EDITORIALA

Osasun publikoa babesteak du lehentasuna

Nafarroako Medikuen Sindikatuak otsailerako grebara deitu du, Gobernuari bere eskaerak onartzeko presioa egitearren. Aurkeztu duten errebindikazio-plataforma logikoa eta arrazoizkoa bada ere, eta osasun publikoak aspaldidanik dituen arazoekin bat badator ere, mediku nafarrek puntu berezi bat sartu dute, esklusibotasuna ezabatzea, eta horrek alarmak piztu dizkie osasun publikoaren aldeko elkarte ezberdinei, bereziki Osasun Sailak aldaketa hori onartzeko eta sustatzeko erakutsi duen harkortasunarengatik.

Esklusibotasun-osagarria diru konpentsazio bat da, eta horren truke osasun publikoko medikuek uko egiten diote osasun pribatuan lan egiteari. Inolako mugarik gabe interes publikoaren eta pribatuaren arteko kolusioa gerta daiteke. Bi sektoreetan lan egiteak balio diezaieke medikuei pazienteak sistema publikotik pribatura bideratzeko, edo baita kontsulta pribatuak lorbidea bihurtzeko ere, gaixo batzuk zerrenda publikoetan sar daitezen. Bestalde, kontuan izan behar da arlo publikoan zein pribatuan lan egiteko aukera irekitzeak mediku gutxi batzuei besterik ez diela mesede egiten, bereziki itxaron-zerrenda handiak dituzten espezialitate zehatzei. Hala ere, badirudi interesdun gutxi horiek euren aldarrikapen partikularra aldarrikapen-plataforma orokorrean jartzea lortu dutela. Hori ez da harritzekoa, EAEn, adibidez, aspaldi kendu baitzen esklusibotasunaren muga. Aldarrikapen hori sartzean, ezin da baztertu mediku kontserbadore batzuek Gobernua legegintzaldiaren azken txanpan higatzeko izan lezaketen interes politikoa.

Nolanahi ere, eskaria aldarrikapen medikoen artean sartzeak ideologia liberalak lortutako aurrerapena erakusten du. Interes pribatuek ezartzen dioten setio sistematikotik publikoa defendatzen duen edozein arau ezabatu egin behar da. Eta hori, nahiz eta, kasu honetan bezala, babesak altxatzeak mediku oso gutxiri mesede egiten dien eta herritar gehienei kalte egiten dien. Horrelako gaietan, gobernu aurrerakoi baten posizioak garbia izan behar luke, eta ez luke tarterik utzi behar osasun publikoak higatzen segi dezan.