GARA
ESKUBALOIA

Salinasek 2026ra arte jarraituko du Irunen

Salinas, sasoi hasierako partida batean.
Salinas, sasoi hasierako partida batean. (Jon URBE | FOKU)

Rodrigo Salinasek elastiko horia janzten jarraituko du 2026ko denboraldi amaierara arte. Bidasoa Irun eta jokalaria akordio batera iritsi dira hori hala izateko. Eskuin hegaleko jokalaria taldeko izarretako bat da, eta klubarentzat garrantzitsua izan da funtsezko jokalari baten jarraipena ziurtatzea. Batez ere, Jon Azkue kapitainak alde egin ondotik. Sasoi honetako lehen zatian min hartuta egon da, eta espero da otsailean liga berriz ere hastean bueltatzea -Munduko Kopa amaitutakoan-.

Denboraldi honetan Asobal Ligan jokatu dituen sei lehietan 23 gol sartu ditu, eta beste sei egin ditu Europan Kolstad Handball Noruegako taldearen aurka jokatutako kanporaketan. Aldi berean, ligako txapelketan jokatu dituen bederatzi sasoietan -bat Torreviejan, bi Granollersen, eta sei Irunen-, 828 gol sartu ditu 215 neurketatan. Bidasoa Irunen egon den sasoietan 67 gol batu ditu Europan; txapelketa horretan Nantesen egin zuen debuta.

Txileko jokalariak Winterhill Viña del Mar klubean ekin zion bere kirol ibilbideari. Hortik, lehenik, Bukaresteko Steauara joan zen eta, ondoren, HBC Nantesera. Gerora, Espainiako eskubaloi taldeetara jauzi egin zuen: Escubal Badajozera, Huescara eta Granollersera, hurrenez hurren. 2017an iritsi zen Irunera, Frantziako Chartes Metropole taldetik.

TXILEREKIN ARI DA

Txileko selekzioarekin jokatzen ari da Munduko Txapelketa, Aitor Etxaburu Bidasoako jokalari ohia entrenatzaile duela. Txapelketako lehen fasetik kanporatuta geratu badira ere, Kopa jokatuko dute beheko postuetan geratu diren gainerako taldeekin.