GARA
MADRIL

Espainiar Kongresuak Melillako sarraskiagatik Marlaska gaitzetsi du

Espainiar Kongresuak Grande-Marlaska gaitzetsi du «sentsibilitate faltagatik, informazioa ezkutatzeagatik, emandako datu faltsuengatik eta Parlamentuan esandako gezurrengatik» Melillan ekainean izandako gertakarien harira, non dozenaka pertsona zendu ziren.

Fernando Grande-Marlaska, abenduaren 26an Albaceten ateratako argazki batean.
Fernando Grande-Marlaska, abenduaren 26an Albaceten ateratako argazki batean. (Cristina QUICLER | AFP)

Espainiar Kongresuak Fernando Grande-Marlaska, Barne ministroa, gaitzetsi zuen atzo, 2022ko ekainean Melillan izandako sarraskiaren kudeaketan «gezurrak» esan zituelako. Bertan lan egiten duten gobernuz kanpoko erakundeen arabera, 40 hildako daude konfirmatuta eta 70 inguru «desagertutzat» eman dira.

PPk bultzatutako gaitzespena Voxen eta Cs-ren botoekin atera zen aurrera, baina baita ERC eta Junts alderdi independentisten babesarekin ere. EAJk eta EH Bilduk uko egin zioten ministroa «salbatzeari» eta abstentziora jo zuten.

Zehazki, aldeko 173 botorekin, kontrako 160rekin eta 15 abstentziorekin onartu zen mozioa. PPrekin bat egin zuten Vox, Cs, ERC, Junts, CUP, BNG, PRC, Foro Asturias eta Carlos Garcia Adanero eta Sergio Sayas UPNtik kanporatutako diputatuek. EAJ, EH Bildu, Koalizio Kanariarra eta Compromis abstenitu egin ziren. Mas Pais-Equok eta Teruel Existek kontra bozkatu dute, UPrekin eta PSOErekin batera.

Kongresuak ministroa gaitzetsi zuen «sentsibilitate faltagatik, informazioa ezkutatzeagatik, emandako datu faltsuengatik eta Parlamentuan esandako gezurrengatik».

Gazte sudandar bati asiloa emateko laguntza

Horrez gain, Basir gazte sudandarra Marokotik ekartzeko eskatu zuten. Gazte hori ekainaren 24ko gertaeretan izan zen eta asiloa eskatu du espainiar kontsulatuan, Sudanen kristaua izateagatik espetxeratu dezaketela argudiatuta.

Mozioaren defentsan, Fernando Gutierrez Diaz de Ortazu PPko diputatuak bere gain «erantzukizunik ez hartzea» leporatu zion Gobernuari eta Grande-Marlaskari «Estatuko Segurtasun Indarrek aurre egin behar dioten giza baliabide eta baliabide material falta» aurpegiratu zion, fokua Melillan jarrita.

ERCk, Juntsek eta CUPek «gezurrak» leporatu zizkioten ministroari, «azalpenik eman ez izana», eta ziurtatu zuten Melillan gertatutakoak «zuzenbidezko Estatu batean Barne ministro bat berehala kargutik kentzea» ekarriko lukeela.

UPek PPri aurpegiratu zion ez zuela erantzukizunik hartu 2014an Tarajalen izandako tragediagatik, eta PSOEk «eskandalutzat» jo zuen independentistek PPko idatziari emandako babesa «beren buloa eta gezurra erosiz».