Iker IBARLUZEA
Meteorologoa
AZKEN PUNTUA

Negurik ba ote?

Negu meteorologikoaren erdia pasatu zaigun honetan (astronomikoari 2 hilabete pasatxo falta zaizkio), momentuz denok sentsazio berbera daukagula esango nuke, hau da, negurik ez dugula izan. Eta halaxe izan da.

Tenperaturak oso altuak izan dira, bereziki abenduaren bigarren zatian; eta prezipitazioaren aldetik ere, nahiz eta abenduaren lehen hamabostaldian litro batzuk pilatu, momentuz oso eskasa izaten ari da. Eta hori dena, antizikloia gainean izan dugulako eta hego-haizeak maiz samar bisitatu gaituelako.

Ba ote da argirik tunelaren amaieran? Baietz ematen du. Igandean jada antizikloia erretiratu eta goi-latitudeetako aire hotza sartzen joango zaigu prezipitazioarekin batera: litro dezente pilatuko dira eta mendietan behera elur dezente izango dugu. Ez dago ziur elur maila oso behera etorriko denik, baina behintzat eguraldiak negu ukitua hartuko du.

Pozten naiz. Gure lurrak, errekek eta landareek euria behar dute, eta garaian garaiko tenperaturak, batez ere intsektu izurriteak saihesteko. Gainera ur erreserbak ziurtatzen dira horrela, aurreko urtekoa bezalako eguraldia baldin badugu uda aldera.

Ea joera aldaketa hau egun mordo batean mantentzen den edo hego-haizeak borroka irabazten duen. Momentuz, ongi etorria neguari.