagoa agian»

Bere estiloa figurazio espresionista gisa definitu izan da, batez ere naturari eta gizakiari emana. Izan ere, Juan Luis Goenagarentzat pintura «ez da zerbait intelektuala, fisikoa baizik». Atzo, 72 urterekin eta bizi osoko ibilbidearen ostean, dedikazio artistikoaren Xabier Saenz de Gorbea saria jaso zuen. GARAri emandako elkarrizketa honetan, arteaz duen ikuspegiaz hitz egin du, besteak beste.

Juan Luis Goenaga margolariak Dedikazio Artistikoaren Saria jaso du.
Juan Luis Goenaga margolariak Dedikazio Artistikoaren Saria jaso du. (O. MATXIN EDESA | FOKU)

Dedikazio artistikoaren Xabier Saenz de Gorbea saria jaso zuen atzo Juan Luis Goenagak (Donostia, 1950) Bilboko Arte Ederren Museoan. Estilo espresionista duen margolari honek natura du bere lanetan gairik garrantzitsuena, eta margotzea behar fisikotzat jotzen du, «jakia baino inportanteagoa agian».

Hogei urte besterik ez zituela sartu zen Goenaga euskal artearen eszenan, baina bost urterekin hartu zuen lehen aldiz pintzela, eta inguratzen zuen mundua margotzen zuen haurtzaroan eta nerabezaroan. «Olio txikiak nituen eta Donostia inguruko paisaiak margotzen nituen. Txirrindulariak ere marrazten nituen: Tourra, Giroa... baina, uste dut gehiago interesatzen zitzaizkidala txirrindulariak igarotzen ziren paisaiak txirrindularia bera baino...», esan du Goenagak GARAri eskainitako elkarrizketan.

Prestakuntzaz autodidakta izan zen, eta museoak eta galeriak izan zituen eskola, hala nola Donostiako San Telmo museoa. Gaztaroan Europan zehar bidaiatu (Paris, Erroma, Madril...) eta estilo pertsonala lortu zuen. Estilo horretan, gai piktorikoaren erabilera adierazgarria eta abstrakzioaren eta figurazioaren konbinazioa sartzen dira. Haren interes tematikoak naturari eta landa-munduari buruzko erreferentziak dira, pintura, argazkigintza eta eskultura-objektuen eraikuntza barne hartzen dituen praktika artistikoan.

Bartzelonan bizi izan zen aldi batez. Han grabatugintza ikasi zuen Liburuaren Arteen Kontserbatorioan, eta San Jorgeko Arte Ederren Eskolan egin zituen ikasketak tarte labur batez. 1970ean Gipuzkoara itzuli zen bere kabuz lan egin eta ikastera eta Alkizan finkatu zen, 70eko hamarkadan. Naturaz inguratutako herri horretan bere estiloa sendotu zuen. Inguruko paisaiarekin etengabeko harremanean, elementu errealen irudikapenak, bere ibilaldietan aurkitzen zituen belar, adar edo sustraiak adibidez, irudi ezohikoak eta indar poetiko eta teluriko handikoak sortzeko aukera izan zuen.

Natura, arkeologia, mitologia...

Alkizako baserrian du Goenagak bere gotorleku artistikoa, baina beste toki batzuetan ere aritu izan da margotzen. Esaterako, uda honetan, Zahara de los Atunesen (Cadiz, Andaluzia). Baina lekuz aldatu arren, bere artelanetan berdina islatzen duela azpimarratu du: «Cadizen margotu nituen arroka gorri-laranja-okreak leku hau bezalakoak dira», esan du Bilboko Arte Ederren Museoko egongelari erreferentzia eginez. «Leku ezberdinak bilatzea aitzakia da», argitu du.

Bere inguruan ikusten dituen paisaiez gain, literaturak ere inspiratu du pintatzeko orduan, eta gaztetatik Baroja, Lovecraft, Allan Poe eta Jose Miguel Barandiaranen eragina izan du. Arkeologia, dantza eta mitologia ere izan ditu inspirazio gai, esaterako, “Arkeologiak” sailean (1991), antzinako eta mitologiako irudietara jo eta natura eta magikoa dena berrikusi zituen.

«Niretzat pintura ez da zerbait intelektuala, fisikoa baizik. Margoak ludikoa izan behar du. Ez du zerbait tristea izan behar, bizia izan behar du», esan du Goenagak.

Dedikazio artistikoaren Xabier Saenz de Gorbea saria

Xabier Saenz de Gorbea (Getxo, Bizkaia, 1951 - Bilbo, 2015) historialari, kritikari eta ikertzailearen figura iraunaraztea eta hark artearen munduari egindako ekarpenak betikotzea ez ezik, arte bisualen edozein arlotan (sorkuntza, azterketa eta ikerketa, promozioa, hedapena eta sustapena) izandako dedikazioa aitortzea du helburu Juan Luis Goenagak jaso duen sariak.