EDITORIALA

Gizagabetasunaren Richter eskala

Hondamendiaren benetako neurria oraindik azaleratzen ari bada ere, Turkia eta Siria astindu dituen lurrikara azken hamarkadetako hilgarrienetakoa izan da. 7,5 milioi tona TNT lehergaien eztanda baliokidea eragin zuen, gauaren ordu txarrenean, urte sasoi okerrenean. Jendea etxeetan lo harrapatu zuen, negu gorriaren erdian. Lerrook idazteko unean 30.000 gora dira hildakoak, ehun milatik gora zaurituak, milioika etxegabetuak, gutxienez 23 milioi kaltetuak. Ordutik ordura, hondakinetan jendea bizirik erreskatatzeko esperantza itzali ahala, tragediaren zenbaki gordinak goraka doaz. Adituek iragarritakoa eta naturan jatorria izan arren, hondamendiaren ondorioetan lurrikarari datxekion indarra bezain erabakigarriak dira gertatu baino lehen eta geroko gizakien ekintzak. Jende pobre eta zaurgarria kaltetuagoa da.

Lurrikaretan heriotza asko adreilu eta harri-hormen erorketek eragindakoak dira. Turkian milioika jende bizi da astindu sismiko batek eraitsi ditzakeen egituretan. Sirian egoera are okerragoa da, 11 urteko gerrak eraikuntzarako arauak beteezin egin dituelako. Eskura zutenarekin altxatu dituztelako bonbardaketak kaltetutako eraikin asko. Orain laguntza eta atentzio guztia bigarren mailako ondorioak mugatzera bideratu beharko litzateke: seneamendu egokia hornitzera, bizirik atera direnak izoztuta ez hiltzera... Ez da erraza, ordea. Turkian, agian, errazagoa; baina gerrak odolustua eta zigor ekonomikoen biktima den Sirian zailagoa da. Bizitzak salbatzeko eta herrialdea berreraikitzeko laguntza bideratzerakoan kalkulu politikoa gizatasun minimoaren gainetik dagoelako.

Bilaketa eta erreskate lanek gorpuen berreskuratzea geldoa eta tristea bilakatu ahala, izenburuetatik desagertzen ari da. Garrantzi handiagoa ei du kaki kolorez jantzitako presidenteak Europan egin duen bidaiak, urgentzia gehiago dute haren eskaerek. Milaka milioi euroko armak emango dizkio Europak, milioi eskas batzuetako laguntza humanitarioa Turkiari. Eta Siriari, hutsaren hurrengoa. Hori da Edengo lorategia dela eta mundua arriskuez betetako oihana esan duen Europaren neurria. Hori, bere gizagabetasunaren Richter eskala.