Jon ORMAZABAL
PILOTA

Sendotasunak eman die gorabeheren artean aurrera egiteko modua

Labriten defentsa hobea erakusteak aurka izan zuten 7-1eko emaitzari buelta emateko aukera eman zien Laso-Imazi Jaka-Arangurenen aurka eta Buñuelen pausa gehiago erakutsi zuten Urrutikoetxea-Albisuk buelta askoko beste lehia batean.

Aparteko distirarik gabe izan bazen ere, Laso nagusi izan zen Labriten.
Aparteko distirarik gabe izan bazen ere, Laso nagusi izan zen Labriten. (Gorka RUBIO | FOKU)

Puntuek txapelketa hasieran amaieran adina balio duten arren, Binakakoak aurrera egin ahala garaipenak gero eta garestiago daudela dirudi eta halakoetan sendotasunak sarri distirak baino askoz gehiago balio izaten du. Horren adibide izan ziren atzo Nafarroan jokatutako bi partidak non, gorabehera dezenteko lehietan, Laso-Imazen defentsa hobeak eta Urrutikoetxea-Albisuren esperientzia eta seriotasunak partidak aurrera ateratzeko balio izan zien, nahiz azken hauek azkenerako nahi eta uste baino gehiago sufritu behar izan zuten oso bideratua zuten puntuak eskuetatik ihes ez egiteko. Dinamiken eragina ere ukaezina da lehiaren garai honetan eta bi garaileak gora begira jarri diren bitartean, kezkatzekoa da bi galtzaileen etorkizuna, zulo beltzean sartuta dauden sentsazioa helarazten dute-eta batzuek eta besteek.

Ez da halakorik gertatzen zaien lehen aldia, baina partida berean gorabehera izugarriak izaten ari diren Jaka-Arangurenek bigarren puntua eskuratzeko aukera politari ihes egiten utzi zioten. Izan ere, partida hasiera bikain bati esker, 7-1 aurreratu zen bikote gipuzkoarra Labriten. Arangurenek goitik behera dominatu zuen Imaz, 1-4koan pilota bat errebotean ere jarri zuen, eta Jaka eraginkor batekin eta Lasoren hutsekin bidea maldan behera jarri zitzaien.

Hala ere, beste behin, ezer berezirik egin beharrik gabe galdu zuten horren ondo landutako aldea. Egia da partidak aurrera egin ahala, bigarren astez jarraian pilotarik galdu ez zuen Ander Imazek gora egin zuela eta Lasok, zuzenago jokatzeaz gain, gehiago asmatu zuela, baina urdinek defentsan erraztasunak eman zizkieten, batez ere bere sasoirik onena berreskuratu ezinik jarraitzen duen Erik Jakak. Partida hamaseina berdindu bazuten ere, azkenerako zangoek eta buruek ere zama handiagoa hartu zieten sailkapeneko zuloan direnei eta garaipenak ihes egin zien beste behin.

AKATSAK BUÑUELEN

Urrutikoetxea-Albisuk sailkapenean atzean utzi zituzten Peña-Mariezkurrena, gorabehera handiko beste partida batean, nahiz eta kasu honetan beteranoak une oro markagailuan izan. Huts askotxoko partidan, Urrutikoetxeak egin zuen distira gehien eta Mariezkurrenaren 7 akatsak garesti ordaindu zituzten galtzaileek.