EDITORIALA

Zentzuzkoak ez diren «heriotza naturalak»

Etengabe iristen dira polizia gehiegikerien gaineko albisteak, eskuarki agintariek zurituak, euren sinesgarritasunaren kalterako izan arren. Ez da Estatu espainolean bakarrik gertatzen, jakina, baina horrek ez luke inor hobeto sentitzeko motiboa izan beharko. Aurten polizia indarren atxiloketetan 15 hildako izan dira estatuan. Horietatik bederatzi, «heriotza naturalaren» ondorioz. Jon Iñarritu Kongresuko diputatuak bere harridura agertu zuen, eta ez da datu horiek harritu duten bakarra. Beharbada, ez da hain harrigarria euskal diputatuak azken 43 urteetako informazioa eskatuta, Gobernuak azken zazpietakoa baino ez helarazi izana. Zer dela-eta egiten dute uzkur gobernu guztiek horrelako datuak emateko garaian?

Botere guneetatik, eta botere politiko eta mediatikoa zerbitzari, segurtasuna aldarrikatzen dute, herritarren artean halako segurtasun kontzeptua oroz gain dagoela sinetsarazi nahiz. Horrek “mozal legea” delakoari eta gisakoei bide ematen die, polizien larderia bridatu ez eta bertsio poliziala betiere ontzat eman eta herritarrari otzantasuna beste aukerarik uzten ez dioten horiei; otzantasuna edo zigorra, legezkoa eta legez kanpokoa. Beraz, segurtasun hori boteretsuen babesa da, bakan batzuena eta ez herritar guztiena, eta aldi berean kontrol sozialerako tresna. Uste izatekoa da zeregin horretarako edonor ez dagoela prest, eta uste sendo horrek polizia gorputzetako kideen profilaz galdetzera bultzatzen gaitu. Euretako askorekin buruz buru egoteko aukera izan duten askok pista ugari eman dituzte, eta pista ugari ikusgai daude, halaber, sare sozialetan, bai banakoek, bai polizia sindikatu eta elkarte askok zabaltzen dituzten mezu beldurgarrietan.

Segurtasun mota horren aldeko diskurtso hori, edonola ere, faltsua da, askatasuna eta eskubideak hutsaren hurrengo dituen jokaera eta jende ugariri segurtasun ezaren sentipen ikaragarria eragiten dion heinean, eta askatasun eta eskubiderik eza baino segurtasun gabezia handiagorik ez dago. Segurtasunaren inguruko edozein politikaren oinarriak justizia eta pertsonen duintasunarekiko errespetua izan behar du. Bestea, estatu totalitarioen berezko ezaugarria da.