Ane URKIRI ANSOLA
BINAKAKO TXAPELKETA

Lasoren eta Altunaren partida gogoangarrian Imazek zeresana izan du

Laso-Imazen garaipenarekin, launa punturekin berdinduta daude hiru bikote lehen itzuliaren amaieran. Bi aurrelariek ikuskizun handia eskaini zuten, baina atzeko kuadroetan Imazek erakutsitako sendotasuna ere giltzarria izan zen gorrien garaipenerako.

Imazek airez eramandako pilotakada bat, badaezpada ere Laso atzera laguntzera joan zenean.
Imazek airez eramandako pilotakada bat, badaezpada ere Laso atzera laguntzera joan zenean. (Gorka RUBIO | FOKU)

«Jokin [Altuna] aurrean dagoenean perfektu jokatu behar da. Detaile txikietan erabaki da», adierazi zuen partida bukaeran Ander Imazek. Oiartzuarrak pilotarik galdu gabe bukatu zuen norgehiagoka; Tolosak, bestalde, sei galdu zituen, eta bien arteko ezberdintasun hori izan daiteke gorrien garaipenaren arrazoietako bat.

Aurreko koadroetan Altuna III.a eta Laso perfekziotik gertu ibili baitziren, erasoan zein defentsan. Bizkarreta-Gerendiaingoak agintzen hasi zuen partida (3-0). Gantxo bizia erakutsi zuen nafarrak, baina Amezketako aztia ere prest agertu zen, defentsa on bat erakutsi ez ezik, kontraerasora joateko. Txokoan egindako tanto batekin estreinatu ziren urdinak, eta hor agertu ziren dema ikusgarria izan zitekeen lehenbiziko zantzuak, segidan bigarrena egin baitzuten urdinek, berriro txokoan.

Tolosaren akatsek kondenatu zuten bikote gipuzkoarraren partida hasiera (6-2), baina Imazek eraman ezin izan zuen pilota indartsu bat, Lasoren lehen akatsa, urdinek errematatu zuten tanto ikusgarria eta txokoan egindako beste bat tarteko, partidako lehen berdinketa -eta azkena izango zena- ezarri zuen Altunak. Tolosak atzean ondo eutsi arren, Amezketakoak sinatu zituen tantoak.

Aurrelari nafarraren gantxoaren fintasunak markagailuan aurrea hartzera eraman zuen bikote gorria, eta partida erabat estutu zuen (8-7) Altunaren horma bikoak. 3-0ko beste partzial bat ezarri zuten gorriek, baina ez zuten lortu markagailuan gehiago aldentzea, Amezketako jokoan sartzen zen bakoitzean arriskuaren sinonimoa baitzen. Bere zortzigarren tantoa egin zuen 12-9koa ezartzeko, eta huts egindakorik gabe iritsi zen aurreneko atsedenaldi luzera.

TENTSIO HANDIA

Partidaren bigarren zatian, lehendabizikoan gertatu legez, atzean egon zen giltza: Imaz argiago ibili zen hutsuneak betetzeko garaian, eta hor iritsi zen 13-9koa; segidan, Altunak eginiko lehen akatsarekin, bost tantora urrundu ziren gorriak -partidako alderik handiena-.

Bazirudien partida apurtu zitekeela, baina Tolosak errebotera botatako pilotakada indartsuarekin lehendabiziko tantoa egin zuen, urdinek berriz ere arnasa har zezaten. 15-12ra estutu zuten markagailua. Ordurako indarrak ere akitzen ari ziren, eta aurrean abilezia bazuten baina freskotasuna kamusten joan zen; horren adibide, txapara joandako edo eroritako pilotakadak.

Gorriek lau tanto jarraian eginda, maldan gora jarri zien partida urdinei (19-13); baina hor ere ez zen lehia apurtu, eta are gehiago gogortu zen, Atano III.a frontoiko giro apartak lagunduta.

19-13tik 20-18ra igaro zen partida, tartean 36 pilotakadako tanto zinez ikaragarria. Lasok defentsa ikusgarria erakutsi zuen; eta azkenean Imaz, adi bazegoen ere, ez zen iritsi Altunak txokoan utzitakora (20-16). Lasok oiartzuarra lasaitu egin behar izan zuen, honek pare bat pilotakada huts egin ostean. Fruitua eman zuen, 21-18koa jarri baitzuen lurretik.

Altunak bere gain hartu zuen partida estutzeko ardura, baina azkenean luze botatako sake batekin irabazi zuten gorriek. Partidak merezi zuen amaiera izan ez bazuen ere, Atano III.enean bildutakoen txalo zaparrada beroa jaso zuten lau pilotariek.