Jon ORMAZABAL
PILOTA

Iazko uda arteko sasoia berreskuratzea xede duela hasi du 2023a Unai Lasok

Ezkurdiak eta partida ezinean hasi zuen Martijak, ordea, pauso bat atzera eman zuten aurreko jardunaldian lehiakortasuna berreskuratu zutela zirudienean. 2020ko txapeldunek ez dute erakutsi euren ezaugarri behar luketenetatik dohain bakarra.

Parean topatutako erraztasunak handiak izanagatik, Lasok partida borobila jokatu zuen atzo Astelenan.
Parean topatutako erraztasunak handiak izanagatik, Lasok partida borobila jokatu zuen atzo Astelenan. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Urteko lehen egun hauek helburu edo xede berriak ezartzeko aproposak izan ohi dira eta atzo Eibarren jokatu zuten pilotarien artean Unai Laso izan da egutegia ganoraz estreinatu duen bakarra. Bizkarreta-Gerendiaingoak lagunduta eta aurkariek emandako erraztasunei etekina aterata, Ander Imazek ere garaipen batekin hasi du sasoia, baina oiartzuarrak ere izan ditu une hobeak, urrutira joan gabe, azken udan. Ezkurdia-Martijari dagokionez, 2023a era ezin okerragoan abiatu zuten, emaitzaz harago, oso itxura eskasa eman zutelako, hasiera-hasieratik garaipenerako inolako aukerarik gabe arituta. Aurreko astean lehiakortasuna berreskuratu izanaren zantzuak sumatu bagenizkien Jaka-Arangurenen aurka Irunen, atzo izpirik ere ez zuten erakutsi Katedraleko festan.

Duela astebete bezala, Astelenak sekulako sarrera eta giroa bizi izan zituen, baina kantxa barruko partidak ez zion, inondik inora, sortutako ikusminari erantzun, lehiak aitaren batean oso kolore gorria hartu baitzuen, lehen tantoa Joseba Ezkurdiak amaitu bazuen ere, bi hormako dotore bat jota. Bigarrena lortzeko, ordea, arbizuarrak 17-5ekora arte itxaron behar izan zuen, eta ordurako partida erabat poltsikoratua zuen egungo Buruz Buruko txapeldunak.

Astelehenean nafarrak Tolosan inpotentzia ariketa bat bizi izan bazuen Elordi-Zabaletaren aurka, atzo txanponaren beste aldean aritu zen, kolpez eta oinez bizi, eta erremateetan asko, ia dena, asmatuz.

Hori bai, ezin aipatu gabe utzi parean erraztasun handiak eman zizkion bikote bat izan zutela berak eta Imazek. 2020ko txapeldunei sinonimoren bat jarri beharko bagenie, sakandarra bikote gogorra, zaildua, lehiakorra dela esango genuke Binakakoaren hasieran, baina atzokoan, eta baita Binakakoaren gehienean ere, euren ezaugarriak behar luketen horietatik bakarra ere ez dute erakutsi.

9-2 73 PILOTAKADETAN

Pentsa, atzo 73 pilotakada gurutzatzerako, 9-1 ziren aurretik Laso-Imaz. Etxeberriko atzelaria izan zen, hasiera horretan bereziki, bere maila onenetik milaka argi urtera ikusi genuena. Lasori pilota kentzeko ikaragarrizko zailtasunekin aritu zen Julen Martija eta sakeei behar bezala erantzun ezinda. Azpitik aritu zen Baikoko izarra sakatzen, ezker pareta jota, eta hor ezinean aritu zen afizionatuetan zenbait urtez Uharteko klubean bere atzelaria izandakoa. Eramatekoak ziren bi sake erantzunik gabe utzi zituen sakandarrak, lehena behera eta bigarrena gora botata, 3-1ekoan eta hortik aurrera bururik altxatu ezinda aritu zen, berez pertsona lasaia izanda, urduritasunak jota bezala, partidari nondik heldu ez baleki bezala.

Eta Joseba Ezkurdiarengandik ere behar baino laguntza gutxiago jaso zuen atzokoan, arbizuarra ere ez baitzen partidari eusteko soluziorik topatzeko gai izan. Erritmoa jarri ezinda eta defentsan ere ohikoa duena baina bigunago, Ezkurdiak berak onartu zuen, partida amaitu eta berehala, ez zutela partidan sartzen jakin eta berehala «pilak jarri» behar dituztela.

Erraztasun hauekin, Unai Laso nahieran aritu zen. Iaz garai honetan zuen joko maila berreskuratu ezinda, denbora zeraman Bizkarreta-Gerendiaingoak halako erakustaldi bat emateko gogoarekin eta atzokoa bezalako aukera bati ez zion berehalakoan ihes egiten utzi.

Partida hasiera horretan -12-2 joan ziren aurretik lehen atsedenaldi luzera-, bera izan zen partidako protagonista ia bakarra, Ander Imazek zailtasun dezentekoak topatu zituelako pilota nahi beste gozatzeko eta. Partidak aurrera egin eta abantaila handitu zen eran, oiartzuarrak ere gora egin zuen bere jokoan, nahiz eta orain arte Binakakoan erakutsitakoa baino askoz gehiago den. Atzo, dena dela, ez zuen askoz gehiagoren beharrik izan garaipen merezitakoa bezain erosoa eskuratzeko.

LEHIA TOLOSAN

Binakakoaren seigarren jardunaldia gaur amaituko da Tolosan, Peña-Mariezkurrena eta Peio Etxeberria-Rezustaren arteko demarekin. Aspekoek Baikokoak harrapatu nahi dituzte.