A. G.
SASKIBALOIA

Mumbru eta Sito Alonso «etsai maiteak» bisitan datozkigu etxera

Alfred Hitchcockek esan omen zuen film bateko gaiztoak ezartzen duela film horren egiazko maila. Norman Bates eta bere ama bailiren, Alex Mumbru eta Sito Alonso bisitan datoz Buesa Arenara eta Miribillara, hurrenez hurren.

Valentzia Basket Koparako sailkatu nahian iritsiko da Gasteizera 18.30ean. Atzo Breoganek eta Obradoirok jokatu ostean, zortzigarren postua galdu dute Mumbrurenek. Euroligan ere Top 8tik bi garaipenera daude, Dusko Ivanovicen Izar Gorriaren aurka 75-77 galduta. Ez legoke jai hoberik Zurbaon Mumbruren taldea Kopatik at lagatzea baino, nahiz eta jardunaldiak falta diren aurreneko itzulia amaitzeko.

Koparako lehia zuzena jokatuko dute Miribillan 20.00etan Bilbao Basketek eta UCAM Murtziak.

Kopa ez ei dago bilbotarren helburu nagusienen artean, baina Bilbotik nola “ihes” egin zuen ikusita, Sito Alonsori irabazteak xarma badu bizkaitarrentzat. “Etsai maiteei” beti irabazi behar zaie, gainera.

EMAKUMEEN LIGA

Bigarren itzulia hasiko dute gaur eguerdian Emakumeen Ligan. Murtziako Jairisen etxean jokatuko du IDK Euskotrenek, maila ez galtzeko arazotan dagoen taldea, alegia.

Mendizorrotzan 17.00etan Araskik Valentzia liderra jasoko du. Fontetan gasteiztarrak nagusitu baziren ere, balentria zaila dirudi.

Gernikak azken lau partidak galdu dituen Barçari bisita egingo dio 18.10ean, ligako partida irabazi eta Poloniara konfiantzaz beteta joateko.