Urtzi URRUTIKOETXEA
AEB-EN EGOERARI BURUZKO DISKURTSOA

Bidenek bere politika defendatuz 2024ko hautagaitzarako urratsa egin berri du

Ameriketako Estatu Batuetako Ordezkarien Ganbera Alderdi Errepublikanoaren kontrolpera igaro denean, Joe Bidenek Batasunaren Egoerari buruzko hitzaldia eman zuen astearte gauean Kongresuan. Txina estu hartzeaz gainera, Etxe Zuriaren neurri ekonomikoak defendatu zituen eta argi utzi zuen bigarren agintaldi bat nahi duela.

(Andrew CABALLERO-REYNOLDS | AFP)

Presidentea denetik bigarrenez, Joe Bidenek AEBetako Kongresuari bere jardunaren berri eman zion Batasunaren Egoerari buruzko hitzaldian. Lortutakoaren balantze positiboa agertzea eta egin asmo dituen proposamenez limurtzea izan ohi da horrelako agerraldien funtzioa. Aurtengo saioak bestelako ikusmina zekarren, orain errepublikanoak Ordezkarien Ganberan nagusi izateaz gainera, eskuinean oso muturrean dauden eta trumpismoaren zabarkeriaz diharduten dozenaka kongresista baitaude legealdi berrian.

Botere harremanen aldaketa diskurtsoaren atzeko irudiak ematen zuen: presidenteak Ganberetako buruak izaten ditu eskuin-ezker. Kamala Harris presidenteordea da Senatuaren kasuan, baina Ordezkarien Ganberan Nancy Pelosi demokrataren ordez Kevin McCartney errepublikanoa dago orain; ia Bidenen hitzei bezainbat erreparatu zaio azken orduotan Speaker-aren erreakzioei: presidentearekiko errespetua erakutsi behar zuen, baina oposizioan dagoela ezkutatu gabe. Bere alderdikideetan ultrenak dituztenek txistu eta oihu egin zuten behin baino gehiagotan, McCarthyk isilarazteko ahalegin handirik egin gabe. Baina Bidenek irribarrez jarraitu zuen diskurtsoaren zati handiena. Ez zaio kalterako oposizio errepublikanoa edukazio txarreko haurren gisa agertzea. Diskurtsoan gehien errepikatu zuen leloetako batek errepublikanoen elkarlanari dei egiten zion (amaitu dezagun lana), baina hauteskunde tonuan ere uler daiteke: hasitakoa amaitzeko beste lau urte behar dituela aldarrikatzen ari da Biden. 80 ditu, eta 82 lituzke balizko bigarren agintaldia hasterako. Errepublikanoek erantzuna emateko aukeratu zuten ordezkariak, Sarah Huckabee Sanders Arkansasko gobernadore eta Donald Trumpen bozeramaile ohiak, Biden kritikatzeaz gain, bi alderdiei dei egin zien belaunaldi berriei leku egiteko… hau da, ez Trump ez Biden ez daitezela aurkeztu 2024ko bozetan.

Bidenek ez du entusiasmo handirik pizten oinarri demokratetan, eta herritarren aldartean ere ez da nabari azken bi urteotan egindako apustu ekonomikoen ondorena: ia 100 urtean azpiegituretan izan diren inbertsiorik garrantzitsuenak ari dira ekonomiatik tiraka, inflazioa apaltzen doa eta langabezia ia anekdotikoa da. Datu horiekin, errepublikanoek ere ezetzik esaterik ez duten argudioen bila jo zuen Bidenek.

Protekzionismoa

Etxekoentzako mezua da Batasunaren Egoeraren diskurtsoa eta etxeko gaiak dira nagusi. Baina iaz Ukraina ezinbestean aipatu behar izan zuen legez, Txinako globoarekin gertatutakoari ere leku egin zion Bidenek hitzaldian, AEBek bere subiranotasunaren alde egingo dutela azpimarratuz. Txinaren aurreko diskurtso protekzionista eta estatubatuarrak horrenbeste berotzen dituen animo-oihu patriotikoak («munduan ez dago ezer AEBek egin ezin duenik», «erorita ere altxatzen dakien herria gara») sartu zituen hitzaldian, errepublikanoek ere uko egiterik ez zuten argudioetara lerratuz.

Ganberako ikusleen artean ordezkaritza zabala zegoen. Tartean ziren Memphisen polizien indarkeriak hildako Tyre Nichols 29 urteko afroamerikarraren gurasoak, baita Kaliforniako Monterey Parkeko sarraskian hamaika lagun hil zituen pertsona desarmatzea lortu zuen Brandon Tsay ere. Poliziaren erreforma eta armen automatikoen kontrolerako legedia eskatzeko baliatu zuen Bidenek gonbidatu horien presentzia. Orain artean egiterik izan ez duena, ordea, nekez egingo du errepublikanoek Ordezkarien Ganberako gehiengoa duten legealdian. Era berean, agintaldi erdiko kanpainako gai garrantzitsuenetakoa izan arren, Bidenek hitz gutxi batzuk baino ez zituen esan abortuari buruz. Kongresuak abortu eskubidea kodetu behar zuela adierazi eta bere Administrazioak ahal duen guztia egiten diharduela erantsi zuen, zehaztasun gehiago eman gabe.

Errepublikanoen noizbehinkako txistuei irribarrez erantzun zien Bidenek, azken zatian giroa berotu zen arte. Zorraren muga handitu beharra gogorarazi zien errepublikanoei, eta euretako batzuei «nazioaren fakturekin suaz jolasean» ibiltzea leporatu zien. Txistuen aurrean ez zen kikildu: «Aberatsei dagokien zatia ordainarazi ordez, errepublikano batzuek Medicare eta Gizarte Segurantza apaldu nahi dituzte». Marjorie Taylor Greene kongresista ultrak «gezurti» deitu zion oihuka. 73 minutu iraun zuen diskurtsoko unerik beroenetakoa izan zen. Bigarren agintaldiaren bila doala ofizial egitea baino ez zaio falta Bideni.