Unai BELAUSTEGI
Historialaria
KOLABORAZIOA

3.780 metro

Gaueko ordu txikietan ari naiz oharrak hartzen. Urduri nago. Ez dut lorik egin gau osoan eta, azkenean, idazten hasi naiz. Ez da lehendabiziko aldia hau gertatzen zaidana. Azken urte honetan zehar, tarteka errepikatzen da egoera berbera. Gorputza arraro sentitzen dut, jet lagarekin egon naizenetan bezala: neka-neka eginda, bekainen pisua ezin eutsita, garuna oso motel. Ezin lorik hartu. Hankak eta eskuak dardarka sumatzen ditut, txingurrituta banitu bezala. Arnasketak egin, alferrik. Irakurri, alferrik. Idatzi, alferrik.

Apirilean gure herritik Korrika igaro zeneko hura datorkit burura. Bi aldiz gainditu ninduen furgonetak. 1.000 metro korrika egin nahi eta bi aldiz geratu nintzen atzean. Ezinean. Kirola egitea gustuko dut. Ondo sentitzen laguntzen dit. Zidan. Astean pare bat alditan bizikleta, beste bi-hirutan igeri, eta astean behin gutxienez, mendira. Horixe da nire errutina. Horixe zen nire errutina.

Aurtengo urte osoan zehar ez dut txirrindurik ukitu. Kranpoiak, pioleta eta eskiak non utzi nituen ere ez dut gogoan. Igerian oraintxe hasi naiz, astean behin, poliki-poliki. Itsasoko uraren hotzak mesede egiten dit. Pultsazioak igotzeak ordea, kalte. Oreka bilatu nahian, jota amaitzen ditut mila metroak. Aurreko urtean, igerian ia bost kilometro egin genituen hura gogoratzen dut. Mendian lau egunetan bi lau milako ere igo genituen 2021eko udan. Horietako bat Mont Blanc. Ederra izan zen!

Halako batean, Gabonetan, gaixotu egin nintzen. Covid-19. Positibo. Tira, gripea omen da. Bi txerto hartuta, berehala pasako da. 10 egun egin nituen etxean, berrogeialdian. Sukarrik gabe, baina izugarrizko buruko minez. Eta oraindik ez zait buruko mina joan. Horixe da sentitzen dudan gauzarik txarrena: mila jostorratz buru barruan dantzan. Buruko minaz gain, beste 20 sintoma baino gehiago zenbatu ditut.

Gogoan dut, berrogeialdiaren ostean, nola sartu nintzen igeri egitera. Gutxi iraun zidan pozak. Buruko mina. 2021eko abenduaren 31n, ohitura legez, gure herriko tontorrera igo nintzen, 610 metro. Juxtuan. Tira, pasako da. Lasai, pasako zaizu. Ba ez da pasa.

Aurtengo udan, momentu batean sendatu egin nintzela ere pentsatu nuen. 10 egunez oporretan ezer egin gabe egon ostean, askoz hobeto sentitu nintzen. Lanean hasi arte. Medikuari komentatu nion: «Tira, saiatu deskantsatzen». Mila esker. Ordutik, gaixotasunak okerrera egin du.

Duela hilabete inguru, Erlora igo ginen. 1.030 metro. Juxtuan. Etxera iritsi eta arratsalde osoa lo pasa nuen. Afaldu eta berriro lotara. Hurrengo goizera arte. Ez dut berriro saiakerarik egin. Horietxek nire aurtengo markak: herriko tontorra (610 metro) eta Erlo (1.030).

Urtebete pasa da 2021eko abenduko egun hartatik. Zientziak esaten dituenak eta esaten ez dituenak probatu, jan, edan eta egin ditut. Medikuen arabera, ondo nago. Eta ezin dut bizitza normalik egin. Normalean baino minutuko hamar pultsazio gehiagotan ari zait bihotza taupadaka. Lanean fundamentuz aritzeko gorriak pasatzen ditut. Izugarrizko esfortzua exijitzen dit ikasgela kudeatzeak. Ordenagailuak begiak erretzen dizkit. Publikoan itxura mantentzen saiatzen naiz. Etxera itzultzen naizenean, ordea, ez dut beste ezertarako indarrik eta umorerik izaten. Eta ezin dut kirolik egin.

Pandemia pasa omen da. Gainditu dugu. Duzue. Zorionak denoi! Pozten naiz. Niri gehiago ari zait kostatzen. Pasako zaizu. Laster zaude bueltan. Urtebete. Zientziak ezin omen ditu urtebete honetan covid-19ak niregan utzi dituen ondorioak neurtu. Nik bai: 3.780 metro, hain zuzen ere, Mont Blanc eta Erlo tontorren artean dagoen diferentzia.