Nagore BELASTEGI
DONOSTIA

Trasteak, kutxak eta bat egiten duten bi istorio

Maialen Lujanbiok idatzi du testua eta Arrate Rodriguezek sortu ditu ilustrazioak, euskal emakume artisten lana ezagutarazten duen Bagara bildumaren ale berrian. Rosa Valverde donostiarraz arduratu dira hirugarren album honetan.

Arrate Rodriguez eta Maialen Lujanbio elkarlanean aritu dira albuma sortzeko.
Arrate Rodriguez eta Maialen Lujanbio elkarlanean aritu dira albuma sortzeko. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Rosa Valverde (Donostia, 1953 - Azkaine, 2015) da Pamielaren Bagara bildumako ale berriko protagonista, Maialen Lujanbioren eta Arrate Rodriguezen begietan islaturik. “Traste arrunten barruan, zuk zer ikusten duzu? Rosa Valderde eta kutxak” liburuak amaieran bat egiten duten bi ildo ditu, artista plastikoaren lanean oinarrituta.

Izan ere, Bagara bildumak euskal historiako emakume artistak ezagutaraztea du helburu, baina biografia edo dibulgazio forma hartu beharrean, album ilustratuak biltzen ditu, egileen esku gelditzen direnak. Hala, kasu honetan, Valverderen kutxen sorta izan dute buruan, gerora irudimena askatu eta euren istorioa sortzeko.

Lujanbiorentzat mota honetako lehen liburua da, eta «polita» izan dela aitortu zuen atzoko aurkezpenean. Berak azaldu zuen ezkerreko orrialdetan istorio bat kontatzen dela, eta eskuinekoetan beste bat. Lujanbiok azaldutakoaren arabera, erabilerei eta erabilera berriei. buruz gogoeta proposatzen digute, eta bestetik kutxa bati dagokion proposamena egiten dute, sormena pizten duen joko artistiko batean.

Rodriguezek aitortu zuen album ilustratu bat egiten duen bakoitzean, eta oraingoan ere bai, sufrimendua eta plazera sentitzen dituela. Baina «emaitzarekin zoriontsu» dagoela esan zuen. «Maialenekin lan egitea mundiala izan da, oso erraza», aipatu zuen, adieraziz elkarlanean aritu zirela.

«Rosa Valverde mundu oso aberatsa zeukan pertsona zela iruditzen zait», esan zuen omendutako artistari buruz. Era berean, beraiek sortutako lanari esker, «aipatzen diren trasteei bizitza eman» diotela uste duela adierazi zuen.

Garazi Ansa eta Haizea Barcenilla dira Bagara saileko zuzendariak, eta haiek kontatu zuten liburuetan parte hartzeko ilustratzaileak hautatzerakoan bi artisten artean nolabaiteko harremana bilatzen dutela. Beraz, Valverderen zerbait ikusten dute Rodriguezen lanean.

Hirugarren alea

Rosa Valverderi buruzko albuma Bagara bildumako hirugarren alea da. Saila sortzerakoan, Ansak eta Barcenillak pentsatu zuten polita izango zela haurrei zuzendutako lanak sortzea, haiengandik abiatu eta emakume artisten lanak ezagutzera ematea. Hala ere, argi dute helduek ere gozatzeko modukoak direla liburuak.

Bagara bildumaren etorkizuna zehazki zein izango den ez dakite, baina momentuz zabalik dago aurrerantzean euskal emakume artista gehiagoren inguruan albumak sortzen jarraitzeko.