Urtzi URRUTIKOETXEA
BLOKEOA AEB-ETAKO ORDEZKARIEN GANBERAN

Kevin McCarthy: kaos errepublikanoaren sinboloa

Parlamentu baten lehen bilkura egun berezia izan ohi da: lapsus txikiak, diputatu berrien bitxikeriak… Kronika politiko koloretsuak izan ohi dira, bidenabar sistemaren sendotasuna ere erakusteko. Horregatik, AEBetako ikuskizuna, Ordezkarien Ganberako burua hautatu ezinik, eskuin muturrak blokeorako duen gaitasuna ere agerian ari da uzten.

(Mandel NGAN | AFP)

Ganberaren inaugurazioak solemnitatea eta lehen-eskola egunaren ñabardura koloretsua nahasi ohi ditu. Ameriketako Estatu Batuetan, bi alderdiko sistema izanik, ezusterako tartea txikia da: ordezkari gehien dituenak bermatua du Ganberako presidentetza. Buruzagitzara doan bidean lehia badago, norbere lerroen baitan gertatzen da, hauteskundeak amaitu eta Ganbera eratu bitartean dauden zortzi asteetan. Baina eguna iritsita, hautagaiak etxeko lanak eginda joan behar du azterketara. Bere alderdikideen botoak ziurtatuta, gutxienez.

Errepublikanoek irabazi zituzten midterm edo agintaldi erdiko hauteskundeak azaroan. Iragarritakoa baino garaipen txikiagoa izan zen -senatari bat ere galduta-, baina Ordezkarien Ganberan gailentzea lortu zuten. Nancy Pelosik, orain arteko Ganberako buruak, agur esan du honezkero. Ez da ahaztu behar esker txarreko kargua dela alde batetik -eztabaidak gidatu eta sarritan bitartekari izatea dagokio-, baina bestetik herrialdeko hirugarren agintaria dela Speaker-a, presidentearen eta presidenteordearen atzetik. Alderdi barruko lehiak ohikoak dira AEBetako politikagintzan, baina Ganberako lehen saioa iritsitakoan, erabakia hartuta joan dira ordezkariak azken 100 urteotan: hauteskundeak irabazi dituen alderdiko hautagaia Behe Ganberako presidente bozkatu ohi dute beti, bere taldearen gehiengoa baliatuta.

222 ordezkari errepublikano eta 212 demokrata daude gaur egun:

GOP Alderdi Handi eta Zaharreko ordezkari bat izango da Ganberako buru zalantzarik gabe. Baina lehen saio eguna joanda, ezin ziur izan nor izango den gehiengoa ematen duten 218 botoak lortuko dituen hautagai hori.

Errepublikanoen abantaila hain estua izanik, ia guztiek alde bozkatu behar dute; lau alderdikidek ez bozkatzea da posible zaien bakarra, bosgarrenik balego, porrotera kondenatuta bailegoke hautagaia. Astearteko lehen saioa hasterako, ezaguna zen bazegoela bost ordezkari ultrakontserbadorek osatutako talde bat Kevin McCarthy Kaliforniako ordezkariaren aurka.

Lehen bozketan agerian geratu zen, bost ez, askoz gehiago zirela; 201 botorekin geratu zen bosgarren bozketarako. Berez, Hakeem Jeffries demokratak lortu ditu boto gehien behin eta berriz, bere taldeko diziplinari esker. McCarthy, berriz, bozketa bakoitzean babesa galduz joan da.

Nor da, beraz, Alderdi Errepublikanoa hain barregarri utzi duen gertaera honetako protagonista?

Kevin McCarthy Behe Ganberako errepublikanoen buru izan da 2014tik, eta argi du datozen bi urteotako tartean berari dagokiola presidente izatea. Donald Trumpen aginduak otzan-otzan bete izan ditu; 2020ko hauteskundeen eta Joe Bidenen garaipenaren zilegitasuna ere ukatu zuen. Kapitolioaren aurkako erasoari kritikaren bat eginda ere, oro har demokraten aurkako mezuari eutsi dio. Alderdi Errepublikanoa bahitua duen sektore ultrak ez du ñabardurarik edo erdibiderik ametitzen, ordea. Argi utzi dute inola ere ez dutela onartuko McCarthy Ganberako buru izatea, ezta Trumpek berak eskatu dienean ere.

Zenbait errepublikanok demokratek piezaren bat mugituko duten itxaropena dute, blokeo instituzionala hausteko. Kongresuko kide demokrata batzuk bozketatik irtengo balira, adibidez, oro har boto gutxiago leudeke eta, ondorioz, McCarthyk gehiengo osoa lortzeko ere boto gutxiago beharko lituzke. Baina ez dirudi horrelakorik berehalakoan jazoko denik. Ezin uka, patetismo guztiarekin ere, urteotako gezur eta erasoen ostean, errepublikanoen barne borrokaren ikuskizuna gozagarria ere badela demokratentzat… edo Liz Cheney bezalako errepublikano tradizionalentzat. Paralisia arazo handia da, horratik: Ganberako presidentea hautatu artean, 118. Kongresuak ez du lanean hasterik, eta barne-araudirik ere ezin du aldatu (are gutxiago, lege berririk egin, bistan da). Ez dago aurreikusita horrelako blokeoak gainditzeko mekanismorik, gainera: bozkatzen jarraitu behar dute, errepublikanoen zatiketa are lotsagarriago gelditu arren. McCarthyk uneren batean porrota onartu eta bazterrera egingo balu eta hautagai alternatiborik balego, agian demokratekin negoziazioren bat hasteko aukera legoke. Baina ez dirudi berehalakoan halakorik izango denik.

Errepublikanoek galtza bete lan eman diote euren buruari agintaldi berrirako: ikerketa batzordeak (Hunter Bideni buruz, muga eta immigrazio gaiei buruz eta abar) eta Kapitolioaren aurkako erasoaren ostean sortutako lan taldeen itxiera. Funtsean, agenda errepublikanoaren erresonantzia-kaxa bihurtu behar zuen Ganberak, 2024ko hauteskundeetara bitartean. Oraingoz, errepublikanoen higaduraren ispilu da; alderdiaren kaosa eta zatiketa agerian uzten ari den ikuskizun erraldoia.