Asier AIESTARAN
PILOTA

Jokin Altunaren erakustaldi aparta Labriten, pilota baxuei errenta aterata

Beñat Rezusta oso deseroso aritu zen hasieratik, amezketarrari pilota kendu ezinik, eta gorriek lortu zuten seigarren puntua poltsikoratzea.

Altunak ez zuen ezkerra behartu beharrik izan eta eskubiz lan bikaina egin zuen.
Altunak ez zuen ezkerra behartu beharrik izan eta eskubiz lan bikaina egin zuen. (J. MANTEROLA | FOKU)

Jokin Altuna eta Xabi Tolosa izan ziren seigarren puntua eskuratu zutenak Peio Etxeberria eta Beñat Rezustaren aurkako partida irabazita, atzo arte Binakako Txapelketan bost garaipenekin berdinduta zeuden bikoteen arteko norgehiagokan. Jokin Altunak sekulako erakustaldia eman zuen Labriten, jokoan 12 tanto eginda eta bakar bat galdu gabe. Bera izan zen lehiaren nondik norakoa baldintzatu zuena.

Amezketarraren inspirazioarekin batera, materialak ere merezi du aipamena. Aurreko egunetan izan diren elurteen ondorioz material aukeraketa atzo bertan egin behar izan zuten pilotariek, partida hasi aurretik, eta orokorrean pilota oso baxuak izan ziren. Bi atzelariei ikaragarri kostatu zitzaien pilota atzeratzea eta, alde horretatik, Beñat Rezusta izan zen bereziki deseroso ibili zena, Altunari pilota kendu ezinik.

Neurketak hasiera oso azkarra izan zuen, bi aurrelariek erritmo oso bizian jokatuz ekin ziotelako demari. Abiadurak zenbaitetan zehaztasun eza ekarri ohi du berekin -Etxeberriak falta egin zuen lehen sakean-, baina ez zen horrela izan atzo, eta partidaren lehen zati luzean sekulako tantoak ikusi ziren. Labriten larunbat arratsaldetan egon ohi den giro beroa are gehiago kiskali zuten Jokin Altunak eta Peio Etxeberriak.

Ezin dira den-denak aipatu lerro hauetan, baina partida hasi eta berehala 3-2koa horma-biko sinestezin batekin sinatu zuen amezketarrak, ikusleak aho zabalik utzita. Jokaldi berdinarekin beste bi tanto gehiago egin zituen 7-3 aurreratu eta urdinei lehen atsedenaldia eskatzera behartuz.

Peio Etxeberriak ez zuen atzera egin. Berak ere behin baino gehiagotan zutiarazi zituen zaleak lehen erdi horretan. Horma-biko milimetrikoa 9-5ean, bolea luzea 10-6koan, gantxo bikaina 10-7koan... Urdinen erreakzioak 10-8 estutu zuen markagailua, eta Rezusta ere animatu zen festara: 7-4koa hark egin zuen, pilota zail bat harrapatu ostean.

PARTIDA HAUTSI

Bigarren erdian, zoritxarrez, partida hautsi egin zen. Jokin Altuna izan zen gorrien 6-0eko partzialari hasiera eman ziona, txokoan utzitako pilota batekin eta zabalean beste aldera begiratuz bota zuen dejada apartarekin. Eta jarraipena urdinen ezinak eman zion, lau pilota segidan galduta. Markagailuak 16-8ko emaitza erakusten zuen eta neurketa parekatu bat ikusteko aukerak ia galduta zeuden.

Urdinek azken saiakera egin zuten partidan sartzeko, eta Etxeberriaren hiru erremate bikainekin 16-12 gerturatu ziren; baina zenoztarraren akats batek aurkariak 22ra bidean jarri zituen.