Andoni TOLOSA
Musikaria

Txikikeriak (III)

Gu erabat ohituta gaude, baina garai batean, ez hain aspaldi, eztabaida bizia zegoen eszenatokiaren inguruan. Oholtzaren funtzio-bikoiztasuna zegoen eztabaidaren funtsean: alde batetik, artistaren lana nabarmentzeko ezinbestekoa bihurtu zen, horrek entzulearen “esperientzia” hobetuko zuelako. Baina, bestetik, ederki markatzen zuen artistaren eta entzulearen arteko distantzia.

Kontuan hartu, pertsonontzat altuera dela, ezberdintasunak neurtzeko moduen artean, salba-ezinena, kategorikoena... Goitik ala behetik begiratu, goian ala behean egon, zein altueraraino iritsi, zein zuloraino jaitsi... Galdera da; nori egiten dio mesede tranpaldoak? Ikusleari ala emaileari? Hori zen finean, kontrakultura garaian, hainbatek zalantzan jartzen zuten ideia. Haien ustez, antzeztokiak artista publikoarengandik urrutiratzen zuen, eta ikus-entzule pasibo izatera kondenatu.

Argi dago nork irabazi zuen eztabaida; gaur egun, adibidez, eszenatokiaren tamaina eta altuerarekin neurtu daiteke norainokoa den bertan agertuko denaren arrakasta. Ezin ahaztu, era berean, azken hamarkadetan izandako hobekuntzek, hobetu egin dituztela musikarien lan-baldintza fisikoak; batez ere, plazaz plaza ibiltzen direnenak; traktorefrontoikoskaldamioetan zaildutako jendea. Baina uste dut kalearen eta artearen arteko harresi ere bilakatu dela. Izugarri miresten ditut jendearen artean aritzeko ausardia duten musikariak.