Xole ARAMENDI
HONDARRIIBIA

Bikote eztabaida mamitsuak Itziar Ituñoren eta Ramon Agirreren eskutik

“Hobe ixilik”, dio izenburuak. Baina ezin. Amatasun subrogatuaz, Me Too mugimenduaz... eztabaidan ari dira Itziar Ituñok eta Ramon Agirrek gorpuztutako protagonistak.

Itziar Ituño eta Ramon Agirre, agertokian.
Itziar Ituño eta Ramon Agirre, agertokian. (David VICENTE)

Salome Lelouchen “Fallait pas le dire!” antzezlana euskarara ekarri du Ramon Agirrek. «Txalo konpainiatik jaso nuen proposamena. Komedia polita iruditu zitzaidan, interesgarria», dio.

Hamahiru eszena laburretan egituratuta dago. Arinak, biziak. Bikotekideen artean sortutako eztabaidak ditu oinarri obrak. Giroa gehiegi tenkatzen denean, dantza egiten dute. «Biak dira zaleak, seguruenik dantza ikastaroren batean elkar ezagutuko zuten», dio Agirrek. Tango edo lindy-hop pauso batzuen ondoren dator barealdia. «Nire pertsonaia armagabetzeko daukan tresnarik hoberena da, eta berak badaki beti funtzionatzen duela», gaineratu du.

Dantzan ikusiko ditugu Ituño eta Agirre. «Asko gustatzen zaigu, pertsonaiei zein guri, oso dantzariak gara. Koreografia txiki batzuk prestatu dizkigu Ines Uriartek. Une politak dira. Oso gustura egiten dugu. Ikusleak ere horrela hartuko dituela uste dut».

Bikotearen egunerokotasuneko eszenak aurkituko ditu ikusleak agertokian. «Ausarta da, gai potoloen gainean hasten dira eztabaidan. Tratatzen dituzten gaiak gaur egungoak dira, puri-purian daudenak eta komediarako labainkorrak. Arriskua hartu du. Edozein gai ‘tonto’ izan daiteke eztabaidagai, gazta tarta edo patinetea bezalako huskeriak, tartean», adierazi du.

Arrazionalagoa da Agirrek gorpuzten duen pertsonaia. Filtrorik gabea, Ituñok gorpuzten duena. «Nire pertsonaia gauzak neurtu egiten ditu, demagogoa ere bada. Berak, aldiz, ahora datorkiona botatzen du. Oso naturala da, freskoa. ’Aizu, gizartean ezin duzu ibili nahi duzuna edozein lekutan eta edonori esaten’, esaten dio eta ‘ni horrelakoa naiz eta ez daukat aldatzeko asmorik’, hark. Beti eztabaidan». Larunbatean Berrizen izango dira, igandean Villabonan, hilaren 20an Ordizian, eta 26tik 29ra Donostian.