Andoni ARABOLAZA
PATAGONIA

Leo Messiren adierazpenek sorkuntza lanak harrapatu dituzte

Matteo Della Bordella, Leo Gheza eta Sean Villanuevak Mermoz orratzan zabaldutako bideari “¿Qué mirás, bobo?” izena jarri diote. Facu Saubidet, Jere Castana eta Santi Scavolineren Guillaumeteko marrak “Andá p’allá” du izena.

Leo Gheza, bide berriaren luze batean sokaburu.
Leo Gheza, bide berriaren luze batean sokaburu. (Matteo DELLA BORDELLA)

Aldarte onarekin izan dira Patagoniako Fitz Roy mendilerroko Mermoz eta Guillaumet orratzetan jardun duten bi taldeak. Lan ederrak egiteaz gain, biek ala biek Leo Messi futbolari argentinarra gogoan izan dute. Ireki diren bide berriek Messiren bi adierazpen hartu dituzte. Hain zuzen ere, Qatarren jokatu zen Munduko Futbol Txapelketan eginikoak. Herbehereetako selekzioaren aurka Argentinak izan zuen partidaren ostean, Messi elkarrizketatzen ari zirela, talde horretako jokalari bat hurbildu zen eta argentinarrak ondorengoa esan zion: «¿Qué mirás, bobo? ¡Andá pallá. Bada, Mermozekoek lehen adierazpen hori hartu dute eta Guillaumetekoek, bigarrena.

Lehen soka taldeari dagokionez, aurreratu behar dugu Matteo Della Bordella, Leo Gheza eta Sean Villanueva izan zirela protagonistak. Hilaren 10ean, leiho on bat aprobetxatu eta “¿Qué mirás, bobo?” marra (7b, 500 m) sortu zuten.

«Sinestezina da, baina gu iritsi aurretik marra hori igo gabe zegoen». Ghezaren hitzak dira, eta nabarmendu nahi izan du Mermozeko ekialdeko horma tenteak duen zirrikitu hori ukitu gabe zegoela. Jarduera hori biribildu ahal izateko, Della Bordella eta Ghezak patxadaz hartu behar izan zuten egoera: «Patagoniara joaten garen bakoitzean helburu oso zehatzak izaten ditugu. Hango girora egokitzeko, Mermoz orratza lehen helburua izan zen. Eguraldia noiz egonkortuko zen zain egon ginen. El Chaltenera iritsi zen Sean, eta adierazi zigun kide baten zain zegoela. Atertu zuenean, hirurok ala hirurok bat egin genuen Mermozera joateko. Esan behar dut Matteok eta Seanek argi zutela igo behar genuen bidea; izan ere, oso agerikoa da».

Hormara hurbildu bezain pronto, “Vol de nuit” eta “Ferrari-Ceballos” bideen lehen lau luzeak eskalatu zituzten. Ondorengo metroak, berriz, igo gabe zeuden. Denera, 500 metro berri ireki zituzten, eta, gehienez, 7b zailtasuna gainditu behar izan zuten. Azken datu horri erreparatzen badiogu, baiezta daiteke “¿Qué mirás, bobo?” Mermozeko ekialdeko murruko bide zailena bihurtu dela. Hots, Kurt Albert eta Bernd Arnorld historikoek zabaldutako “Pilar Rojo” (7a+, 450 m) baino zorrotzagoa.

Ghezak aipatu du lehen metroetan ezusteko bat izan zutela: «Hain zuzen ere, lehen luzean. Goitik eroritako harkaitzek soka bat hondatu zuten. Egoera aztertu eta gero, soka konpondu eta eskaladarekin jarraitu genuen. Gaueko 21.30ean marra berriarekin amaitu eta tontorra zapaldu genuen. Eguraldi ona egin zigunez, han bertan bibaka egitea otu zitzaigun. Biharamunean, arazorik gabe, rappelatu egin genuen».

El Chaltenera itzuli, bi astez leiho on baten zain egon eta Della Bordella eta Ghezak aukera izan zuten beste jarduera ikusgarri bat egiteko. Berriro ere, Fitz Royko mendilerrora abiatu ziren “Care bear” izeneko zeharkaldia egitera. Freddie Wilkinson eta Dana Drummond-ek aktibitate hori 2008. urtean “asmatu” zuten. Hitz gutxitan esanda, zeharkaldi horretan Guillaumet, Mermoz, Goretta zutoina eta Fitz Roy lotzen dira.

Italiarrek bi egun eta erdiko lana egin behar izan zuten xede hori biribiltzeko. Della Bordellak dio zeharkaldi arras erakargarria dela: «Bi mila metro igotzen eta jaisten ibili ginen. Gainera, munduko zerumuga ederrenean. Nahiz eta janaria eta energia izan, eguraldiaren aurreikuspen makalarengatik, ez genuen aurrera jarraitu. Bidaia sinestezina izan da! Leo eskertu nahi dut amets hori egiteko lagundu didalako».

Lehen eskalada egunean Guillaumeteko tontorrera heltzeko “Brener” bidetik igo ziren. Ondoren, “Argentinarren” marratik Mermoz poltsikoratu zuten. Baldintza perfektuak izan zituzten. Eragozpen bakarrak, ordea, haizeteak eta motxila astunak izan ziren.

Mermoz eta Fitz Roy banatzen dituen sekzioan bibaka egin eta biharamunean zeharkaldiarekin jarraitu zuten: «Lehenik eta behin, Goretta zutoina egokitu zitzaigun. Renato Casarottok 1979. urtean zabaldutako bide horrek kalitate handia du. Eta zailtasunak ere ez dira gutxietsi behar. Renatoren maisulan handia da! 17.00etan zutoin horren puntu gorenera heldu ginen. Aurrerara jarraitzeko oztopoak (pareta hezea eta haizeteak) genituenez, bibaka egin genuen. Gaua nahiko atsegina izan zen, eta biharamunean pareta lehorra aurkitu genuen. Arazorik gabe Fitz Royko tontorra zapaltzeko geratzen ziren 300 metroak eskalatu genituen».

“Andá p’allá”

Izen hori duen bidea Facu Saubidet, Jere Castana eta Santi Scavoliniren lana da. Aipatu dugun hirukoteak bezala, egun bera aukera zuten Guillaumeten eskalatzeko. Kointzidentzia horiez gain, esan behar dugu bi orratz horiek parez pare daudela.

Hirukoteak orratzaren mendebaldeko horman 400 metroko bidea sortu zuen, eta 7b eta A0 maila eman dio. Saubidetek dio marra horren atzetik aspaldi zebilela: «Bide hau ireki aurretik Carloncho Guerra argazkilariarekin erpinaren oinarrira joan nintzen. Hainbat irudi hartu ondoren, horiek aztertu eta zirrikitu eder bat ikusi nuen. Leiho on bat iragarri eta Franco Toscanirekin ekinaldi bat egin nuen. Ez genuen zorterik izan, eta leiho berri baten zain egon nintzen. Azkenean, bigarren saialdian, Jere eta Santirekin lan bikain bat egin nuen».

Proposamen berriaren inguruan, eskalatzaile honek aipatu du oso ederra dela. Oro har, artesiak dira nagusi: «Une jakin batzuetan hatzek lan handia egin behar izan zuten. Beste batzuetan, berriz, eskuek eta eskumuturrek. Hortaz, offwidth izaera duten tarteak saihestu genituen. Nahiz eta artesi perfektua eskalatu dugun, plaka teknikoak ere noizbehinka azaldu ziren. Laugarren luzean, adibidez, sekzio bat artifizialean (A0) gainditu genuen; erabat heze zegoen. Bosgarren luzea (7b/A0) bidearen giltza da. Gutxigatik bada ere, ez zen era askean atera. Uste dugu 8a mailakoa izan daitekeela. Pena hori dugu, baina egun bateko jardun horrek asko eskatu zigun. Artifizialean utzitako metro horiek askean igotzen saiatuko gara». Jaitsierari dagokionez, Saubidetek dio bilera guztiak rappelatzeko prest utzi dituztela. Horrez gain, aipatu dugun plakan txapa bat utzi dute: «Rappelatzen ari nintzela, txapa hori jartzea egokia zela iruditu zitzaidan. Baina une honetan ez dut oso argi ondo egin nuen ala ez. Egia da ez diodala garrantzi berezirik ematen».