Jon ORMAZABAL
BINAKAKO TXAPELKETA

Jokin Altuna edo nola apurtu aurretik Zabaletaren aurkako partida bat

Partida luze eta bikain batean, amezketarrak eta egunetik egunera goi mailan egonkortzen ari den Xabi Tolosak liderrei lehen porrota eragin zieten Bilbon (22-21). Aurrelari gipuzkoarrak museorako pare bat tanto baino askoz gehiago utzi zuen Bilbon.

Egungo bi pilotaririk eraginkorrenen arteko deman, Altunaren magia nagusitu zen Zabaletaren joaren aurrean.
Egungo bi pilotaririk eraginkorrenen arteko deman, Altunaren magia nagusitu zen Zabaletaren joaren aurrean. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Txapel edo garaipenez harago, edozein kiroletan ondarea uztea izaten da izarrak profesional bikainetatik bereizten dituena. Binakako honetan edozer gauza gerta daiteke oraindik, baina Jokin Altunak jada utzi du bere alea. Ordu eta erditik gorako partida bat txokoan egindako dejada milimetriko batekin amaitzea ez dago ia inoren eskura, baina amezketarra txapelketa honetan egiren ari dena pauso bat harago doala esan genezake. Hasteko, orain artekoa ikusita ezinezkoa zirudien muga pasatu zuen atzo Bilbon; Zabaleta sasoiko baten aurka partida aurreko koadroetatik haustea. Hori hautatu batzuek baino ezin dute egin, eta Jokin Altuna horietako bat da.

Noizbait gertatu behar bazuen, Elordi-Zabaletaren boladak ez zuen amaitzeko erarik txarrena aukeratu, sailez kanpoko pilotari baten aurrean heldu baitzen, orain arteko partidarik luzeenean. Duela astebete Donostian, beste partida latz batean, Laso-Imazen aurka amore eman behar izan bazuten, Tolosaldeko bikoteak atzo pauso bat eman zuen aurrera, aurreko koadroetan bezala atzekoetan. Partida amaitzeko txokoan egindako dejada, 16-12koan utzi zuen museorako errematea, erdi gantxo erdi zabalerako dejada... asko dira atzo utzitako aleak, baina hortxe egon daiteke Jokin Altunaren ekarpenik handiena, bere alboan Xabi Tolosa izaten ari den gorakada nekez uler baitaiteke amezketarrak jokoari ematen dion hori guztia gabe. Anoetarrak partida bikaina jokatu zuen, Zabaletaren joari eutsi eta Elordiri aukerako pilota askorik utzi gabe, apenas akatsik egin gabe, aurrelariari erabateko bermea eskainiz.

BAKOITZA BEREAN

Hamaika detaile, gorabehera eta buelta izan zituen partida nolabait laburtzearren, egungo bi pilotaririk eraginkorrenen arteko lehiaren giltza -lehen itzuliko partida ez zuen jokatzerik izan amezketarrak- aurreko koadroetan egon zela esan genezake, nahiz eta Bilboko pilotalekuak ez zirudien horretarako lekurik egokiena. Jokin Altunak argi zuen Elordi bere tranpan harrapatu behar zuela irabazteko aukerak izateko eta horretarako aukera izan zuen bakoitzean tantoak aurrean erabakitzen saiatu zen.

Orain arteko partidetan horren ondo funtzionatu duen Zabaletaren joaren eta Elordiren arteko erremateen arteko ulermena nahasten asmatu zuen, hasieratik, Altunak. Aurreko zazpi jardunaldietan mallabitarrak jakin izan du atzelariak sortutako aukerei itxaroten; atzo, ordea, aurkariak zepoan harrapatu zuen, hasiera samarrean hiru gantxotan akatsak egitera behartu zuen eta hortik aurrera bere ezker gantxoa ez zen aurreko jardunaldietan bezain eraginkorra izan, hori denean bere armarik eraginkorra. Azkenerako, gainera, mindu samar amaitu omen du bizkaitarraren ezker eskuak.

Partida gehienean gorriek izan zuten markagailuaren aginte makila, tartean lau tantako aldeak ere lortuz (10-14) baina Jose Javier Zabaleta ere ez da edonolako pilotaria eta etxarrendarrak ere jakin zuen partida bere aldera eramaten, batez ere erdialdetik aurrera.

Inspiraziorik ezean, Elordik ere asmatu zuen, erremateak ahaztu gabe, jokoari lana eta kemena jartzen eta lehia erabat orekatu zen azken txanpan. Amaiera ezin berdinduago eta orekatuagoan, joaren eta magiaren arteko dialektika horretan bigarrena nagusitu zen.