Edurne ERREA eta Arantxa RUIZ
Steilas sindikatua
KOLABORAZIOA

Enegarren murrizketa hezkuntza publikoan

Orain arte ezagutzen den inflazio handienetako batekin itxi da 2022. urtea, eta kezkaz ikusi dugu nola azken aurrekontuetan hezkuntza publikorako ezarritako igoera oso motz geratzen den sistemaren beharrak arintzeko. Hala, Nafarroak, 2023an 932 milioi bideratuko ditu guztira, azken urteotako hazkunderik txikiena. Desinbertsio horren emaitza argia da: alde batetik, hezkuntzak ikasturte honetan %2,5 pertsona gutxiago ditu ikasgeletan lanean, eta, bestetik, 2008az geroztik ez du ikasle bakoitzeko gastu publikoa berreskuratu, ikasle kopuruak inbertsio-mailaren gainetik hazten jarraitzen baitu.

Ikerketa horretan nabarmendu behar da itunpeko hezkuntza pribatuaren finantziazio publikoa aurtengo igoeraren erdia izan dela, aurreko ekitaldikoa baino %11 handiagoa. Bere burua aurrerakoitzat duen gobernu baten intentzioen adierazle garbia, ustez hezkuntza sistema publikoa eta segregatu gabea bermatzen duena; baina, jaiotza-tasa jaitsi eta matrikula handitu den unean baliabideak bideratzean, diru-sarrera handiagoak ematen dizkie ikastetxe erlijiosoei, kontserbadoreei eta erabat segregatuei. Oso garesti ateratzen ari zaigu ikasleak onartzeko dekretu berria.

Gainera, Nafarroak 2020an baino 200 milioi gehiago ordainduko dizkio Estatuari, zor publikoa handitu egin delako 2008ko finantza-iruzurretik, eta zor guztiaren kargu egitera behartzen gaituen hitzarmenagatik, zor hori sortu duten arrazoiak bereizi gabe. 2023an, estatuaren zor publikoaren 450 milioi ordainduko ditugu, horri gehituta amortizazioari dagozkion 440 milioi eta itzaleko bidesarien 100 milioi, guztira 1.000 milioi euro Nafarroak onurarik aterako ez dion zorra ordaintzeko.

Mikro mailan, irakaskuntzan sartzeko baldintzak etengabe ugaritu dira azken hamarkada honetan, baina lan-errentatik eratorritako ordainsariak ez dira igo ez sarrera-eskakizunekin ez biziaren kostuarekin bat etorriz, ez erosketa-produktuekin, ez bizitzarako oinarrizko ondasun eta zerbitzuekin (etxebizitza, argia eta kalefakzioa).

Panorama horren aurrean, Steilasek hezkuntzara eta beketara bideratutako baliabide publikoak handitzea eskatzen du, BPGaren %6raino, Suedia, Belgika eta Danimarka bezalako ereduetara hurbiltzeko. Gobernuari leporatzen diogu hezkuntza-enpresa pribatuei zuzendutako finantziazioa igo izana. Gainera, iruzurtia den ikastetxea aukeratzeko askatasun faltsua hauspotzen dute, eta hezkuntza sistema dualizatzen dute bi errealitate paralelotan, ondorioa jendarte segregatu bat delarik.

Hezkuntzak jendartearentzat duen lehentasunaren araberako inbertsiorik gabe, ratioen beherakada, interinitate tasaren jaitsiera, irakasleen erretiro-baldintzen duintzea, haur-eskolen publifikazio erreala, hezkuntza-inklusiorako partiden finkapena eta 2018ko Hezkuntza Itunetik oraindik betetzeke dauden beste hainbat neurri ikusi gabe jarraituko dugu. Exijitzen dugu sistema publikoa finkatzeko behar adina aurrekontu eta horretarako behar diren politika fiskalak martxan jartzea. Exijitzen dugu sistema anitz eta berdintzaile, duin eta indartsu baten aldeko apustua eta hori materializatzeko politikak, Haur Hezkuntzatik Unibertsitateraino; behingoz, soilik jendartearen zati batek ordain dezakeen sare itundu-pribatuaren pribilegioekin bukatuko duena.