GARA
BAIONA

Baionako portua blokeatu zuten erretreten erreforma arbuiatzeko

«Portuak funtzionatzen ez badu, enpresak mantsotu egiten dira. Tokiko ekonomia blokeatzen saiatzen ari gara». Mezu hori hedatu zuten goizeko lehen ordutik CGTk deiturik Baionako portuaren sarreran bildu ziren ehun bat lagunek. LAB, Solidaires eta FSUk ere bat egin zuten protesta horrekin.

Baionako portua goizeko lehen ordutik blokeatu zuten.
Baionako portua goizeko lehen ordutik blokeatu zuten. (Patxi BELTZAIZ)

Elisabeth Bornek aurkeztu zuen erretreten erreformaren aurkako ekintza egin zute ostegun goizean Bainako portuan. «Portuak funtzionatzen ez badu, merkantzia ez dabil, enpresak mantsotu egiten dira. Tokiko ekonomia blokeatzen saiatzen ari gara, eta horrek langileak gurekin bat egitera bultzatzen ditu».

Mezu hori hedatu zuten atzo, goizeko lehen ordutik Bokale-Tarnoseko CGTk deiturik Baionako portuaren sarreran bildu ziren ehun bat lagunen aitzinean. LAB, Solidaires eta FSUk ere bat egin zuten erretreten erreformaren kontrako protestarekin.

Manifestari gehienek «Dockers Bayonne» (Baionako zamaketariak) txalekoa zeramaten. Portuko sarrera eta irteera blokeatu zituzten, garraiolariak gelditzera behartuz.

«Ez dugu 64 urte ukan arte lan egin nahi. Gero eta prekaritate handiagoa dago, soldaten gaineko presioa. Ofizioak zailak dira, bizi itxaropena 74, urtekoa da osasuntsu izanik. Ez dugu nahi erretreta heriotzaren aitzingela izatea», azaldu zuen Serge Lescamela CGT Educ Action erakundeko idazkariak Mediabask hedabidean.

31n, mobilizazioa

Manifestariak joan den urtarrilaren 19ko manifestazioak bildu zuen arrakastagatik motibaturik agertu ziren. «Sindikatuarteko eta lanbidearteko mugimendu honekin jarraitzeko gaude hemen, Gobernuaren aitzineko indar harremanean emaitza dakarrena. Erretreten erreformaren aitzinean biztanleriaren eta langileen determinazioa erakusten du», adierazi zuen Lescamelak.

Heldu den asteartean, urtarrilaren 31n, intersindikalak iragarri duen bigarren mobilizazio orokorraren zain, han eta hemen zenbait ekintza antolatu dituzte sindikatuek azken egunetan.

Hala, astearte arratsaldean euskal diputatu macronistek Biarritzen eta Angelun dituzten egoitzetara hamarnaka lagun joan ziren. Ez Vincent Bru ez Florence Lasserre ez zirenez bertan, gutun bana utzi zieten sindikatuek.

Hirigunetik harago FSU sindikatuarekin batera bilkura irekiak antolatu ditu LABek, barnealdean, erretreta publikoen defentsa Euskal Herri osora hedatzeko asmoz.

Zentzu horretan, asteartean Mauleko zerbitzuguneko Orhi gelan eta Donapaleuko Zerbitzu Publikoen etxean elkartu ziren. Asteazkenean, berriz, Izpurako Faustin Bentaberry gelan izan zuten hitzordua. Gaur, aldiz, gehienbat CGT sindikatuko kideek garatu duten Baionako portuaren blokeatze operazioarekin bat egin du sindikatu abertzaleak.

Unibertsitatean bilkurak

08.30etik aurrera Tarnose eta Lapurdiko hiriburu artean errepidea blokeatu zuten langileek. Horren ondorioz kamioiek ezin izan zuten aurrera egin, bai ordea autoek. Ekintzarekin urtarrilaren 19an izan zen manifestazioak zabaldutako bidetik aurrera egiteko duten determinazioa erakutsi nahi izan zuten sindikatuek.

Portuan soilik ez, atzo eta gaur esku orriak banatuko dituzte unibertsitatean, erreformak gazteengan duen eraginaren berri emateko. Estatu mailan ere bilerak antolatu dituzte, erretreten erreformaren aurkako dinamiketara gazteak erakartzeko.

Bi miliotik gora langile kalera irten ziren urtarrilaren 19an frantses Estatuan, sindikatuen arabera. Baionan 10.000 lagun bildu ziren intersindikala osatzen duten zentralek soilik ez, LAB eta ELB sindikatuek ere babestu zuten mugimendu iraunkorra sortzeko atea zabaldu zuen deialdi horretan. Urtarrilaren 31ko mobilizazioa indartsuagoa bilakatzeko deia zabaldu zuten.