Estibaliz EZKERRA
Literatur kritikaria

DNA (I)

Ideologia arrazistak deseraikitzeko ariketa gisa aireratu zen lehen aldiz, duela ia bi hamarkada, DNA aztergai duen telebista saioa. Estreinako saio hartan, aurkezle lanetan zebilen Henry Louis Gates Jr. unibertsitate irakasle eta literatur kritikariak Batxilergoko ikasle talde bat izan zuen gonbidatu. Arraza haientzat zer zen eta hari begira haien burua nola identifikatzen zuten galdetu zien. Batek ehuneko ehun zuria zela erantzun zuen; beste batek, aldiz, ehuneko ehun beltza zela. Baziren asiar jatorria zutela uste zuten ikasleak, baita bizpahiru etnizitateren nahasketaren ondorio zirenak ere. Oro har, denek argi zuten zein giza-talderi lotuta zegoen beren itxura fisikoa eta itxura horren arabera nola antzemanak ziren gizartean.

Ikasle guztiei DNA proba egin eta saioaren azken atalean emaitzaren berri eman zieten. Batek baino gehiagok ustekabe handia hartu zuen emaitza jasotzerakoan: %100 beltza zela uste zuen ikasleak bere DNAren portzentaje txiki bat Afrikari lotuta zegoela eta Europako etnizitate ezberdinekin lotura handiagoa zuela jakin zuen. %100 zuria zela uste zuenaren DNAn Asiako hainbat talderen trazak zeuden.

Emaitzek beren buruaren inguruko ezagutzan eraginik izan ote zuten galdetu zien Gatesek eta batzuek baietz esan zuten, nolabait talde ezberdinetako kide sentitzen zirela orain. Ikasle beltzak ezetz esan zuen, ordea: genetikoki Europari lotuta egoteak ez zuela bere azal beltzaren eguneroko errealitatea aldatzen.